"Errenteria-Europa. Harremanak XVI. mendean" jardunaldiak

2014/01/14 Jardunaldia
Hiru hitzaldi izango dira orotara. Hirurak doakoak eta irekiak, Errenteriako Udaletxeko Pleno Aretoan, arratsaldeko 19:00etan, urtarrilaren 14, 15 eta 16an.

Errenteria-Europa. Harremanak XVI. mendean izeneko jardunaldiak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Errenteriako Udalarekin elkarlanean. Bertan XVI. mendean Errenteria eta Europako hainbat zonalderen arteko harremanak emango dira ezagutzera. Hartu eman hori ez zen soilik merkataritzara mugatu; artea eta kulturaren esparrura ere zabaldu zen eta horren erakusle da Errenteriako Jasokundeko parrokian dagoen Ama Birjinaren Koroatzearen erretaula flamenkoa, besteak beste.

Hiru hitzaldi izango dira orotara. Hirurak doakoak eta irekiak, Errenteriako Udaletxeko Pleno Aretoan, arratsaldeko 19:00etan, urtarrilaren 14, 15 eta 16an.

Ama Birjinaren Koroatzearen Erretaula. Errenteriako Jasokundeko Parrokia izeneko liburuaren aurkezpenarekin emango zaie hasiera jardunaldiei. Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondare bilduman argitaratutako liburua da, gure ondare artistikoa ezagutarazteko helburu duena. Argitalpena Maite Barrio eta Ion Berasainek –bi aditu hauek gidatu zituzten 2010 urtean amaitutako erretaularen zaharberritze lanak- zuzendu dute eta nazioarteko zazpi ikertzaileren lanak jasotzen dira bertan. Erretaularen zaharberritze lanetarako egindako ikerketak abiapuntutzat hartuta, Maite Barrio eta Ion Berasain gure portuek Brujas edo Anberesekin zuten salerosketa harreman handiaz, Errenteria eta Flandesen arteko harremanaz eta euskal familia batzuk Flandesen finkatu izanaz mintzatuko dira. Errenteriaren oparotasun garaia izan zen hura eta, oro har, Pasaiako badiarena; izan ere, esportazio eta inportazio gune bilakatu zen. Hori dela eta, salgai horien salerosketa eta joan etorriarekin loturiko arte trukeaz mesedetu zen Pasaiako badia eta bere ingurunea. Hitzaldiaren ostean, erretaula ikusteko bisita egingo da Errenteriako Jasokundeko parrokiara.

Urtarrilaren 15ean, Xabier Martiarena Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare historiko artistikoaren errestauratzaileak hitzaldia eskainiko du Gipuzkoako kostaldean ageri diren XIV.-XVI. mendeetako 18 alabastrozko pieza ingelesen inguruan. Era honetako piezak Europa osora zabaldu ziren mende horietan itsas komertzioaren bidez.

Azkenik, urtarrilaren 16an, Iago Irixoa historiatzaileak Errenteria eta Ingalaterraren arteko harremanez hitz egingo du. Errege Katolikoen garaitik, Gaztelako Koroak Ingalaterrarekiko zituen merkatal harremanak biziki areagotu ziren. Gipuzkoak paper garrantzitsua izan zuen, eta horren lekuko Probintziak Ingalaterrako erregearekin 1482an sinatutako merkataritza-akordioa dugu. Ordutik, eta hamarkada luzeetan zehar, bi herriek lotura sakonak izan zituzten. Errenteriak eta Pasaiako badiak Bristolekin garatuko zuena horren adierazle bikaina da. Hartu-eman hau, gainera, ez zen merkataritza esparrura mugatu; aitzitik, beste hainbat arlotara hedatu zen.

 

Errenteria-Europa. Harremanak XVI. mendean

Pleno Aretoa. Errenteriako Udaletxea. 19:00

  • Urtarrilak 14: Errenteriako Ama Birginaren Koroatzearen erretaula. Ikerketa eta zaharberritzea.
  • Urtarrilak 15: Gipuzkoako alabastro ingelesak. Eskulturak, erliebeak eta zatiak.
  • Urtarrilak 16: Errenteria eta Ingalaterraren arteko harremanak XVI. mendean. 
 
Joanmartines 1570