"Areago. Istorioak belarrietara" V. Kontakizun Laburren Lehiaketa

2019/04/23
Igartubeiti Museoak eta Kutxa Ekoguneak “Istorioak belarrietara” kontakizun laburren V. edizioaren deialdia egiten dute. Deialdi honek idazketa euskaraz sustatzea eta zabaltzea du helburu, honakoan haur ipuinen generoa bereziki bultzatuz. Gainera, egitasmo honek kultur ondarearen inguruko lan modu berriak zabaldu eta parte hartze zein esperimentazio gune berriak sortzea du xede.

2019ko deialdirako aukeratutako gaia baserria eta paisaia da. Aurkezten diren kontakizunek gai hau jorratu beharko dute. 

Baserria bere inguruko paisaiaren zati da, are gehiago, ingurune hori horrela izatearen eragile ere bada. Izenak berak ere halaxe dio: “baserria = basoko herria”. Baserriak, eta mende luzez bertan egin den bizimoduak lotura zuzena izan dute bere inguruko paisaiarekin. Bere bizimoduaren oinarria izan baita. Naturaren zikloetan oinarrituz, baserriko lanen bitartez baserriak inguratzen duen eremu natural horri forma, izena eta izana eman dizkio, gizakia eta naturaren arteko sare sendoak eraikiz. Hau da, gaur gure bazterretan dauden larre, pinudi, garo-sail, sagasti, harizti eta abarren atzean gizakiaren eskua dago, baserria dago, baserritarra dago.

Gizartea aldatu ahala, baserriak bere bizimoduan bertan ere eraldaketa nabarmena jasan du, industria, nekazaritza eredu berriak, azpiegitura berri (garraiobide sare berriak) eta teknologia berrietara egokituz eta hauekin bizitzen ikasiz, honela gaurko paisaia berriak sortuz.

Hala eta guztiz ere, etorkizuneko paisaiari begira, baserriak gizakiaren eta natur-paisaiaren arteko ezinbesteko zubia izaten jarraitzen du. Eta mendeetan zehar baserrietan bilduriko jakintza guzti hori gaur egun gure herri eta hiri inguruneetan dauden baratze ekologikoetan ikus dezakegu, ingurunearekiko jarduera jasangarri modura. Beraz, hortxe dauzkagu gure baserri zaharren aztarnak gaurko paisaia berrietan. Hauek dira, besteak beste, lehiaketako kontakizunetan jorratu daitezkeen arloetako batzuk. 

Kontakizunak euskeraz idatziak izan behar dute, 8-12 urte bitarteko haurrei zuzenduak eta gutxienezko 2 orritako eta gehienezko 3 orritako luzapena izatea. (1.000 hitz gutxigorabehera)

Hiru sari banatuko dira: lehen saria 450 €, bigarrena 250 € eta hirugarrena nekazaletxe batean egonaldia.

Kontakizunen jasotze epea 2019ko ekainaren 14an amaituko da.

Parte hartzeko beharrezkoa den dokumentazioa posta elektronikoz (igartubeiti@gipuzkoa.eus) edo arruntez bidali daiteke 2019ko ekainak 14ko 19:00ak baino lehen, ondorengo helbidera:

Igartubeiti Baserri Museoa
Ezkio bidea 1. Km
20709 Ezkio (Gipuzkoa)

Balorazio Batzordearen azken erabakia 2019ko apirilaren 29tik aurrera jakinaraziko da.
Interesatuek edozein zalantzaren aurrean honako kontaktura jo dezakete: igartubeiti@gipuzkoa.eus.

Igartubeiti Baserri Museoak euskal baserriaren historia, bilakaera eta bertan bizi izan ziren biztanleen eguneroko bizimodua hurbiltzea du helburu, baliabide hauen bitartez: baserria bera, interpretazio zentroa eta baratz ekologikoa.
Balio kultural, historiko, antropologiko eta arkitektoniko multzo bat biltzen, babesten eta hedatzen du. Balio multzo honek euskal ondarearen elementu nagusi bihurtzen dute, hala nola, bikain mantendutako jatorrizko egurrezko egitura eta barruan duen sagardo dolarea. Horretarako, euskal kultur ondarearekin eta baserri munduarekin erlazionatutako aisialdi jarduerak antolatzen ditu.

Kutxa Ekogunea etorkizun jasangarriago bat lortzeko makina bat ideia proposatzen dituen parkea da. Kutxa Fundazioak bultzatuta, bere misioa kontzientziaziotik ekintzara igarotzeko bidea erraztea da, hezkuntza, aisia eta berrikuntzaren bitartez. Aldi berean, herri eta eskualdeetan aliantza bidezko proiektuak sustatzen ditu beste erakundeekin batera jasangarritasunaren sarea josiz, oraingo honetan Igartubeiti Baserri Museoarekin egiten duen moduan.
Nekazaritza arloan proiektu desberdinak gauzatu ditu ekintza propio gisa edota kolaborazioan, hala nola Baratze Parke Sarea, Baratze Eskola, Urrulloko agroaldea, Ekolapiko, Garaiko APP-a, Ingurumen Hezkuntza eta abar.

ISTORIOAK BELARRIETARA DEIALDIA

  • Generoa: Haur ipuina
  • Gaia: Baserria eta paisaia
  • Hizkuntza: Euskara
  • Sariak:

         Lehena: 450 €
         Bigarrena: 250 €
         Hirugarrena: Nekazal etxe batean 2 gauetako egonaldia logela          bikoitzean gosariarekin  (2 pertsonentzat). Iraungitze-data: urte         1.  (Nekatur)

         Hautatutako ipuinen argitalpen ilustratua.

  • Deialdia: 18 urtetik gorako persona guztiei irekia
  • Antolatzaileak: Igartubeiti Baserri Museoa eta Kutxa Ekogunea
  • Jasotze epea: 2019/6/14, 19:00ak baino lehen

Animatu zaitez!

Informazioa eta oinarriak

Izena emateko eskaera

"Areago. Istorioak belarrietara" V. Kontakizun Laburren Lehiaketa

2018ko argitalpena