Martxoa Igartubeitin

2019/02/27
Martxoak berarekin udaberria dakar, zehazki martxoaren 21ean, ekinozio bezala ezagutzen dena, (latinezko aequinoctium), eguna eta gaua berdinak dira, hortik letorke martxoko esaera hau: “Martxon erdin gaua eta eguna berdin” Hau da, ziklo berria irekiko den hilabetea da. Eguna luzatzen hasiko da eta berarekin baita txorien kantak ere. Otsailean inauterien hasierarekin abiatu zen lur eta inguruaren iratzartzea indar bete-betean ikusiko dugu martxoan. Horregatik pixkanaka baratzeko lanekin hasteko moduan izango gara, fruitu arbolen zainketarekin jarraituko dugu eta lehenengo loraldiak ikusiko ditugu. Baserritarrek gustura hartuko dute udaberriaren etorrera, kanpoko lanei ekiteko. Baina lasai, oraindik uda urruti da eta lanean jarraitu behar…

BARATZEA

Udaberriak eguzki argi gehiago ekarriko digu bai, baina aginte makila eguraldiak du, eta honen arabera lanean hasteko moduan izango gara edo ez.

Aurreko hilabeteetako lanarekin jarraituko dugu batetik, hau da sailak ongarritzen. Ezinbesteko lana dugu hau eta beraz eguraldi oneko eguna probestu beldurrik gabe: ximaurra edo luharra zabaldu, karea zabaldu… Edota udazkenean sailen batean ongarri berdea erein bazen, martxoan moztu edo ebaki eta lurrari gehitzeko moduan gaude. Udaberriarekin batera aktibaturiko  landare horren izerdia lurrak gogo handiz hartuko du eta, udaberriko esnaaldi indartsua izan dezan.

Lan hauek egindako baratzeko lekuetan,  martxoan landaketa eder askoak egiteko sasoian izango gara. Horietako bat esaterako ziazerba dugu (espinaka). Landare honek ere ekialdeko lurretan du jatorria eta Arabiarrek Pertsia aldetik ekarri zuten Europara.  Esaterako XII. mendean, Ibn al-Wawam Al-Andaluseko agronomo ospetsuak hostoa jaten diegun barazkien artean ziazerbari leku berezi bat eskaini zion, bere ezaugarri oparoengatik Ziazerbaren familian aldaera ugari daude, borobilak, zorrotzagoak… baina denak lur gainean zabaltzen diren hosto multzoak dira, zerba edo azelgaren antzera. Batzuk emeak dira, besteak arrak eta hemafroditak ere badira. Ziazerbari hazten uzten badiogu, tontortu egingo da haziak emateko.

Ziazerba azkar hazten den landarea da, beraz adi egon. Gainera ez da komeni zahartzen uztea, jateko ez baita hain gozoa izango. Aldi berean freskura gustatzen zaio, beroaren eraginez hostoak zakartu egiten zaizkio eta. Beroa ekidinez beraz, urteko bi sasoitan landatu edo erein izan da, udaberrian eta udazkenean, lurra epel dagoenean, ez hotz eta ez bero. Ziazerbak ongarri organiko asko behar du, eta beraz lurra prestatzerakoan ximaurra gupidarik gabe bota edota luarra.

Esan bezala martxo-apirilean edota irailean landatu daiteke. Guk martxoa aukeratuko dugu. Errenkada luze bat egingo dugu baratzean eta bertan 30 zm-ko tartetxoak utziz landatuko ditugu ziazerbak. Landarea asko hazten ari bada, hosto batzuk kenduko dizkiogu bakanduz, eta hauek jateko aprobetxatu daitezke. Eta noizean behin landareen arteko tarteko belarrak eskuz kentzea komeni da. Hilabeteren buruan jateko moduan izango ditugu. Hostoz hosto bilduko ditugu, ez ditugu sustraietatik aterako zurtoinetik moztuko ditugu, honela hazten jarraituko du landareak hosto gehiago emanez. Honela ziazerba uzta oparoa izango dugu, ahogozagarri eta osasungarri.

