Egurra, baliabide eraginkorra eta ekologikoa

2012/03/30 Egurra
Igartubeiti bezalako XVI. mendeko baserriak egurrez eraikitzen ziren, gaur egungo etxe ekologikoek ere material hau erabiltzen dute barne isolamendurako egokiena delako, eraginkorra eta ekologikoa gainera.

Jakin berri dugu elektrizitate faktura goruntz egingo duela, gure arbasoek baserrietan ez zuten horrelako arazorik, ezta Vita etxean ere, kontsumitzen duen baino energia gehiago ekoizten duen lehen etxebizitza ekologikoa, Euskal Herrian, Bizkaiko Natxitua herrian dagoena.

XVI. mendeko baserriak, Igartubeiti ere, egurrez eraiki zituzten, egia da garai hartan asko zegoela, ez gaur egun bezala. Egurrak eraikuntzaren barne isolamendua berrindartzen duen materiala da.

Nahiz eta baserrietan leihoak izan, negu partean eta euri garaietan beti itxita izaten zituzten, beroak ihes egiten zuelako. Bestalde, kristala urria eta garestia zenez, liho finezko ehuna jartzen zuten, zurezko marko baten gainean, argizari zuriz ongi iragazkaiztuta, hotzatik babesteko eta argitasuna sartzeko.

Eraikuntzaren orientazioa eguzkiarekiko oso garrantzitsua da. Igartubeitiri dagokionez, ez dago ibaiertzean kokatuta, zelaigune txikitxo batean baizik, haran hondotik laurogei metro inguru gora. Kizkitza mendiaren mazela hau hegoaldera begira dago eta baserriak goiz-goizetik jasotzen du eguzki argiaren berotasuna, zuzenean. Eraikinaren teilatuak berak ur-banatzaile eginkizuna betetzen du bi erreka-sakonen artean.

Vitaetxea zentzu horizontalean dago kokatua, eguzkiaren posizioan. Eraikuntza ekologiko honek eta Igartubeitik badituzte zenbait ezaugarri amankomunean.

Egoin enpresa da etxe ekologiko hau eraiki duena eta bost urte daramatzate eraikuntzarako material jasangarriagoak eta ez kutsagarriak erabiltzen. Natxituako etxe honek kontsumitzen den energia berreskuratzea ahalbidetzen duten panel fotoboltaikoak eta termikoak ditu.

Elektrizitate fakturaren igoeraren aurrean, EEE-k energia aurrezteko proposatzen dizkigun aholkuak jarraitu beharko ditugu.

Igartubeitiko leihoak