IGARTUBEITI OTSAILEAN

2019/02/01
Honela dio otsaileko esaerak: “otsailean lainoa noraino, elurra haraino”. Beraz otsailak ekarriko diguna negu kolorea da, elur forman alegia. Oraindik lasai ibili, eta ez zalapartaka, neguari bere denbora emanez. Hala ere, lurra esnatzen eta landaredia indartzen hasteko lehen oihuak ekarriko dizkigu otsailak, inauteri sasoia izaten da eta pixkanaka lozorrotik esnatu beharko. Antzina otsaileko inauteriek lurra berpiztera zihoanaren deia ekartzen ziguten, ibar eta aranetatik otso eta hartzak uxatuz. Guk batetik lurrari esnatzen lagunduko diogu bere ongarriketarekin jarraituz, eta bestetik fruitu arbolei begira jarriko gara, eta azkenik elurrak ezkutatzen diguna ikusiko dugu.

BARATZEA

Ez ahaztu oraindik neguan gaudela, eta beraz estalita izan beharreko landare eta loreak bere horretan utzi, otsaileko izotz eta elurretatik babestuta. Aldi berean gogoratu neguko izotz eta elurteekin lurraren tenperatura hoztu egiten dela  eta zaindu egin beharko dugula datozen landaketei begira. Simaurra edo luarra lurra gozatzeko eta honen ondoren edo aurretik nahi bezala,  (hiru asteren bueltan) karea, edo errautsa botako dugu. Honekin ongarriketa osatu bat lortuko dugu.

Karea Igartubeitiko baratzean

Baina, honetaz gain, otsaila gure sukaldeetako erregina den hori landatzeko garaia da: tipula.  Otsailean landatzen da, lurrari itsatsiko zaio eta udara arte hazi eta hazi jardungo du. Tipularen jatorriari dagokionez, ikerketen arabera, Ekialde Hurbileko landare bat litzateke (Mesopotamia, Egipto…) jatorriz eta bere erabileraren aztarnarik zaharrenak duela 5 mila urte baino gehiagokoak dira. Esaterako Egipto zaharrean estimu handiko landare eta produktua zen eta Piramideetako langileen dietaren oinarria zen, porrua eta baratxuriarekin batera. Gerora greziar zibilizazioarekin mediterraneora zabaldu zen eta Euskal Herrira berriz erromatarren eskutik etorri zen, duela bi mila urte baino gehiago.

Tipula erraboila edo bulbo batetik sortzen da, bai sustraiak eta baita bere hostaila guztia ere. Sustraiek lurretik hartutako elikagaiekin, tipulak erreserbak sortuko ditu eta azpiko aldean gizendu eta handitu egingo da. Gero udaberritik aurrera luzatzen hasiko da eta udara aldean garatu egingo da, loreak sortuz. Hazitarako nahi bada utzi, baina bestela ez diogu garatzen utziko eta  horretarako hostoak zanpatu eta tolestu beharko ditugu. Jateko erabiliko duguna hazten edo loditzen den buru hori da. Hala ere tipulak ez du nahi inork jan dezan eta bere burua babesteko mozten dugunean gas bat sortzen du, negarra sortarazten diguna.

Landaketari dagokionean, tipulari lur harroa gustzen zaio, baina ez harrotu berria, eta aldi berean ongi ongarrituta dagoena. Batetik simaurra, ongi eginda dagoena, eta batez ere kare zalea da. Beraz lehenik lurra  kareztatu, eta ondoren simaurra bota eta landatzen hasi. Bestalde bero zalea ere bada, eta ondorioz eguzkiak ondo joko dion lekuan landatu behar da. Baina ura ere behar du. Ur gutxi badu buru txikia eta mina aterako zaigu, eta behar adina ur badu berriz buru handia eta gozo gozoa lortuko dugu. Baina urak ondo zirkulatzea beharrezkoa da eta ez putzuak sortzea.  Horregatik negu amaiera eta udaberria baliatu ura hartu dezan eta udara hasierako beroa baliatu ongi heldu eta jasotzeko. Landatzeko, errenkada luze bat egingo dugu 15 zm-ko tartea utziz batetik bestera, honela eguzkia erraz sartu eta sustraiak berotu ditzan. Tipulari erasotzen dion eulia uxatzeko perrexila landatu ondoan, haizeak jotzen dion tokian, usaina zabaldu eta eulia uxatuko du.

