Baserria urratsez urrats

Igartubeiti baserriak 798 metro karratu ditu guztira eta bi solairutan banatuta dago.

 Deskribapena

Beheko solairua

Oin honetan sukaldea, upategi batez hornituriko ukuilua eta gelak daude. Sukaldeak XVI. mendean hartzen zuen leku bera hartzen du egun, eta elikagaiak prestatzeko su nagusia mantendu ere. Higigarrien artean aipagarri dira kutxak, gakoa laratzarekin eta zizeilua, hau da, hotzetik babesteko bizkar garaiko jarleku-mahaia.

Sukaldea

Sukaldeko atearen ondoan dolareari kontrapisua egiten dion harria eta ganbararaino doan ardatzaren abiagunea daude. Harriaren parean ganbarari sarrera ematen dion eskailera dago. Elementu horiek guztiak XVI. mendekoak dira, eta XVII. mendean eginiko berritze-lanek ez zuten eraginik izan horietan. Ukuilua bitan banatzen da, batetik aziendarentzako aldea dago eta bestetik biltegia. Lehena, abelgorrientzako askak barne, sukaldearen atzean dago. Ate irristatzailez ixten diren leihatila bikiak elkartzen dituzte sukaldea eta ukuilua. Gibelaldean ardiak egongo ziren.

Sarrera

Ukuiluaren beste aldeak sagardo upelak kontserbatzeko eta tamaina handieneko laborantza tresnak (gurdia, goldea, etab) gordetzeko erabiltzen ziren. Behi-azienda egoten zen aldearen sabaian, dolarearen pats-askari eusten dioten zurezko pieza handien multzoa, sobigainoak, ikus daitezke.

Laborantza tresnak

Sukaldeak XVI. mendean zegoen logela bakarrari egiten dio sarrera. Bertan ikus dezakegunez, zurezkoak ziren pareta guztiak. XVII. mendeko handitze-lanen ondorioz, hiru logela egokitu ziren baserrian, aurrekoa bazterrera utziz.

Zurezko paretak

Ganbara

Abiapuntua sukaldean duen eskailerak ematen dio sarrera ganbarari.

Bertan, elikagaiak bildu eta sagardoa egiten zen. Ganbararen erdian baserriko elementurik garrantzitsuena dago, dolarea. Pats-askan pisoiez jotako sagarra ipintzen da eta honen gainean 10 m luze den habea. Habe honen muturretako batean ardatza ikusten dugu, zorua alderik alde igaro eta sukaldeko harriraino iristen dena, hain zuzen.

Dolarea

Sagardoa egiteko dolarea urtean behin baino erabiltzen ez bazen ere, dolarea da baserriari halako ezaugarriak ematen dizkion elementu nagusia. Dolarearen neurriek zehazten dute eraikinaren luzera eta bolumena, zurezko pieza handiak eskatzen baititu pisuari eusteko, Zutoin osoak, sekzio handiko piezak eta beste batzuk.

Pats-askaren inguruko tarteak

Pats-askaren inguruko tarteak elikagaiak metatzeko, aziendarentzako belarrak idortzeko, babak gordetzeko, txerria hil ondoko produktuak ontzeko eta lanabes txiki eta ertainak gordetzeko erabiltzen ziren.

Ardatzaren ondoko pareta

Ardatzaren ondoko pareta XVI. mendeko fatxadari dagokio, baina ez dago osorik, XVII. mendeko handitze-lanen ondorioz ateak zabaldu baitziren bertan, ataripearen gainean irabazitako espazioa baliatzeko xedean. Alde hau erabat banatuta dago; artoa lehortzeko lekua eta garia gordetzeko kutxak; ondoan, aroztegia eta erlategia, beranduago usategi bihurtu zena.

Egitura

Baserriak eutsi egiten die jatorrizko egituraren xehetasun garrantzitsu batzuei, nahiz eta denboraren joanean beste asko betikoz galdu edo aldatu diren.

Aipagarri dira pieza bakarreko zutoinak, zorutik estalkiraino iristen direnak; erdiko zutabe bikoitzak, berniak, dolareko habea egokitzeko; habe-dolarearen egitura ikusgarria: habea, torlojuzko ardatza, azkoina, harria, pats-aska eta sobigainoak; paretetako zurezko itxiturak; estalkiko gapirioak, pieza bakarrekoak XVI. mendekoak eta laburragoak XVII.ekoak; eta zoruak.

 Egitura: dolarea

Eguneroko bizimodurako ostilamendua

Era honetako baserrietan altzariak ez ziren ugari, eta batez ere zentzu praktikoa ematen zitzaien. Baserrian barrena egindako bisitaldian altzariak eta tresnak ikusten ditugu, gehienak zurezkoak, beren egitekoen araberako lekuetan kokaturik.

Kutxa

Sukaldean, zeramikazko baxera xume bat eta elikagaiak ontzeko, suari eusteko, lihoa lantzeko eta beste zeregin batzuetarako tresnak daude. Logeletan, oheak eta arropa gordetzeko kutxak daude.

Zizelu

Ukuiluan, laborantzari lotutako tresnak eta lanabesak daude, baita sagardoa egitekoak eta kontserbatzekoak ere.

Ganbaran, besteak beste, dolarea martxan jartzeko tresnak, aroztegiko tresnak eta zekaleak kontserbatzeko altzari handiak ikus ditzakegu.

Altzariak