Igartubeitiko baratzea abenduan

2017/12/05
Honela dio esaera zaharrak: “elur melur, ez nauk/n hire beldur, etxean badiat/ñat arto eta egur”. Bai, abenduarekin batera iritsi zaigu negu sasoia. Zehazki, abenduak 21ean, gure egutegiaren arabera. Hala ere baserria prest egon behar du neguari aurre egiteko. Negua, hotzarekin lotzen dugu ezbairik gabe, baina hortik haratago gure kultur-historia eta ondarearen zenbait misterio eta sinesmen gordetzen ditu, asko eta asko, “xelebrea” badirudi ere argiarekin lotuta daudenak, “Egun-Berriaren” (Eguberri), adierazle. Besteak beste abenduan honako landaketak egin ditzakegu baratzean: marrubia, tipula, eskarola, azalorea, baratxuria, ilarra...

BARATZEA

Baratzeak neguan ez digu lan askorik emango, egin  beharreko lan handienak aurrez egin baditugu behintzat. Izan ere, azken landaketak egin ondoren, negu sasoian lurrari modu batean edo bestean deskantsua eman behar zaio, udaberria datorrenerako indarberritu dadin. 

Hala ere, urteko azken landaketei dagokienean, Igartubeitin tipulina landatu dugu.Tipularen familiakoa, bere propietate berberak ditu, baina dosi txikiagoetan, eta jateko garaian ere xamurragoa da zaporez. Horregatik sukaldariek estimu handia diote. Jatorriari dagokionez, Asiakoa da, Palestina ingurukoa alegia, eta duela milaka urtetatik landatu izan du gizakiak. Landaketari dagokionean, hiru mota daudela esan daiteke: hazia, erraboila edo landarea. Igartubeitin landarea landatu dugu. Udazken eta neguan landatzen da. Hala ere, komeni da negu hasiera aldean landatzea, lehenengo izotz eta elurteak etorri baino lehenago. Porruarekin bezala, lurrean errenkada bat ireki behar da aitzurrarekin, eta bertan zabaldu landareak, batetik bestera 15cm-ko tartetxoa utziz. Ur piska bat bota eta ondoren lurrarekin tapatu. Eguzkiak emango dion tokian jarri behar da, eta lurra beldurrik gabe ongarritutakoa bada hobe. Sukaldean ez ezik, beste zenbait erabilera ere baditu, esaterako, arnasketa arazoentzako edo gibeleko gaixotasunentzako sendagai bezala. 

Igartubeitin landatutako tipulina

Garai honetan, bada landatu edo erein daitekeen beste landare bat, Ilarra. Duela mila urtetik kontsumitu izan da Europan, eta gaur egun tamaina ezberdineko Ilar-landareak aurki ditzazkegu, txikiak, luzexkak, ertainak… Kontutan hartu behar duguna da, ilarra landare igokaria dela eta beti jarri beharko diogula euskarriren bat. Normalean, sarezko estrukturak erabiltzen dira, landarea bertan kiribildu dadin. Ilarra, normalean hazia ereiten da, errenkada luzeetan. Errenkada batetik bestera 70 bat zentimetro utzi, landarea asko zabaltzen baita. Landarea hazten denerako komenigarria da sarezko euskarria jarrita izatea, bertan kiribiltzen joateko. Hala ere, beti komeni da sokatxoren batekin edo landarea lotzea. Ilarra negurako landare bikaina da. Izan ere klima epeleko landarea den arren, hotza zein hezetasuna gustuko ditu, -6C-tan omen dago bere muga. Beste alde batetik, simaurrarekin kontuz ibili behar da, zeren eta lekaduna denez, berak jada badu nahikoa nitrogeno, eta ondorioz ez du simaurketa handirik behar. Gainera, bere nitrogenoa lurrean geldituko denez, eremu horretan ez landatu pixka batean lekadunik, eta horren ordez nitrogenoa xurgatuko duten hostodun barazkiak landatu bertan. Gutxi gora behera, udaberri aldera ilarraren uzta jasotzeko moduan izango gara. 

