Museoen Nazioarteko Eguna

“Museoak eta kultur paisaiak”

Zumalakarregi Museoak, Igartubeiti Baserri Museoak eta Untzi Museoak IKUS-BERRIZ-BIZI zikloa antolatzen dute, Museoen Nazioarteko Eguneko aurtengo lemari helduz, « Museoak eta Kultur paisaiak ». Museoaren xedea zabaltzeko dugun bokaziotik abiatuz, gure ingurunearekiko begirada berriak proposatzera eta hauen inguruan hausnartzera zuzendutako programa da. Era berean, ingururatzen duen kultur ondarea eta paisaia ondarea oinarritzat hartuz, bere jarduera propioak zabaltzera bideraturik dago.
Oraingo honetan, museoak inguratzen dituzten paisaiak ilustrazio arloko sortzaile ezberdinen eskutik aztertuak izango dira.

PROGRAMA:

  • Igartubeiti Baserri Museoa:

Paisaiaren bilakaera (Nolakoa litzateke gure ingurua baldin eta…?) familientzako tailerra

Aintzira Oñederrak eta Izibene Oñederrak eskainia. 

Nori zuzendua: 7 urtetik aurrerako haurrak dituzten familiak.

Data: maiatzak 21, larunbata 16:30etatik 19:00etara

Igartubeitiren iraganera, gaur egunera eta etorkizun fantasiosora bidaiatzeko gonbidapena, artistek kontatutako hiru ipuinen bitartez. Proposamen honekin parte hartzaileek material eta teknika ezberdinak erabiliz, paisaia berriak sortuko dituzte. Irudimenari zabaldutako mundua!

Izena emateko formularioa. igartubeiti@gipuzkoa.eus; 943 72 29 78 telefonoan.

Aintzira Oñederra, 1984. Ingurugiro Zientzietan lizentziatua eta Agroekologian espezializatua. Kontsumo taldeen koordinatzaile eta dinamizatzaile aritu da azken urteetan. EHUaren bitartez, Gipuzkoako herri azoken eragin sozio-ekonomikoa neurtzeko ikerketa burutu du. Orain nekazari eta abeltzain txikien mugimendua sendotzeko ikerketa partehartzailea oinarri duen prozesu batean murgilduta dabil.

Izibene Oñederra. Azkoitia, 1979. Arte Ederretan Doktorea da EHUtik. Helduentzako animazio film laburrak sortzen ditu. Eskuz marraztutako filmak dira, berak zuzendu eta ekoizten dituenak. Lehenengo animazio filma Hezurbeltzak izan zen, gero Hotzanak nazioarteko zinemaldietan erakutsi ziren eta hainbat sari lortu zituzten. Orain Kutxa Beltza filma ontzen dabil Isabel Herguera animatzailearekin batera. Donostia 2016en laguntzarekin, Kalebegiak proiektuaren baitan.

  • Zumalakarregi Museoa:

Tailerra: Asisko Urmenetarekin Album-ak ezagutzen

Nori zuzendua: 16 urtetik gorakoak

Datak: maiatzak 28, 16:00etan

XIX. mendeko album-etan oinarrituz, XXI. mendeko albumak sortuko ditugu. Akuarelen naturalismoak eskanerrengatik ordezkatuak izango dira, grabatuen ordez argazkiak erabiliko dira… Proposamena ez da soilik teknikara mugatuko: norberak bere kronika pertsonala sortzeko gakoak ere eskainiko dizkigu.

Informazio +

  • Untzi Museoa:

Elena Odriozolaren eskutik ilustrazio tailerra

Nori zuzendua: ikasketa artistikoetako eta diseinuko ikasleei zuzendua baita interesa duen edonori ere.

Data: maiatzak 27, ostirala 17:00etatik 19:00etara

“Emakumeak eta itsasoa” erakusketan ikusgai dauden irudien sormen prozesua azalduko du ilustratzaileak tailer honetan. Informazio testua nola interpretatzen den eta ilustrazioa nola burutzen den. Ondoren parte hartzaile bakoitzak bere pertsonaiaren ilustrazioa burutuko du.

Informazio +

 Museoen Nazioarteko Eguna 2016 kartela