Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea urtarrilean

2019/01/02
Urtarrila, “Urtarril hotza, neguaren bihotza” dio esaerak. Urtarrila, “ neguila, ilbeltza, izotzila…” bezala ere ezagutzen da. Oraindik neguan gaudenaren seinale, hotza eta iluna, hortik bere izena, eta esaeraren esanahia. Baratzean, urte hasiera lasaia izaten da. Beraz, patxadaz hartu eta ongi pentsatu urte honetako baratzea nola osatu nahi dugun. Izan ere, oraindik negua da, eta lurrak lozorroan jarraitzen du. Lanik handienak lurra osasuntsu mantentzeko eginkizunek, neguko zuhaitzen landaketek eta fruta arbolen zaintzeak emango digute.

BARATZEA

Negu partean murgilduta gaudenez lurrean bertan zuzenean egiteko gutxi izango dugu, deskantsua behar duenari utzi egin behar bait zaio. Baina izango dugu  buruhausterik, egon lasai: luartokia txukundu, negutegiko konponketak egin, ongarriketak egin…

Batetik, lurra mugitzeko moduan izan bagara, zer edo zer ereiten hasteko garaia litzateke udaberrira begira hazia ernaldu dadin. Besteak beste honako hauek erein daiteke urtarrilean zehar: baba, ilarra, edota perrexila besteak beste.

Azaroan Igartubeitin lihoa erein genuen. Atzean porruak

Bestetik askotan ez dugu aipatzen baina baratze inguruan edota etxe inguruetan hortxe ditugu lore baratzeak. Udaberriarekin batera gure bazterrak dotore asko kolorez janztea nahi badugu neguan kasu piska bat egin beharko diegu. Lehenik eta behin ontzietan ditugun landareak babesera eramatea komenigarria da edota gutxienez estalki batekin tapatu, izotzak kalte gutxiago egin diezaion. Estalkia jartzen badiogu ez dezala landarea ukitu. Baina ez da hor amaitzen loreen zaintza. Neguari eutsi ahal izateko ongarria beharko dute eta guk eskura jarri beharko diegu, beraz badakizue...

Negu garaian pentsamendu lorea baserri aurreetan ikustea oso ohikoa da, neguan koloreari eusten bait diote. Lore honek izugarrizko arrakasta izan zuen XIX. mendean zehar hiri-lorategien hazkunde garaian hain zuzen ere, eta Europako hiri nagusietako lorategi denetan zegoen.

INGURUNEA

Urtarrila negu sasoia dela ulertzeko, hilbeltza edo izotzila zergatik deitu izan zaion ulertzeko, inguruneko bazterretara begiratu besterik ez duzu. Goizean zelai eta larre bazterrak goizeko ihintz zuriarekin ikusiko dituzu, izotzak erabat hartuta. Abereak ere hotzaren beldur eta belar berde gozorik gabe ikuiluraturik daude, negua noiz pasako zain.  Eta zuhaitzek ere jada galdu dituzte hostoak eta adar huts dira dagoeneko, hotzarekin izerdia geldirik baitago, atsedenean, lozorroan.

Igartubeitiko sagastia neguan

Baina baserrietan gure arbasoek ez dute atsedenerako asti handirik izan, eta gaur lurrari eta inguruneari loturik baserriko lanetan dabilenak ere lurraren lozorroa zenbait lan egiteko baliatuko du.

Esan bezala larreetan garai honetan ez da abererik ibiliko, eta hau muga bazterretako itxiturak edo hesiak berritzeko eta konponketak egiteko baliatuko dugu, larre garaia iristerako dena prest izateko. Gaur egun alanbrezko hesiak ikustea ohikoa da baina garai batean beste material bat ere erabiltzen zen. Batetik hesola edo poste bezala gaztainondoaren egurra erabiltzen zen edota gaur egun akazia ere asko erabiltzen da. Izan ere kanpoan egon behar denez, eguraldiaren eraginei ongi eutsiko dion zura aukeratu behar da, alferrikako lanik ez egiteko. Eta akaziak horretan lagunduko digu, hotzari eta hezetasunari ongi aurre egiten bait dio. Eta ondotik itxitura egiteko egur berbera erabili dezakegu, baina honen faltan bagaude, antzina bezala beste egur mota bat erabili dezakegu, ,Igartubeitin ikusgai duzuen bezala, hurritza. Hurritzaren inausketa egin ondotik geratu zaizkigun adar handi eta sendoenekin osatu dezakegu hesia edo itxitura, bata bestearen ondoan jarrita. Gainera malgutasuna duen zura denez, trentzatu eta forma ezberdinak emateko aukera izango dugu.

Hurritz makilarekin egindako gartubeitiko hesia

Baina ganaduarentzako larre bazterretan soilik ez, baratze inguruan ere hesia edo eskaia egitea ez legoke gaizki. Aipatu moduan egiteaz gain ordea, lan gehixeago hartu beharko dugu baratzean buelta osatzeko. Izan ere bere bueltan, zuhaitz, zuhaixka, arbusto, lore… landatzen baditugu itxitura horren bueltan, izugarrizko laguntza izango dugu gure baratzerako. Honela animalia eta intsektu ezberdinak gerturatuko zaizkigu eta baratzeko ekosistema katea osatzen lagunduko digute. Zuhaixkak landatzen baditugu baratze inguruan,  edota harri pila batzuk eta estalpe moduko batzuk jartzen baditugu, bertan hainbat animalik babes hartuko du eta bide batez gure baratzean eragingo du: trikuak esaterako bareak eta harrak jango ditu, Amona mantangorriek zorriak jango ditu; ipurtargiak berriz barraskiloak eta bare txikiak, armiarmek ere intsektu eta zorriak jango dituzte, saguzarrak ere lagun izango ditugu… Beraz, negu garai hau hostoak galduko dituzten arbusto, zuhaitz, zuhaixka… landatzeko garaia dela baliatuz baratzerako laguntza ederra sortzeko moduan gaude.

Baratze inguruko zuhaixkak

Eta azkenik, ez ahaztu oinarrizko hainbat gauzekin. Negu osoan zehar lurrak eta soroak ongarritzen jarraitu beharko dugu. Bai luarra edota simaurra erabiliz baita karea erabiliz ere. Eta aldi berean, karea erabiliz fruitu arbolak kareztatzen hasi urtarriletik aurrera, batez ere sagarrondoak.