Igartubeitiko baratzea eta ingurunea apirilean

2019/03/29
Udaberria heldu da eta harekin apirila ere bai. Udaberriari eta udarari begira, lurreko lanei heldu beharreko sasoia iritsi da. Baserritarrek, neguko egunetan zehar lurra lantzeko eta baratzea prestatzeko erreminta guztiak prestatzen zituzten, apirilean lanean hasteko Horregatik apirila jorraila bezala ere ezagutzen da. Lurra jorratzeko hilabete egokia dugulako. Eta aldi berean apirileko esaerak honela dio: apirileko lorea urrea. Loraldia bete betean sartuko zaigu garai honetan.

BARATZEA

Apirila, onetik badator adi ibiltzeko garaia da. Baratzeko lurrei azken astindualdiak emango dizkiegu. Liteekena da, Euskal Herriko lurrak buztintsuak direnez, ipar isurialdeko zenbait lekutan, aurreko hilabeteak nola joan direnaren arabera, lurra oraindik hezetasunarekin egotea eta apirilean aurrera egin ahala egitea lurreko zenbait lan. Hala ere, apirilean lurraren tenperatura epeldu egingo da eta lanean hasi beharrean izango gara.

Batetik, nahi izanez gero, soropila edo belazeak egiteko garai ona da apirila. Hau da lur zatiren batean belardi ederren bat egitekotan bagabiltza, belar hazia ereiteko garai ona da. Lehenik, arearekin, arrasteluarekin, eskuararekin… lurra karraskatu eta ondoren hazia banatu. Atzera berriro eskuara pasa. Ondoren simaur pixkat zabaldu, alperrarekin zapaldu eta ureztatu. Kontutan hartu udaran erruz ureztatu beharko dela.

Baratzeko lurra lantzen

Akaso ez da oso ezaguna izango ez gure baratzeetan eta ezta gure sukaldeetan ere baina, gure baratzeei kolore eta aniztasuna emate aldera ez zaigu gaizki etorriko honako hau landatzea: Erremolatxa edo beterraba. Esan behar da, erremolatxaren eta zerbaren historiak abiapuntu berbera duela. Izan ere k.a. II.en mendearen inguruan Ipar Afrikan eta Asiako mendebaldean landare basati at lantzen hasi ziren, saiakera ezberdinen bitartez bi landare ezberdin sortuz: zerba eta erremolatxa. Jatorria landare basati berdinean duten barazki ezberdinak dira. Guk gaur erremolatxaren sustraiak jaten ditugun arren, hasieran batean hostoak soilik jaten ziren eta sustraiak buruko eta hortzetako minarentzat erabiltzen ziren. Gerora Erromatarrak hasi ziren sustraiak jaten eta XVI.en mendetik aurrera aleman eta ingelesek erremolatxa jateko ohitura zabaldu zuten.

Hiru erremolatx talde daude, gu “baratze erremolatxean” oinarrituko gara, sustrai gorrikoa eta ezagunena.  Erremolatxa bi urteko landarea da. Hau da lehenengo urtean hostoak sortu eta indartuko ditu sustraiak hazi ahal izateko. Eta hurrengoan berriz loreak eta haziak emango ditu.

Ura atsegin duen landarea da, eta nahikoa ur ez badu mindu egingo da gainera. Frexko zalea ere bada eta ez dio beldurrik hotzari. Ongarriari eta lurrari dagokionean, aurretik beste landare batentzako ongarritu den lurrean landatu. Erremolatxari gatza gustatzen zaio, eta ez legoke gaizki aldez aurretik lurrari gatz pixka bat nahastea, honela sustraiaknhanditzen lagunduko dio. Erremolatxa landatzeko garai honena lurra berotu denean izaten da, martxotik aurrera, beraz apirila garai ona da. Errenkadetan landatuko dugu 30cm-ko tartea emanez eta landare artean 15cm.  Landareen artean, lurrari heze eusteko moztutako belarra, garoa, orbela… zerbait jartzea ongi etorriko zaio. Uda inguruan ongi ureztatu, gustua ez mintzeko. Hiru hilabeteren bueltan uzta jasotzen hasi gaitezke. Hostoak ere aprobetxatu egosirik jateko.

Eta bestetik, baratzean lagunduko diguten landare batzuk landatzeko aprobetxatu apirila, hau da landare usaindunak landatzeko: izpilikua, erromeroa, menda… Hauek usainaren bidez edo polinizatzaileak eta intsektu onuragarriak erakarriz izurriteak eta giatzak uxatzen dituzte. Beraz, laguntza paregabea eskainiko digute.

