Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea martxoan

2018/02/27
Honela dio esaera zaharrak: “martxoaren erdin, gau eta egin berdin”. Zer esan nahi du? Bada, udaberriko ekinozioa hastear dagoela, inguruneko landarediaren izerdia aktibatzen hasiko dela.

BARATZEA

Udaberriak indarra ekarriko die gure baratzeei, beraz, urteko landaketa garrantzitsuenei ekiteko garaia iritsi da. Aurretik nahastu ditugun kare eta ongarriak lurrarekin doi-doi nahastu behar ditugu lehendabizi, landaketak egin aurretik. 

Larrosaren lehen hostoak

Larrosaren lehen hostoak

Zerba edo azelga landatuz has gaitezke. Gaur egun ezagutzen edota kontsumitzen ditugun zerba mota ezberdinen jatorria hauen familiako beste zerba basati batean dute, baita erremolatxak ere. Izatez Mediterraneo aldekoak diren arren, klima hotzagoa eta umelagoa duten lekuetan ere ederki asko etortzen da. Gaur egun barietate edota kolore ugarikoak daude, eta ohikoa bihurtzen ari da lorategietan landatzea ere, kolore ezberdinak lortzeko.
Landare honi ez zaio beroa eta lehorra gustatzen. Ura errez mugituko den lurra behar du eta ongi ongarritutakoa. Eguzkitan jarri baino ureztatu ere egin beharko dugu. Hotzari ez dio batere beldurrik, -14C-ko temperatura aski jasaten baitu. Landaketari dagokionean, lurrean zulotxo bat ireki eta 40cm-ko tartean landatu. Errenkada batetik bestera ere tarte berbera uztea gomendatzen da. Izan ere, hazten denean hostoak asko zabaltzen zaizkio eta lekua hartuko baitu. Hasieran ur ugari bota beharko zaio, eta inguruan hazten diren belarrak kentzea ere komeni da.

Zerba loratuta, 2017ko udaran

Baina udaberriarekin etorriko den leherraldia ez da landareetan soilik gertatuko. Izurrite eta aurkariak ere sasoi honetan iratzarriko dira (barraskiloak, bareak, zorriak…). Beraz hauei aurre egiteko ere prestatu beharko dugu. Ohikoenak hauek dira:

  • Zorria: Espezie ugari dago baina denek modu berean erasotzen diete landareari. Eztena hostoan, txortenean edo kimuan sartzen dute eta landarearen izerdia zurrupatzen dute, hau ihartu arte. Txingurriak erakartzen dituzte gainera. Hauen aurkari natural ezinbestekoa amona mantangorria da, beraz azken hauek ondo zaindu gure inguruetan. Bestalde salbia, erromeroa edo albahaka landatu baratze inguruan zorriak uxatzeko. Eta azkenik asunarekin, baratzuriarekin edo tabako belarrarekin egindako salda banatu zorria duten landareetan, beti ere xaboi pixka bat nahastuz. 
  • Barraskiloa eta barea. Baratzean izango ditugun bisitari lehialenak dira. Hezetasuna maite dute. Landareak jaten dituzte, batez ere txikiak, kalte ugari eraginez. Hauek kontrolatzea zaila da, baian hezetasuna gustukoa dutenez inguruan ditugun gune hezeak zaindu. Bestetik “tranpa” bat jar daiteke. Lurrean zuloa egin eta poto ireki bat jarri garardoz eta urez beteta. Garagardoak erakarrita poto barruan geldituko dira. Edota baratze inguru guztian su-hautsa, errautsa edo txikitutako arrautzak zabaldu, honek azala erretzen baitie. Bestalde usainbelarrak landatzeak ere badu bere eragina.

INGURUNEA

Oraingoan inausketari eskainiko diogu tarte hau.
Martxoan udaberriaren etorrerarekin sasoi ederra da inausketa egiteko, zuhaitzetan aktibatu den izerdiz baliatuz. Inausketan zuhaitzari adarrak moztuko dizkiogu. Noski, mozketa honetan, azken finean zuhaitzari zauria egiten zaio. Zauri hori ondo sendatzea izango da garrantsitsuena, zuhaitzak inongo gaixotasunak harrapatu ez dezan. Horretarako udaberriak zuhaitzetan aktibatu den izerdiaz baliatuko gara. Izan ere, zuhaitzen azalaren azpian doan izerdiak zauria itxi egingo baitu. Neguaren hasieran egin izan bagenu, zuhaitzak izerdirik ez duenez udaberrira arte irekita legoke eta hau arriskutsua da. Gainera mozten ditugun zenbait adar aldaxka gisara landatu ditzakegu. Beraz basoko zuhaitzak inausten, geranio, hortensia, arrosak eta fruta arbola inausten hasi gaitezke, mahatsondoa, sagarrondoa…

Hurritza inausketa egin ondoren 

Azkenik, martxoan zuhaitz eta zuhaixka batzuen landaketekin hasi gaitezke. Beti ere kontutan izan beharko dugu eguraldia, hotz askorik egingo ez duen eguna hautatu. Leku hotzetan hostoa galtzen dutenak landatu. Beste toki epelagoetan berriz hostaila galtzen ez dutenak. Horietako bat esaterako Gorostia dugu. Inguruko mendietan modu basatian azten da, baina baserrietan heskai edo itxitura natural bezala ere erabili izan da. Arantza-arbusto bat dela esan liteke. Izan ere bere hostoak zorrotz zorrotzak dira. Hostoen forma hau bere babes edo defentsa funtzioa da. Abere eta animalia ezberdinek zuhaitzaren hostoak ez joateko urteetan sortu duen defentsa natural bat. Baina goialdeko hostoek ordea ez dute halako arantza edo hortzik, ganadua ez delako hosto horietara iristen. Aldi berean, udara amaiera eta udazken aldera gorostiak fruitu gorrixka bat ematen du, neguan zehar ere irauten duena. Txorien elikaduran garrantzi handia du, neguko jakia baitute. Bere zura oso gogorra da eta horregatik ebanistek asko apreziatzen dute. Berezitasun bezala, bere enborretik lortzen den likidoa hegaztiak ehizatzeko erabili izan da, askotan mugagabe. Honek eragin handia izan du, batez ere ekosisteman egin dezakeen kalterengatik (txorien elikadura esaterako), eta hori dela eta babepean dagoen zuhaixka da.

Gorostiaren hostoa

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Baratzean landatuta ditugun landareak estalkiren batekin babestu, izotzak erabat izorratu ez ditzan.

  • Loreontzietan ditugun landareak babesera eraman, estalpe azpiren batera.

  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu aitzurrarekin, urak errazago zirkula dezan.  

  • Lurra babestu eta deskantsatzen utzi. Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe.

  • Belazeak eta soroak ongarritzeko garaia da, beldurrik gabe gainera.

  • Sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko.

  • Orbel garaia amaitzear da. Bildu konposta egiteko, azpitarako...

  • Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi.

  • Neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa, pentsamendua...

  • Hostoa galtzen  duten zuhaitz, zuhaixka eta abar landatzen hasi. Izotza baldin bada ez egin landaketarik.

  • Hostorik galtzen ez duten zuhaitz eta zuhaixkak landatu.

  • Fruta arboletan ustelduta geratu diren fruituak kendu eta erre. Bestela neguan gaitza zuhaitzean geratzen eta eta udaberrian erasoko dio.

  • Podaketa egin.

  • Podatu ditugun adarrak aldaxkak bezala landatu (geranioa, hortentsia, larrosa…)

Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea martxoan

Igartubeiti Martxoan