Uzta jasotzeko garaian, berritan edo freskotan jateko, berdetan eta berria dagoenean bildu, koxkortzen hasi orduko, apirila-maiatza aldera. Bestela, heldu arte itxaron, honela denboran hobe iraungo digu eta. Uztaila erditik aurrera hostoak ihartzen direnean atera eta jaso, egun bero batean bada hobe, eta leku estali batean zabaldu. Lehortu ondoren sustraietako lurra kendu eta zintzilik jaso, haizeberritzen den leku fresko batean.

INGURUNEA

Ez harritu otsailean bazterrak elur mantu lodi batez estalirik agertzen badira, eta haize hotz zakarrek tximinietako kea astintzen badute. Gure ingurunea neguz jantzita ikusiko dugu, baina inauterietako arropa biziek, doinu alaiek eta jai giroek laister datorrenaren berria dakarte: udaberria.

Nahiz eta gure begiek ez dioten antzik emango eta gertatzen ari den hori ezin atzeman, gure inguruneko zenbait zuhaitz biziberritzen hasiko dira otsailaren erditik aurrera. Lozorroan zegoen bizi arnasa, zuhaitzen izerdia alegia pixkanaka borborka hasiko da. Noski, udaberrian lehertu arte gure begiek ez dute atzemango baina, gure ingurunea lanean hasi da jada. Antzina baserritarrek ondotxo asko zekiten hau dena, eta ez zuten denbora alferrik galtzen, txertaketa garaia baitzen. Txertoa, finean bi landare elkarrekin uztartzea da. Hau da bi zatiak lotuko ditugu, beheko mentuoina eta txertoa. Helburua izerdi trukea eman eta gaineko zatia, txertoa haztea da, berau baita erreproduzitzea nahi dugun sagar barietatea. Beheko mentuoinak bere sustraien bitartez lurreko elikagaiak hartu eta izerdi bidez goiko zatiari bidaliko dizkio, hau hazi, eta adarretatik lore eta fruituak eman ditzan. Bi zatiak itsatsi egin behar dira, zauria ondo itxi dadin, eta horretarako erretsina eta argizaria erabili izan dira.  Askotan, garrantzia goiko zatiari, txertoari ematen zaio, baina mentuoinaren aukeraketa ezinbestekoa da, aurrera begira gure zuhaitzaren osasuna, errentagarritasuna eta biziraupena hein handi batean honek baldintzatuko baitu.

Sagarrondoaren kimu berriak

Igartubeitiren kasuan sagarrondoen txertaketari begira jarriko gara. Otsaila ez da sagardoa kupeletik ateratzeko sasoia bakarrik. Hurrengo urteetako sagar uztari begira ere jarri beharko gara. Esan bezala, oso garrantzitsua da mentuoina ongi aukeratzea, eta Euskal Herrian badugu horretarako aukera ezin hobe bat: Patxaka (Malus Silvestris), edo basaka bezela ere ezagutua, sagarrondo basatia da, gure mendi bazterretan aurki daitekena eta gaurko sagarrondoen aintzindaria dela esan genezakeena. Izan ere, pomologia modernoa baserrietara sartu aurretik eta beste zenbait sagarrondo mota landatzen hasi aurretik, Euskal Herriko baserrietako sagarrondoen oinarria sagarrondo basati hau zen, hau da mentuoina patxaka izaten zen. Basatia denez, duela mende askotatik, baserritarrek mendietan sagarrondo hauek aurkitu, hauen fruituak jaso eta haziak eskuratu ondoren baserrietan landatzen zituzten, ondoren txertaketak bertan egiteko, edota besterik gabe hazteko.

Zergatik erabiltzen zituzten patxakak? Sagarrondo hauek basatiak dira eta duela milaka urtetatik gure lurretara egokituta daude eta beraien kabuz egin diete aurre gaitz, izurrite edo eguraldi aldaketei. Ondorioz biologikoki osasuntsuak eta indartsuak diren zuhaitzak dira, erresistentzia handikoak eta gainera urte luzez bizitzeko ahalmena dute 100-150 urtez alegia, eta zuhaitz handiak egiten dira, 10 metrotara iritsiz.  Zain handiak eta sendoak dituzte eta hauek lurrean ondo errotuta daudenez mineral ugari xurgatzen dituzte, hauek ondoren kimu, lora eta azkenik sagar bilakatzeko.

