IGARTUBEITI ABENDUAN

2018/12/02
“Abendua gau huts eta jai huts” dio esaerak, eta halaxe da, abenduan izango baititugu egunik motzenak eta gaurik luzeenak. Izan ere, abenduaren 21etik aurrera, neguko solstizioaren ondotik negu bete-betean sartuko gara. Honek esangura eta magiaz beteriko garaiari ekitera goazela esan nahi du, eta erdi gunean argia-sua izango dugu. Eta noski gure basoek zeresan handia izan dute, neguan argia eta beroa nahi bazen egurra eta ikatza etxean behar zen. Eta aldi berean abenduak hotza eta izotza ekarriko digu, eta honek lurra hoztu egingo digu. Beraz baratzean lurra zaintzeko lanetan hasi beharrean gara.

BARATZEA

Esan bezala, abenduarekin negua dator, eta berarekin hotza… Hasiera batean ez da kezkatzekoa. Lurraren emanaldi handiena amaitu egin zaigu eta atsedenaldia dator orain. Eta hotzak horretan lagundu egingo digu. Izan ere lurra hoztearekin batera landareen garai aktiboa ahuldu egingo da eta bai lurra eta bai landareak atsedentxo bat hartuko dute.

Atseden hau baratzean baliatu beharko dugu guk. Lurrak bizirik eta osasuntsu jarraitu dezan, eta atsedenalditik udaberrian sasoi bete-betean atera dadin, lurrari eman diguna itzultzeko garaia da. Beraz hasi eskuak zikintzen eta aitzur eta palak astintzen, lurra ongarritu behar dugu eta.

Lursailtxoa kareztatzeko prest

Ongarriketari dagokionean, ondoko hau garbi izatea beharrezkoa da: ongarria lurraren elikadura hobetzeko erantsiko diogun edozein bizigarri da. Beraz ongarriak ez du zuzenean landarea elikatzen baizik eta lurra. Eta lurrak elikatuko du landarea. Beraz lurra ez da medio edo herraminta  huts bat, izaki bizidun bezala ulertu beharko genuke. Beraz, landareak lurretik elikagaiak eskuratuko ditu mineral eran (nitrogenoa, fosforoa, kaltzioa…). Nitrogenoa oso garrantzitsua dugu, landareak honekin sortuko ditu bizitzeko oinarrizko gaiak. Fosforoak fotosintesia ondo burutu dadin laguntzen du eta kaltzioak berriz sustraiak eta zurtoinak sendotzen lagunduko du. Eta bestetik, ongarriketari dagokionean lurraren ph-a hau da egoera kimikoa nola dagoen ikusi behar dugu (nola ongarritu eta zein landare mota egokituko den ondoen jakiteko). Ph neutrua, erdi erdiko maila 7 da. Hortik behera lur azidoa izango da eta gora berriz basikoa.  Beraz lur bakoitza hasetzeko ongarriketa egingo dugu. Mota ezberdineko ongarriak ditugu:

Ongarri Mineral Naturalak:

Zuzenean lurretik erauzitakoak, batez ere kaltzioa da nagusi ongarri mota honetan. Ezagunena karea dugu. Euskal Herriko isurialde atlantikoan erruz erabili izan dena. Izan ere, eremu honetan lur buztintsua daukagu, oso aberatsa dena baina badu bere alde txarra ere. Hemengo eguraldia dela eta (euria, hezetasuna…), buztin lurra ito egiten da, lokaztu eta lurra korapilatu egiten da. Eta honela landareak ezin ditu lurreko elikagaiak (mineralak) eskuratu. Korapilo horiek kareak askatuko dizkigu, lurra harrotu egingo digu ph-a igoz eta honela azidotasuna gutxituko du. Osagai organikoak lurrean errazago desegitea lortuko dugu, eskuragarriago jarriz. Karerik bota ez zaion lurrari metro karratuko 150 gramo. Hortik aurrera urtero metro karratuko 50 gramo nahikoa da. Kareak lurrari ura kenduko dio, beraz kontuz ibili.  Lurrari karea emateko mota asko ditugu: (kareharri hautsa, errautsa, alga, kare bizia…). Ez da harritzekoa gure mendi-basoetan eta baserri inguruetan antzinako karobiak edo kare labeak egotea…

Ongarri natural organikoa:

