‘Hondotik ondora’ itsas ondarearen inguruko jardunaldiak

2013/03/13 Itsas ondarea
Martxoaren 14a eta apirilaren 25a bitartean Pasaian eta Donostian burutuko diren jardunaldi hauetan itsas ondarea balioan jarri eta ezagutzera emateko hitzaldiak, bisita gidatuak eta liburu aurkezpenak eskainiko dira, guztiak doan.

Martxoaren 14an, San Pedroko udal aretoan, arratsaldeko 19:30etan, Michael Barkham Parks Canada erakundearen aholkulari eta kolaboratzaileak La ruta a Terranova: Pesquerías vascas en Canada, siglo XVI (gaztelaniaz) hitzaldia eskainiko du. Hitzaldi bera Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean emango du apirilaren 15ean, arratsaldeko 19:30etan.

Martxoaren 21ean, Trintxerpeko alkateordetzan, arratsaldeko 19:30etan, Aurkene Alzuak Kultur ondarearen funtzio sozialak (euskaraz eta gaztelaniaz) hitzaldia eskainiko du. Alzua CICtourGUNE Turismoaren alorreko Ikerketa Kooperatiboko Zentroko zuzendari nagusia da.

Apirileko lehen astean Pasaiako badian barrena bisita gidatuak egingo dira motoran, 4ean euskaraz eta 5ean gaztelaniaz. Hitzordua goizeko 11:00etan izango da Arizabalo jauregiaren atarian, Donibanen. Jarduera honetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea 943 004 330 telefonoa edo pasaiakobadia@ereiten.com posta elektronikoaren bidez.

Ondorengo astean, Pasaiaren historian eta pasaiatarren memorian pisu handia izan duen Luzuriaga ontziolaren inguruko liburua aurkeztuko da Antxoko kultur etxean. Apirilaren 18an, arratsaldeko 19:30etan izango da aurkezpena eta hurrengo egunean Donostiako Udal Liburutegian ere egingo da, goizeko 10:30etan. Koldo Izagirre idazle pasaiatarrak ontziolako langile ohien testigantzak jaso ditu Luzuriaga: Voz y vida obrera. Hogeita bost lekukotasun liburuan.

Hitzaldiekin jarraiki, Iago Irixoa adituak Pasaia-Bristol: harreman ezezaguna (euskaraz) hitzaldia eskainiko du. Apirilaren 24an izango da, Donibaneko Arizabalo jauregian, 19:30etan. Irixoak Pasaiako badiaren eta Erdi Aroaren arteko loturak jorratu ditu eta badia honetako biztanleek Europan zehar sortutako amaraun komertziala ekarri du azalera. Sare komertzial horren osagaiak izango ditu hizpide hitzaldian.

Amaitzeko, apirilaren 25ean, Pasaia Atlantikoa: itsas ondarea Pasaiako badian liburua aurkeztuko du David Zapirain Deustuko Unibertsitatean doktorek eta Sorginarri bildumaren arduradunak. Jarduera arratsaldeko 19:30etan izango da Trintxerpeko alkateordetzan. Liburu hau Pasaiako historia eta ondarea ezagutzera ematen dituen Sorginarri bildumako 8. zenbakia da.

 

Batela Igartubeitin