Honela antzina eta baita gaur egun ere, txertaketak egiteko patxaka sagarrondo basatien mentuoina erabiltzen zen, ikusi ditugun ezaugarri eta onura guzti hauek berari itsatsitako txertoak baliatuko dituelako. Batetik sagarrondo osasuntsua eta sendoa lortuko dugu (gaitzei eta izurriteei aurre egingo diena), urte askoko iraupeneko zuhaitza izango da. Eta bestetik oso emankorra den zuhaitza lortuko dugu, sagar osasuntsu eta zapore askokoa eta bizia lortuz. Antzinako baserritarren beharretara ondo egokitzen zena alegia. Izan ere baserrietako ganbaran ekainera arte iraungo digun sagarra emango digu, mamitsua eta gustu handikoa. Beraz badakizue, patxakak emaniko sagarren haziak gorde eta errukirik gabe erein, eta ondoren bertan egin txertaketak otsaila eta martxoan zehar.

Baina esan bezala, otsailean zehar baserritarrek begi bat zeru aldera begira izan ohi dute. Horren ondorio lirateke elur mota ezberdinak bereiztearena. Izan ere Euskal Herriko baserri eta landa eremuetan barrena abenduko elurra edo otsaileko elurra ez dira berdinak, nahiz eta gure begietara halaxe izan. Abenduko elurrari harria deitzen zioten (kazkabar edo txingor forma); urtarrilekoa berriz burdina, elur gogorra eta hotzaren seinale; otsaileko elurrari zura esaten zitzaion, egurra alegia, elur gozoagoa eta ez hain zakarra urtarrilekoa bezala; eta azkenik martxoko elurra ura litzateke, elurra baino gehiago euria alegia.

Baina baserritarren historian zehar elurrak negua adierazteaz gain zer garrantzi edo leku izan ote du ba? Bada historiak ahaztuta utzi duen atal bat, baserritarrek mendi malkarretan elurra gordetzen zutenekoa, elur zuloena alegia. Izan ere XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, baserritarrek elur zulo natural  (mendi harritsuetan: Aizkorri, Aralar, Urbasa, Andia…) edo eraikitakoetan neguko elurra gordetzen zuten, ondoren herrietara jaitsi eta saltzeko, uda garaian elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen baitzen. Elurzulo hauek, 500 metroko altueratik gora kokatzen ziren eta elurra urte guztian kontserbatzen zuten. Elurzulo artifizialen kasuan, lurrean sakon egindako zuloak ziren eta harlangaitzezko (mampostería) hormak zituzten. Aldapetan egiten ziren oinarrian zulo edo irteera bat jarriz, urtutako izotzaren ura irten zedin eta gainontzekoa hobeto kontserbatzeko. Sakoneran gehienez 12 metroko zuloak ziren eta 3 eta 10 metro arteko diametrokoak. Gainean tapaki bat zuten pare bat zulorekin, elurra sartu eta ateratzeko. Elur zuloen inguruan langileentzako etxolak egoten ziren, eta bertan lanabesak edota urtean zehar garoa, belarra, egurra… gordetzen zuten.

Mendietan zeuden elurzuloetan elurra biltegiratzen  zuten. Herri eta hiri inguruetan zeuden elurzuloak berriz distribuziorako eta salmentarako guneak ziren, eta azkenik etxe eta baserrietan elurzulo txikiak ere egoten ziren, etxeko erabilerarako. Elurzuloen jabeak elizak eta monasterioak, udalerriak edo partikularrak izaten ziren.  Honela, elurra egiten zuenean, elurzuloaren jabeak langile talde bat kontratatzen zuen elurra bildu eta elurzuloak betetzen hasteko. 50 zm-ko elur kapak egiten ziren eta tartean garoa jartzen zen bereizteko. Behin izotza eginda, eskatzen zuten herrietara saltzen zen. Mendiko elurzuloetako izotza jeisteko gaua baliatzen zen, hobeto kontserbatu zedin. Astoz edo idiz jaisten ziren, ahuntzaren larruz edo zaku zaharrez estalita. Esaterako Gipuzkoari dagokionean Aralar aldeko izotzak Donostia eta Hondarribia aldera eramaten ziren. Edo Izarraitz mendiko izotzak Zestoa, Zumaia, Mutriku aldeko portuetara joaten ziren. Salmenta nagusiena portuetara eta hirigune nagusietara bideratzen zen, baina gainontzeko hiri eta herrietan ere saltzen zen. Batetik medikuntza esparruan erabiltzen zen: sukarraren aurka, hemorragiak mozteko, hanturak jaisteko… Bestetik, elikagaiak kontserbatzeko, edariak freskatzeko, izozkiak egiteko… Eta zer esanik ez, bainuetxeetan. Nahiz eta gaur egun elurzolen testigantza gutxi geratu gure mendi bazterretan, 1930 urtera arte baserritarrak modu batera edo bestera elur komertzioan jardun ziren.