Ziklo naturalean berez txertatzen zaigun ongarria da, bere kabuz gertatzen dena. Bizidunen hondakinetatik sortzen dira, adarrak, hostoak, janari hondakinak, belarra, egurra, simaurra… Usteldu ahala lurra aberastuko digute, eta landareak behar dituzten elikagaiak askatuko dituzte. Usteltze hau milaka mikroorganismok burutuko dute (zizareak, onddoak, bakterioak… Ongarri organiko naturala sortzeko bide ugari ditugu: animali simaurra, orbela eta baratzeko hondakinak, etxeko janari hondakinekin egindako luarra… Baserrietan simaurra erabili izan da. Ukuiluan, ganadua etzateko jarritako inaurkina (garoa, arto hostoak, orbela, zerrautsa…) eta ganaduak gainean eginiko gorotzarekin nahastean sortzen da. Hau gero ondu, lehortu egiten da (berotu egiten da 45-60 gradutara). Antzina garoa izaten zen ukuiluetan azpitarako materiala eta gero baratzean magnesio ugari uzten zuen simaur horrek garoa zuelako.  

Gaur egun zailagoa da animalia simaurra eskuratzea, baina baditugu beste aukera batzuk, esaterako luarra. Etxeko jan ondarrekin eta baratzeko hondakinenik egindako ongarria alegia, baratzeko txoko batean bertan jarri dezakeguna. Edo beste aukera bat ongarri berdea da. Landareak berde daudenean lurrari ematean datza. Baratzeko lur zatiren bat landarerik gabe agerian egon behar bada denbora luzez, lurra estaliko duen landareren bat ereingo dugu, eta loratzear dagoenean moztu eta lurrarekin nahasiko dugu. Honela gainontzeko landare “gaiztoak” haztea galaraziko dugu lurreko energia nahi dugun landareari eskainiz. Eta ondoren hau moztuz eta lurrarekin nahastuz materia organiko bilakatuko da elikagaiak berriro lurrera itzuliz.  Honeterako landare ezberdinak erabili izan dira: oloa, baba, ilarra…

Igartubeitko komposta edo luarra

Laburbilduz: lurra izaki bizidun bat dela ulertzen badugu, gure osasuna zaintzen dugun bezala lurra ere zaindu beharra daukagu. Horretarako garai ona denez lurra ongarrituko dugu. Ongarri natural organikoarekin lurra elikagaiez, mineralez hornitzea lortuko dugu. Eta ongarri mineral naturalarekin berriz buztin lurra harrotu, ura eta oxigenoa askatu eta lurreko mikroorganismoek errazago lan egin dezaten lortuko dugu. Hasi bada eskuak zikintzen eta lurrari eman diguna itzultzen…

INGURUNEA

Esan bezala, abendua magiaz beteriko hilabetea da, eta argiak eta basoak ezinbesteko garrantzia hartuko dute. Antzinako gizakia eta baserritarrak eguzkiari begira bizi izan dira, argiaren, beroaren… biziaren iturri. Abenduan eguzkia bere punturik baxuenera jaitsiko zaigu, berriro biziberritu eta argiberritzeko. Hortik gabon eguneko esaera “eguberri-on”, egun-berri on litzatekeena. Baserrietan ere berdin. Etxeko sua berritzeko garaia da. Etxeari negurako beroa eta argia emateko. Eta honek ezinbestean basora garamatza, Euskal Herriko historia osoan zehar eta zehazki baserriaren historian hain beharrezko izan den elementu edo leku magiko horretara. Etxeko sua pizteko su-egurra behar baita, gabon egunerako subila (gabon gaueko sua pizteko erabiltzen zen su-egurrari ematen zitzaion izena) etxean izateko. Abenduan beraz basoari begira jarriko gara.

Gainera ez dugu ahaztu behar, alde batetik su egurretarako, zurgintzarako… beharrezkoa den egurra mozteko garai ona dela oraingo hau, eta ilbeheran bada hobe (lizarra, artea, sagarrondoa, olibondoa, ametza…).  Honen helburua egurra trinkoa eta lehorra izatea baita. Honela, izerdirik gabe egurra itxiagoa izango da eta erretzen zailagoa. Noski sugar txikiagoa izango du baina iraupen handiagoa. Egur mozte honi epaiketa deitzen zaio.  Eta aldi berean basoan landaketak egiteko garaia ere bada. Hostajea galtzen duten zuhaitzak landatzen hasi gaitezke. Kontuan izan izotza egiten duen eguna ez dela egokiena landaketa egiteko.

Basoa ordea gure historian zehar ez da egur mozte hutsera mugatu, nahiz eta honek garrantzia handia izan. Basoak, esan genezake egitura kultural eta sozial oso bat biltzen duela bere baitan. Eta aldi berean esan behar da, erabat naturala den basorik ez daukagula, duela milaka urtetatik humanizatu eta kolonizatu du gizakiak basoa, kultura basoraino eramanez.