INGURUNEA

Apirilean Euskal Herriko bazterretan udaberriko lehen lorea ikusteko aukera izango dugu. Bai baserri eta etxe inguruko zenbait zuhaitz baita basalandare zenbait ere loretzen ari dira.

Udarea loretan

Horietako bat, gure bazterretan bere kasara laguntza handirik gabe hazten den landarea dugu, mendi magaletan ugaria dena: Otea. Otea, europar jatorriko zuhaixka bat dugu, Euskal Herri osoan zehar oso ugaria dena. Hosto txiki eta oso arantzatsuak ditu eta lore deigarri bat, ori kolore bizi-bizikoa. Baina horretaz gain, oteak baserriari zerbitzu ugari eskeini dizkiola esan liteke. Hau da, otea baliabide natural bat zen baserriko bizitzak zituen behar ezberdinak asetzeko erabiltzen zena. Eta otea eskuratzeko lan honek, batetik musika eta erritmoen mundura garamatza, eta bestetik ondare naturalen inguruko kudeaketa eta jabegoaz hausnartzera.

Izan ere, lehenik eta behin baserritarrek otea moztu eta etxera ekartzeko baimena eskuratu behar zuten. Izan ere ote lurrak askotan udalaren menekoak zirenez, herri lurrak, eta bertan interes ezberdinak zeudenez, udalari baimena eskatu behar zion eta otea ateratzearen truke zerga jakin bat ordaindu. Gainera udal ordezkariek neurri zehatzak ezartzen zizkioten baserritarrari, egun jakin batzuetan soilik moztu eta etxeratu zezakeen otea, eta kilo kopurua ere mugatua izaten zen. Honek eztabaida eta haserrealdi ugari sortu zituen baserritarren eta udal administrazioen artean, eta haien aztarna ugari ditugu gure udal artxiboetan XV eta XVI.en mendeetatik gutxienez.

Baserritarrek otea hainbat gauzatarako erabiltzen zuten. Esaterako karobietarako erabiltzen zen. Edota baita etxeko sukalderako ere. Hau da, egur gutxi zen garietan otea erregai bezala erabiltzen zen. Baina negu amaiera aldera, ukuiluraturik zegoen ganaduarentzako bazka gutxi geratzen bazen, berehala abiatuko zen baserritarra ote biltzera. Izan ere, otea ganaduarentzako bazka preziatua izaten zen, bera bakarrik edo beste zerbaitekin nahasturik. Baina nola eman arantzaz jositako landarea ganaduari? Hortxe agertuko zaigu beste behin baserriaren mundu artistikoa. Lan erritmoa joko bihurtzea,  musika egin arte. Izan ere, otea “jo” egin behar zen, sagarrekin egiten zen bezala. Egurrezko aska batean pilatzen zen otea. 3 edo 4 lagun bere bueltan jartzen ziren “otajauski” edo “trabaza” izeneko herramienta hartuta. Egurrezko kertena azpialdean burnizko aho edo aizto bat duelarik. Kolpeka-Kolpeka, otea jotzen zuten arantza guztiak txikitu eta landarea xehatu arte. Kolpe joko honetan erritmo ezberdinak zituzten: bikoa, hirukoa… orduak errazago pasatzeko. Behin dena birrinduta zutenean ganaduari ematen zitzaion. Otea ganaduarentzako otsaila inguruan mozten zen.

Gure inguruetako loraldiarekin jarraituz, apirilean baserriaren historian eta gaur egun garrantzia berezia duen zuhaitzaren loraldia etorriko da, sagarrondoarena. Apiriletik aurrera kimuak zabaldu eta hostoak eta loreak erneko dira. Loraldi hau ordea delikatua da, eta hotz edo eurite askok ondoren etorriko den uzta zapuztu dezakete. Izan ere apirileko  loraldiaren atzetik polinizazioa dator, eta euriteek prozesua moztu dezakete. Ikusiko dugu…

Eta azkenik, bazterretan hostoak galtzen ez dituzten zuhaitzak landatzeko garaian gaude apirilean. Esaterako olibondoa edo palmondoa, edota baita artea ere. Azken honen ezkurra ganaduarentzako bazka izaten zen eta zura berriz dolareetako ardatza egiteko erabiltzen zen.