Baina baratzeko lana ez da soilik landatzea eta uzta jasotzea. Hori dela eta gure inguruko elementuen berri jakitea ezinbestekoa dugu, nekazariek eta baserritarrek egin izan duten naturaren behaketa alegia, ingurunea zein garaitan dagoen jakiteko. Eta horien artean lurra dugu. Izan ere, neguak ez dio soilik gizakiari edo animaliei eragiten, baita lurrari ere, eta izaki bizidun bat denez, honek ere bere zaintza behar du. Horregatik, lurra bera osasuntsu egotea lortu behar dugu. Negua, urte sasoi berezia da lurrarentzat, hoztu egiten baita, eta horregatik goxo goxo zaindu beharko dugu udaberrian sasoi betez egon dadin. Eta langintza horretan, Igartubeitin kompostagailu berria eraiki dugu, baratzean eta inguruan sortu dugun hondakin organikoa berrerabili eta lurrarentzako ongarri bilakatzeko. Bi fasetako edo bi zatitako kompostagailu txiki bat eraiki dugu. Lehenengo zati bat beteko dugu, azpialdetik hondakinak ongi desegiten joan daitezen. Hau lortzen dugunean, bigarren zatia betetzen hasiko gara, bestea pixkanaka baratzean zabaltzeko utziz. Honela, lurrari behar duen elikagaiak emango dizkiogu, ondoren landareak ornitzeko mineral bilakatuko dena. Neguan, landatu gabeko lur eremuetan simaurra zabaldu eta lurrari deskantsua eman, edo eta bestela ongarri berdea erein daiteke (zekaleak), lurra ongarrituko dute eta gainera ganaduarentzako bazak lortu ahal izango dira. 

Igartubeitiko Konpostagailu berria

INGURUNEA

Abenduan neguari hasiera eman dio gure inguruneak. Jada Igartubeitiko zuhaitzak hostoa galduz doaz, eta hotzak inguruko landare, lore eta zuhaixkak uzkurtu ditu. Hala ere, badira neguan zehar lagunduko diguten zuhaitz batzuk, aipamen bat edo beste merezi dutenak. Batzuk ganaduaren zaintzarekin dute zerikusia eta besteek berriz neguko ospakizunetako erritualetan dute garrantzia. 

Horietako bat lizarra da. Zergatik duen lizarrak garrantzia neguan, bada ganaduarentzako bazka izango delako ukuiluko egun luzeetan zehar. Izan ere, lizarrak hostoa galdu aurretik, zenbait adar moztu eta lizar-sortak egitea komeni da, erramilete moduko batzuk eta ondoren ganbaran gorde. Negua luzea bada eta jana urritzen bada, badaezpada komeni da lizar sortak izatea larrialdietarako. Baina hortik haratago, lizarrak gure kulturan esangura sinboliko handia duela esan liteke. Hortik esaterako Nafarroako Erresuma garaian garrantzitsua izan zen herri baten izena ere, Lizarra-Estella, edota izen horri lotutako toponimia ugaria: Lizarrate, Lizarraga, Lizarrusti, Lizarralde, Lizardi, Lizartza… Esaten dutenez, lizarra izena izarretik letorke. Kontuak kontu, baserrietan historikoki beti landatu izan ohi da lizarra etxe inguruan, eta berdin artzain etxola inguruetan ere. Izan ere, lizarra tximisten aurkakoa omen da, eta bestetik, sustrai handiak eta luzeak dituenez, ur banatzaile handia da, uholdeak eta lur jauziak eragotziz. Hori dela eta, badaezpada Igartubeiti inguruan hainbat lizar aurkitu daitezke. 

