Igartubeiti Txikia

2019/03/15
Eguberrietan Gipuzkoako Foru Aldundiko Jauregian ikusgai izan zen jaiotza, Igartubeiti baserriaren erreplika da Rosa Garmendiak egina. Ezkioko Udalaren eta Yartu Kultura Elkartearen eskutik, Rosa Garmendiak egindako lanaren aurkezpen-ekitaldia izango da martxoaren 29an, arratsaldeko 19:00etan, Ezkioko udaletxeko ganbaran.

"Igartubeiti Txikia"ren aurkezpen-ekitaldi honetako programa honakoa da:

  • 19:00 Agurra
  • 19:05 Rosa Garmendia: zergatik eta nola egin den Igartubeitiren erreprodukzioa (eskala 1:10). Diapositibetan oinarrituta azalduko du lan-prozesua. Galde-erantzunak. 
  • 19:50 Ezkioko eta Itsasoko abesbatzaren emanaldia (zuzendaria: Xabier Barriola)

Abesbatzak abestuko duen errepertorioa:
Ama … A. Lesbordes
Zu zaitut alboan J. Elberdin
Lili eder bat … A. Donostia
Xamangarria S. Salaberri
Habanera soñada A.L. Carrillo
Mutil txaleko gorri J. Guerrero
Kaiku A. Lesbordes

  • Bukaeran, pintxoak

Oharra: Ezkioko udalak umezaintza-zerbitzua eskainiko du aurkezpen ekitaldira joaten diren familientzat. Interesatuok deitu aurrez udaletxera: 943-721303. 

Rosa Garmendiak, baserri dolarearen erreplikaren eraikuntzaren atzean dagoen lan prozesua azalduo du. Esaterako, baserrirako egindako sagarren xehetasunak, bere esanetan, "500 baino gehiago dira, denak ezberdin margotuak olioz; txortenak banan-banan jarri nizkien zuhaitz-adaxka meheak guraizez txiki-txiki ebakita. 

Egileak esperientzia hau berarentzat oso berezia izan dela azalduko du: "oso atsegingarria izan zen pertsona asko begira eta kanpokoaren eta barrukoaren argazkiak egiten ikustea. Andre bat ikusi nuen baserriko txokoen argazkiak xehetasun handiz egiten eta, jakin-minez, zergatikoaz galdetu nion. Atzerrian zuen familiari bidaltzeko ari zela esan zidan, baserri honek ongi adierazten dituelako euskal kultura eta ohiturak. Horra hor nire lan-orduen saria. Benetan harro nago neuk egindakoaz ideia hori transmititzea lortu badut" dio.

 

Igartubeiti Txikia

Igartubeiti Txikiaren aurkezpen-ekitaldia