Gipuzkoako Artzain Eguna irailak 6an Legazpin

2015/08/31
Aurtengo 25. edizioan, Gipuzkoako Artzain Gaztaren Lehiaketa, omenaldiak, dastaketak, erakusketak eta Artzain txakurren lehiaketa ere izango dira, besteak beste.

Gipuzkoako Artzain Egunak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu aurten, bere 25. edizioa.

Eguneko ekitaldi garrantzitsuena Gipuzkoako Artzain Gaztaren Lehiaketa izango da. Urtero moduan, hainbat artzain omenduko dituzte, aurtengoan, Bergarako San Prudentzio auzoko Juan Jose Murgiondo ‘Aierdi’ eta Rosario Belastegi, eta Matximentako Maria Pilar Oiarzabal izan dira aukeratuak.

Ameriketan artzaintzan aritutako euskal artzainen lana ere gogoan hartuko da egun honetan. Aurten hiru artzain omenduko dituzte, orain dela 51 urte, 1964ko irailaren 17an Ameriketarako bidea hartu zuten Gazteluko Felix Sarratea, Zubietako Santi Hualde eta Saldiasko Jose Mitxeo.

Omenaldiez gain, beste zenbait jarduera izango dira goizean zehar, dastaketak, erakusketak eta abar.
Jardunaldia ixteko, arratsaldean, Gipuzkoako 47. Artzain Txakurren Txapelketa burutuko da Urtatzako zelaian.

Lehen aldiz lehiaketa gisa aukeratu da Artzain Eguna iragartzen duen kartela eta Mattin Osinalde legazpiarrak egindakoa aukeratu dute.

Egitaraua:

  • 10:00 Postuen irekiera
  • 10:00-10:45 Gaztak jasotzea
  • 11:00 Gipuzkoako Artzai Gaztaren 31. Lehiaketa
  • 11:00 Gazta dastaketa
  • 11:15 Gaztagintzaren lehena eta oraina
  • 11:30 Sagardo dastaketa
  • 12:00 Gaztetxoen gazta lehiaketa
  • 12:00 Ardi okela gertatzearen Gipuzkoako 25. lehiaketa
  • 12:15 Ardiak mozte erakusketa
  • 12:45 Ardi okela
  • 13:00 Omenaldiak eta sari banaketa

Goizean zehar:

  • Euskal Herriko Ardi Latza arrazako ardi eta ahari erakusketa
  • Artzai Gazta Elkarteko kideen gazta salmenta
  • Sagardo dastatzea
  • Gazte eta helduen Argazki Rally-a. Ikatza taldeak antolatua
  • 14:30 Herri bazkaria. Tokia: Aitxuri jatetxea (txartelak salgai goizean zehar)
  • 17:30 Gipuzkoako 47. Artzain Txakurren Txapelketa. Urtatzako Zelaian
Gipuzkoako Artzain Eguna irailak 6an Legazpin

Ardiak Igartubeiti Baserri Museoan