Abenduan, aipatu bezala, ganadua baserriratzeko garaia da,  ikuiluetan babestu dadin neguan zehar. Baina, askotan ikuiluan lekurik ez eta inguruko larreetan uzten dira. Izan ere, antzina, negu sasoian, ganadua zaintzeko lurraren gestio berezi bat zegoen, “herri lurrena” alegia, zeinak baserritar ezberdinei ahalbidetzen zien negu garaietan (eta baita beste urteko beste aldietan ere) ganadua herri inguruetako larreetan ibili zedin. Lurraren eta jabegoaren inguruko gestio berezia zen hau, garaiko ordenantza publiko zehatz bat alegia. Baina denborarekin eta historiako gertaera ezberdinekin (Guda Karlistak eta desamortizazioak, industrializazioa…) galtzen joan dena. Hori dela eta, baserritarrek etxe inguruetako larreak ongi prestatu behar dituzte ganaduarentzako, itxitura egokia eginez. Eta horretarako akazia zuhaitza erabili izan da. Izan ere, zuhaitz honen egurraren ezaugarriak oso egokiak dira hesola edo estakak egiteko. Akaziaren zura oso gogorra da eta ederki asko eusten die bai tenperatura aldaketei eta baita hezetasunari ere. Kanpoko egiturak egiteko ezin hobea da eta ez du tratamendurik behar. Hala baserrietan egur hau erabili izan da langintza honetarako, besteak beste. Hala ere, zuhaitz honen inguruan eztabaidarik ez da falta. Izan ere, batzuek diote zuhaitz inbaditzailea dela. Hala eta guztiz ere, esan liteke, bertaratutako zuhaitza dela eta gainera bertako bizimodu eta paisaia kulturalaren parte dela jadanik. Gainera, erleek ere oso gustuko dute eta polinizazioan laguntzen du, hortik dator “akazia eztia”. 

Amaitzeko, abenduari gabon usaina eman nahi genioke, baserrietan egun hauetan suaren, egurraren eta neguko solstizioaren inguruan egiten zen erritual bat gogora ekarriz. Izan ere, zenbait antropologoren arabera, (Barandiaran, Aranzadi, Leizaola, Satrustegi, Douglas…) “eguberri”, “egun-berri” litzateke, edo are gehiago “eguzki-berri”. Neguko solstizioan, eguzkia bere punturik baxuenera jaisten da, eta hortik berriro goranzko joera hartzen du, berriro ziklo berria hasiz. Lehengo nekazariek eta baserritarrek, ederki asko behatu zituzten eguzkiaren joan etorriak, eta neguko solstizio egunean, erritual berezia egiten zuten. Etxeko sua, eguzkiaren irudia zela sinesten zen, eta beraz eguzkia berritzen zen bezala, etxeko sua ere berritu behar izaten zen, hortik “egun-berri” edo “eguzki-berri”. Hori dela eta gabon gauez su berezi bat piztu behar izaten zen, horretarako bereziki aukeratutako egur tronko zehatz batekin, “subila” edo “sukila” alegia. Su berria pizteko egur zati berezia zenez, izen zehatz bat eman zitzaion, eta ondoren, su-hauts horiekin larrea, soroak, ganadua eta etxea bera bedeinkatzen zen. 

Horra hor, abendua. Suaren epelean neguko freskuraz gozatzeko garaia.

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Baratzean landatuta ditugun landareak estalkiren batekin babestu, izotzak erabat izorratu ez ditzan.

  • Loreontzietan ditugun landareak babesera eraman, estalpe azpiren batera.

  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu aitzurrarekin, urak errazago zirkula dezan.

  • Fruta arboletan ustelduta geratu diren fruituak kendu eta erre. Bestela neguan gaitza zuhaitzean geratzen da eta udaberrian erasoko dio.

  • Lurra lehorra badago, kendutako  zenbait belar txar bertan utzi lurra goxatzeko eta hezetzeko.

  • Lurra babestu eta deskantsatzen utzi. Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe

  • Ongarri berdea erein.

  • Uzta handiak biltzeko azken txanpa: artoa, babarruna...

  • Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi.

  • Garoa biltzen jarraitu, ukuilurako.

  • Neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa...

  • Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da, beldurrik gabe gainera.

  • Ongarri berdea ereiteko garaia (oloa, zekalea…)

  • Azpitarako garoa biltzeko garaia da.

  • Negurako ganaduarentzako bazka bezala zenbait zuhaitzen aldaxkak erabili.

  • Hostoa galtzen ez duten zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko azken aukera. Aproposena ilbeheran (gorostia, erramua, ezpela…)

 

 

Igartubeitiko baratzea abenduan

Igartubeitiko Baratzea Abenduan