Esan bezala, basoa Euskal Herrian historikoki ekonomia osoaren oinarria izan da, eta batez ere ipar isurialdean. Zehazki  Erdi Arotik aurrera hasiko da basoaren ustiapena. Basoan pertsona eta talde ezberdinek parte hartzen zuten: Baserritarrak, abeltzain eta artzainak, ikazkinak, burdinolek, baserri eta itsasontziak eraikitzen zituzten arotzek… Beraz, gaur ikusten ditugun baso eta zuhaitzen atzean historikoki kudeaketa izugarri bat egon da, interes guztiak bildu behar zituen baso ustiapen estruktura bat alegia. Honela beraz baso haietako gehienak komunalak ziren, udalerri bakoitzaren menpekoak.  Batzuk “frankoak” deiturikoak ziren, hauen erabilera librea zen hasiera batean, batez ere baserritarren eskura zeuden, hauek bertatik su egurra, orbela, garoa… biltzeko. Bestetik “propios” deiturikoak. Udalaren menpeko baso komunalak ziren baino kuota bat ordainduta soilik erabil zitezkeen. Edota besteak partzoneriak edota gaurko mankomunitateak kudeatzen dituzten baso lurrak ziren (Aralar esaterako). Eta azkenik koroaren menpe zeudenak edota esku pribatuetan zeudenak (jauntxoak, ahaide nagusiak, monastegiak…) ziren.

Basoa, gaur egun deskantsurako eta ibilaldi ederrak emateko lekua den hori, antzina gatazka askoren sorburu izan da. Izan ere, batetik nekazari-baserritarrak zeuden. Hauek baso-lur horiek su-egurra lortzeko, orbelatarako fruituak jasotzeko (gaztainak), garoa biltzeko edo egoerak eskatzen bazuen sagastiak jartzeko edota zuhaitzak moztu eta lurra laboreak landatzeko nahi zuten. Bestetik abeltzain eta artzainak zeuden, basoak soilduz abereentzako larreak nahi zituzten. Edota basoan bertan uzten zituzten abereak, baina hauek kontzejuek, jauntxoek… landatutako zuhaitz gazteak jaten zituzten. Eta bestetik udalak, burdinolak, jauntxoak edota errege koroa zeuden. Basoak egurretarako erabili nahi zituztenak, etekin ekonomikoa ateratzeko (su egurra salduz, ikatza salduz burdinoletarako, itsasontziak eta baserriak egiteko zura behar zutenak…). Esaterako, gure historian badugu basolanetan jarduten zuen pertsonaia aski ezagun bat: ikazkina. Jada garai honetarako txondorrak eginda izaten zituzten, negurako baserrietan  egur-ikatza izan zezaten. Baina ikatz eskari gehiena burdinoletatik zetorren. Beraz basoaren inguruan interes ezberdinak zeuden, eta honek gatazka asko sortu zituen, gure herrietako artxiboetan aurkitu daitezke pleito haietako batzuk.

Beraz, basoa kudeatzeko politika zehatzak jarri behar izan ziren martxan, zehazki XVI. mende erditik aurrera hasi zen basoen ustiapen modernoa. Horren arrastoak gaur egun topa ditzakegu gure basoetan, zehazki zuhaitz batzuen formetan: pago-motzak alegia. Basoa denen beharretara egokitzeko lanetan, ordura arte egiten zen bezala zuhaitzak oso osorik moztu eta ondoren berriak landatu edo zepa gazteak utzi ordez (abereek jaten baitzituzten gatazkak sortuz) “trasmoche” deritzon teknika erabiltzeko legea ezarri zen. Teknika honekin ikazkinek edota zuhaitza moztu behar zuten arotzek, enborretik altura zehatz batera mozten zituzten adarrak, honela ikatzetarako egurra lortzeaz gain, zuhaitzak hazten jarraituko zuen eta zuhaitz bera zurgintzarako erabilgarri izango zen. Eta aldi berean, teknika honen bitartez abereak basoan ibiltzeko aukera ere izaten zuten, ez baitzegoen zepa edo zuhaitz gazte berriak jateko arriskurik.

 

Igartubeitiko atseden lekua, haritz eta pagoz inguratuta

Beraz honela sortu ziren oraindik ere baso bazterretan ikusi ditzakegun pagomotzak esaterako. Behin ala basoan ibili ziren arbaso haien lan eta istorien lekuko bezala. Eta gabon gauerako su egur bila basora joaten bazarete,  etxeko sua berritzeko, badakizue nondik moztu adarra, eta bestela adi egon, agian han ibiliko da gure ikazkin zaharra... Olentzero.