Baserriaren historia

Igartubeiti baserri zahar baten izena da. Ezkio-Itsason dago, Gipuzkoaren barne muinean, Santa Luzia haranean. Hau korridore estu bat da, Goierriren eta Urola Garaiaren arteko berezko lotura. Lurralde euritsu eta berdea da, nahikoa gorabeheratsua, ez oso altitude handikoa, bai ordea malkar malkartsua. Horrenbestez, apenas dagoen inguruotan landaketarako erosoa izan daitekeen lur ordekarik.

 

historia1

Igartubeiti baserri bakartia mendi maldan altxatzen da, Santa Luziako haranetik irudiaren hondoan ikusten den herriaren gune nagusirako bide erdian.  © Xabi Otero

Igartubeiti ez dago ibaiertzean kokatuta, baizik eta, Gipuzkoako etxe zahar askotan ikusten dugun moduan, mazela erdian, zelaigune txikitxo batean, haran hondotik laurogei metro inguru gora. Kizkitza mendiaren mazela hau hegoaldera begira dago, eta baserriak goiz-goizetik jasotzen du eguzki-argiaren berotasuna, zuzenean; haranean, artean, itxaron egin behar izaten dute erreka inguruko behe-lainoak desegin arte. Igartubeiti, zehazki, mendi honen kontrahormetako baten bizkarrezurrean kokatuta dago, eta halatan, eraikinaren teilatuak berak ur-banatzaile eginkizuna betetzen du bi erreka-sakonen artean; baserriaren lur eta sailak, halaber, maldan behera amiltzen dira etxearen alde banatan. Plataforma hau estua eta oso topografia irregularrekoa da, eta asentamendu puntualetarako espazio erabilgarria 150 metro ingurukoa da ipar-hego ardatzean, eta 50 metro pasatxokoa, berriz, zeharkako ardatzean. Beraz, asentamendu bildu baterako zeharo desegokia da.

mapa

Igartubeiti baserria zelaigune estu batean dago, mazela erdian, oso malda pikoak dituela alde banatanKokapena. Igartubeiti baserria zelaigune estu batean dago, mazela erdian, oso malda pikoak dituela alde banatan © Xabi Otero

Ezkioga herria osatzen zuten bi guneak lotzeko herri-bidearen trazatua Igartubeitiko murruetako baten aldamenetik igarotzen da, eta baserriaren aldeetako bati muga ematen dio. Herriaren beheko gunea, Anduaga izenekoa, bestea baino berriagoa da, eta baita gaur egun hazkunde bizkorrena duena ere; goiko gunea, berriz, udalerri burua zena eta gaur egun auzo bakarti bat besterik ez duguna, San Migelen parrokiaren inguruan bildutako hamar bat etxek osatzen dute, mazela erdian kokatutako beste begiratoki natural batean.

Baserriaren beraren izena, Igartubeiti, hitz konposatua da. Herriko jendeak Beiti esaten dio, hau da, "behekoa", eraikinaren kokapenaren aipamena eginez alegia, baina baserriaren sorburu garaian Igartua esaten zioten; are gehiago, lehenagoko garaietan "Iartu" zuen izen, jatorri latineko toponimo bat, toki honetan tantai ihartu eta zurrun bat bazela gogorazten diguna bera.

XX. mendeko azkeneko hamarkadara arte, Igartubeiti baserria Mendiguren familiaren eskutan egon da belaunaldiz belaunaldi; hauek nekazariak ziren, maila ekonomiko ertainekoak, eta buztin-lurra nagusi zen hamabi hektareako jabetza bat ustiatzen zuten, etxe buelta osoa hartzen zuen bat alegia, Aristegieta izeneko parajean zeukaten beste hiru hektareako baso zati batez gain. Abere askorik ez zuten izaten, eta produktibitate handieneko urteetan ukuiluan asko jota sei behi, bi idi gurdirako, asto bat, haragitarako txerri bat eta berrogeita hamar buru inguruko artaldea izan zitzaketen; hauez gain, untxi batzuk eta hogei bat hegazti inolaz ere.

historia_arbol

Igartubeitiko lurretan frutarbolak asko ziren, batez ere sagarrondo, gaztainondo eta mertxikondoak.© Xabi Otero

Igartubeitiko nekazaritza tradizionalaren oinarria baratze, lantzen zaileko galsoro eta artasoro, eta frutarbolen arteko konbinaketa bat zen; aipatu azkeneko hauen artean, sagarrondo eta gaztainondoez gain, oso ugari baitziren sasoi batean haran osoan zehar, Igartubeitin mertxikondoen fruituak nabarmentzen ziren, oso oso mamitsuak izaten zirelako. Nekazaritza hau defizitarioa zen zerealetan, eta aldian-aldian familiak Gaztelatik inportatutako alea edota itsasoz heldua eskuratu behar izaten zuen herriko plazan, bere hornidurarako. Azken mendeotan zehar fruta eta babarrunak izan ziren Mendiguren familiak Urretxu eta Legazpiko herrietako azoketara eramaten zituen baserriko produktu nagusiak, baina trukerako zeukaten aktibo garrantzitsuena otarregintzarako zume hagak ziren, bere jabetzetako barreneko sailetan, hareatsuenetan, lantzen baitzituzten, hurrena Zumarragan saltzeko.

