Altzaporru, Basherri talde berria Urola Garaian

2011/12/23 Baserria
Martxoko post-etako batean baratzeko elikagaiak bitartekorik gabe kontsumitzeko aukera eskaintzen duten Basherri taldeaz hitzegin genizuen, oraingoan, Urola Garaian, Altzaporru taldea sortu dela eta, albiste pozgarriarekin gatoz.

Gabonetako garai kontsumistari aurre egiteko proposamen jasangarri bati buruz arituko gara oraingoan. Altzaporru, Urola Garaiko Basherri talde berria sortu dela hain zuzen.

Talde berri honetako ekoizlea, Gorka Sasieta, oso ezaguna da Igartubetin, bertan zuzentzen dituelako urtero Sagardo Astean antolatzen ditugun sagar prentsaketak.

Taldearen helburua da bertako produktuak kontsumitzea, baserritarrei zuzenean erosita, bitartekaririk gabe, honek dakartzan onura guztiekin: bitartekaririk ez dagoenez, komertzio juxtuagoa da, eta bertako produktuak direnez, garraio eta energia kostu handia aurrezten da. Beste helburu garrantzitsu bat kontsumitzaileek produktuak nola ekoizten diren ezagutzea da. Bisitak egiten dira baserrietara baratzak eta bestelako ekoizpenak ezagutzeko, eta tarteka auzolanak ere bai, baserritarraren eta kontsumitzailearen arteko hurbilketa sustatzeko. Bestetik, erabaki asko taldean hartzen dira, baratzean zer eta nola landatu behar den, esaterako. Baratzak modu ekologikoan lantzen dira, bi helburu nagusirekin: kontsumitzaileak pestizida eta bestelakorik gabeko produktu osasuntsuak kontsumitzea, eta lurra zaintzea, ekoizpen eredua jasangarria izan dadin.

Altxaporru taldean 10 euroko 20 otar banatzen ari dira astean. Aurrera begira, taldea haztea espero da, eta udaberrira begira, otar gehiago banatzea. Asteroko saskian garaian garaiko produktuak jasoko ditu kontsumitzaileak. Udaberrian, esaterako, ilarrak, babak, baratzuri freskoak, tipula edo letxugak; udan, piperrak, lekak, letxugak, tomateak, kalabazinak, berenjenak edo azelgak; neguan, berriz, aza mota desberdinak, porruak, azenarioak, erremolatxa, borrajak, espinakak, eskarolak edo kalabaza. Badira, horrez gain, “ganbarakoak” deitzen zaien beste barazki batzuk, urte osoan eskuragarri izango direnak: indaba, patata edo tipula, besteak beste.

Aurrera begira, berriz, bestelako produktuak ere banatuko dira, baserrikoak,denak ere: arraultzak, gazta, ogia, eztia, sagardoa, esnea, fruta....

Gorkak baratza hazi du, 3.500 m² ditu orain eta Pirenaika arrazako larre behiak aurrerako uzten ari da. Larreak hazi eta buru gehiago jartzea da Sasietaren asmoa. Horrela, pentsu ekologikoz txahalak gizendu eta haragia zuzenean saltzeko aukera lantzen ari da. Modu horretan, ganaduaren eta baratzaren arteko oreka lortuko luke, etxeko simaurra ongarritarako erabiliz. Horrela, ziklo energetikoa itxiko litzateke, nekazaritza biodinamikoaren printzipioak betez eta bioaniztasuna eta jasangarritasuna uztartuz.

Baratza tailerra700