"Haria galtzen" erakusketa Igartubeitin

2017/06/08
Igartubeiti Baserri Museoan, ekainaren 10etik urriaren 1era ikusgai izango den erakusketa honek zuntza adierazpen artistiko gisa aldarrikatzen du, ikuspuntu berrietatik, historiaren eta euskal ohituren arteko harreman estua ezagutzera emateko aukera ere eskainiz.

Haria galtzen Igartubeitin

 

 

 

 

 

"Haria galtzen” zazpi sortzaileen, Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarreta, lanak erakusten dituen erakusketa kolektiboa da. Artista hauek, beraien artelanen bitartez,  gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute,  tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian.  

Artelanak baserriko askotariko guneetan erakusten dira eta uztartzen dira Igartubeitiko familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktuekin (artoa), materialekin (maluta, zumea, lihoa, artilea), objektuekin eta baserritarrek burutzen zituzten lanekin eta zereginekin.
Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela erakutsi nahi du.
Era berean, erakusketak zuntz aukera ezberdinak ezagutzera ematen ditu: hariak, baina irun gabeko zuntzak, baita ere. Horrela, zuntz hauekin sorkuntzak egiteko erabil daitezkeen teknika ezberdinak erakusten ditu: irazki-hari garaia, irazki-hari baxua, irutea, saskigintza teknikak, enfeltratuak, brodatuak, tinteak eta abar.

Erakusketan Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsetako eta Gordailuan, Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan babestutako ehungintzarekin erlazionatutako piezen bilduma dago ikusgai, goruak, ezpatak eta ardatzak bezalako tresnak/lanabesak.

“Haria galtzen” erakusketa Cristina-Enean izan zen ikusgai 2016ko abenduan, 13 artisten lanekin. Igartubeitin erakusketaren ikuspegi berri bat eta berrinterpretazio bat eskaintzen da, testuinguru berri batean eta elementu berriak txertatuz.

Erakusketa, larunbatean, ekainak 10ean inauguratzen da 12:00etatik aurrera Igartubeiti Baserri Museoan. Bisita izango da eta mokadutxoa eskainiko da.

Jarduerak
Ekainak 25ean, igandean, bisita gidatuarekin eta gazte zein helduei zuzendutako Ecorprint tailerrarekin jardunaldia.

  • 10:00: Bisita gidatua Maria Zubizarretaren eskutik, erakusketan bere artelana ikusgai duen artistarekin. 
  • 11:00: Ecoprint tailerra

EcoPrint, sustrai, zutoin, hosto eta loreak ehunaren gainean zuzenean estanpatzeko teknika da, elementu horiei dagozkien pigmentua eta forma zuzenean txertatuz. Teknika honetara hurbilduko gara praktikatik.
Igartubeiti inguruan EcoPrint lanerako landare ugari eta ezberdinak daude. Aukeraketa bat egingo dugu eta naturaren estanpazio prozesuarekin gozatuko dugu.
Tailerra gazte eta helduei zuzendua dago, ehungintza eta landare zaleak.
Ez da beharrezkoa aurrez esperientzia izatea.
Gehienez 10 pertsona.

  • Irailak 10ean, igandean,  Lola Altolagirre artistak “Arto-hostoekin ehuntzen” tailerra eskainiko du 11:00etatik 14:00etara.

"Haria galtzen" erakusketa Igartubeiti Baserri Museoan ekainaren 10etik urriaren 1era.

Erakusketaren ordutegia:

Urriak 1erarte:
Asteartetik larunbatera
10:00-14:00 / 16:00-19:00
Igandeak
10:00-14:00

Ekoprint tailerreko argazkiak. 

Bisita gidatuko argazkiak. 

Erakusketako argazkiak. 

Elkarrizketa Euskadi Irratian Lola Altolagirreri eta Karmen Esnaolari.