Igartubeiti baserria ez zen aberastasunagatik nabarmentzen, ezta etxebizitza gisa zuen kalitateagatik ere. Eraikinaren barne egitura eta aurrealdeko fatxada haritz zurezkoak dira, eta beste murru guztiak hormarri kaxkarrez eginak; eta horrelaxe mantendu da, XVII. mendeaz geroztik apenas izan baita bertan hobekuntza edo aldaketa garrantzitsurik. Baserria bloke konpaktu bat da, oinplano karratua eta isurialde biko estalki handia duena; aurrealdearen zabalera osoa ataripe ireki batek hartzen du, eta barnealdea, berriz, Gipuzkoan ohikoa den eskema bati jarraiki antolatuta dago, L kontrajarri bikoitz batez alegia; honetan etxebizitza, beheko oineko ukuiluak eta, teilatupean, biltegi gisako espazioak sartuta daude. Barne egiturako elementu deigarriena dolare izugarri bat, erdiko palankaduna, dagoeneko falta asko zituena eta duela hainbat belaunalditatik hona inolako erabilerarik ematen ez ziotena. Tipologiari dagokionez ez da ohiz kanpoko elementu bat nahiz orain baden, berreraikuntza lana eginik eta atzera lanean jarri ostean, gure ustez Gipuzkoa eta Bizkaiko lehenbiziko baserrietan makina hau bezalako aleak milaka izango ziren eta; are gehiago, ehunka baserri dira oraindik ere horrelakoen aztarnak gordetzen dituztenak.

Igartubeitik ez du nabarmentzeko moduko ezer berezirik, non eta ez den kultur ondarearen arloan oso garrantzitsua den gauza bat, hain zuzen oso aldaketa txikiak eginez mantendu izana zurezko bere egituraren eta fatxadako itxituraren zati nagusia, beste baserri askotan dagoeneko zeharo galduak baitira horrelakoak. Baina honetaz kanpo ere, baserriaren balio nagusia paradigma gisa balio izatea da, ezen antzeko gizarte, ekonomi edo asentamendu ezaugarriak dituzten baserri asko eta askoren ordezkari izateko gaitasuna du, eta baserri horiei guztiei eragiten dieten dilema garrantzitsu zenbait argi planteatzeko, are batzuetan eran-tzuna emateko ere, baliagarria da.

historia_ventana

Igartubeiti aparte dagoen baserri bat da, hau da, Ezkiogako parrokiatik eta herrigunetik urrun dago. © Xabi Otero

Igartubeiti baserriak, beste milaka eta milaka baserrik bezalaxe, oso oso presentzia historiko apala izan du, baina besteen kasuan gertatu ez den bezala, ikerkuntza dokumental, arkeologiko, etnografiko eta arkitektoniko zehatz zehatz baten gai izan da; ikerketa lan hau eraikina zaharberritzeko prozesuarekin batera zertu da, eta haren ezinbesteko osagarri gisa gainera. Eta ikerlanak argitara atera dituen gauzek eman diote ukitu berezia baserriari, a posteriori eman ere, inolaz ere ez hasierako ezaugarri berezkoek, ez baitago zalantzarik ezaugarri berezko horiek beste baserri askotan ere antzekoak edo berdinak zirela. Izan ere, hemen burutua ez da soilik ohiz kanpoko intentsitatea izandako eskuhartze bat izan, baizik eta bere metodologi planteamenduetan ere inolako aurrerakinik ez zuen ikerlan bat, bere abiapuntua baserri munduko etxe arkitekturaren elementu bat baitzen ez ordea lan-eremu zabalago baten hedapen gune gisa, arkitektura ospetsuek, hala nola tenplu, egoitza aristokratiko edo antzeko hiri zein militar eremuek, eskain ditzaketen ikusizko balio seduzitzaile eta ospe historiografiko horiek gabekoa. Eta ikerlanaren garrantzia, dena delakoa, aspaldiko nekazarien asentamendu, etxebizitza eta bizimoduei buruzko lehen eskuko informazioa, baldintzatzekekoa, eskaini ahal izatean datza, ez beste ezertan.

Igartubeiti, atxiki nahi diogun paradigma balio honen bidez, analisi eredu egokia izan daiteke Euskal Herriko lurraldeari eta milaka baserriri buruzko interpretazioari eragiten dioten eta hamar mendetik gorako histori epea hartzen duten hainbat kontu hiru bai behintzat eztabaidatzeko. Aipatu horietako lehena mazeletako populatze sakabanatuaren ereduari buruzkoa da, inguru holo hezean hedapen handiko eredua zen honen ale bikaina baitugu Igartubeiti. Bigarren kontua baserriaren sorburuari dagokiona genuke, Euskal Herriaren isurialde atlantikoko nekazarien etxebizitza mota berri gisako sorburuari buruzkoa alegia, eta bereziki dolare etxeen azpimotari buruzkoa, berau etxegune-aukera nagusia izan baitzen Gipuzkoan eta Igartubeitin dugu osorik gordetako aukera horren ale bakarra. Eta azkenik, hirugarren kontua, orokorrena, azken bostehun urte honetako etxeko bizimoduen, famili elkarbizitzaren eta nekazarien etxeko ekipamendu eta erabileren ezagutzari lotua, bizirik ditugun informazio emaileen kronologi muga estuetatik eta agiri idatziek eskaintzen dizkiguten ohar laburretatik harantz heldu nahi izanez gero behintzat, ezen aipatu informazio-iturriok historiarik gabeko iraganaren iluntasunera zigortzen baitituzte nekazariak.

©Alberto Santana