Martxoarekin esan bezela, udaberria dator, eta landareen izerdia aktibatuko zaie. Hori kimu, hosto eta loreetan ikusiko dugu. Igartubeitin lehenegoak lortazen lore eder eta miresgarri batzuk izan dira, baratze ertzean baserriaren apaingarri gisara, laister gure bazterrek hartuko duten koloreen berri emanez: Lilipa edo nartzisoa.  Nartzisoa erraboil bat da (bulbo) eta 40 barietate inguru daude. Aipatu behar da bere loraldia 20 bat egunera mugatzen dela, udaberri hasiera aldean. Loraldi motza bai, baina ederra, liluragarria eta alaigarria. Landare luzexkatxo bat da, liraina eta oso hauskorra dirudiena, eta gainaldean lore ederrarekin, zuri edo ori kolorekoak dira gehienak. Nartzisoa landatzerakoan kontuz ibili behar da, beste landare edo loreengandik ezberdindu behar da. Izan ere, honen  zurtoineko sustantzia batek beste landareengan kalteak eragiten ditu. Lur gozoa, ongarritutakoa behar du eta ez oso urtsua. Eta bestalde eguzkiak emango dion leku batean jarri, baina beti ere leku fresko batean. Ez digu zaintza askorik eskatuko baina lekua ongi aukeratu behar da. Erraboila loraldaia baino 4-5 hilabete lehenago ereingo dugu, neguan zehar, udaberrirako eren dadin.

 

Lilipa Igartubeiti aurrean

Lore honek, itxura delikatu eta xamur horren atzean, greziar mitologiara eta mendebaldeko pentsamenduaren sustraietara eramango gaitu, eta bere izenaren izaeraz mintzatuko zaigu. Izan ere, liliparen izen zientifikoa Narcissus, greziar mitlogiako pertsonaia baten izena ere bada, Narkissos, eta hortik letorke nartzisista hitza eta ideia bera. Mitoaren arabera, Narkisso gazte lerden bat zen, edertasun izugarria zuena, baina beregana gerturatzen ziren neska gazte guztiei muzin egiten zien. Ondorioz jainkoek zigor bezala urtetan bere aurpegiaren islada ikustera behartu zuten. Hain liluraturik geratu zen ezen bere aurpegiaren bila uretara jauzi egin eta bertan ito zen. Eta leku horretan lilipa lorea ernaldu zen. Hara hor, lore honek ezkutuan duen balioen eztabaida (edertasuna, nartzizismo do bereikeria…). Baratzea ere balore ugariren erakustokia da.

INGURUNEA

Esan bezala, martxoak udaberria dakar, ekinozioa. Argiaren aro berria esan genezakeena, eta berarekin gure baso, baratze eta inguruneko landaredia guztia biziberrituko da. Inauteriek ere hala adierazi digute: Urte-ziklo zaharra amaitu dela (horregatik hainbat pertsonaia edo erritual espiritu txarrak uxatzeko) eta aro berria datorrela eta indarraldi berri hori babestu eta zaintzeko garaia dela.

Martxoak dakarren aro-berria gure ingurunean modu ezberdinetan gorpuztuko da. Horietako bat musika edo melodi forman etorriko zaigu. Txorien eta hegaztien abestiak alajaina. Martxotik aurrera baserritarren egutegi-ekologikoan ezinbesteko garrantzia izan duten hegazti eta txoriek, abesti ederrez beteko dute gure ingurua: kukua, txantxangorria, zozoa, birigarroa… Inguruneak dakartzan aldaketekin, soinu edota  koloreen bitartez, baserritarrek beraien denbora-egutegian egituratzen jakin izan dute, kasu honetan musika, txorien abestien bitartez. Baserritarrek eta landa eremuetan denbora neurtzeko erabili izan dituzten baliabideen artean, bat aski ezaguna dugu, baina oharkabean gelditu dena: oilarra. Berau izango zen goiza/eguna hasi zenaren berria baserriko sukaldera eramango zuena, lehen eguzki argiarekin batera. Dirudienez ordea, Erdi-Aroan, hiribilduak eta nekazal herrixkak eliza eta ermiten inguruan biltzen hasi zirenean oilarren lana elizetako kanpai hotsek bete zuten. Hauek baiziren eguneko ordu edo momentu ezberdinen berri ematen zutenak. Edota kasu batzuetan oilarrak jartzen zituzten ezkil edo kanpai-dorretan.

Eta bestetik berriz, udaberriaren lehen aztarnak zuhaitzetan eta landareetan ikusiko ditugu. Lehen eguzki printza eta epeltasunarekin landareen izerdia aktibatuko da. Sustraietatik gorantza joango da adar muturretaraino eta bertan kimu berriak ikusiko ditugu, gerora lore eta azkenik fruitu bilakatzeko. Beraz fruta arbola, zuhaitz eta zuhaixken adar muturretara begiratu, ea kimurik ikusten duzuen. Izerdi-aldi honen sasoi hau fruta arbolen zaintzarako erabiliko dugu, hau da kimaketarako edo inausketarako. Esaterako sagarrondoa inausteko garaia da, eta beraz zuhaitzaren adar batzuk moztuko ditugu. Inausketarekin zuhaitza bera kontrolatuko dugu, guk nahi modura hazteko, adar egokienak mantenduz. Eta honela, izerdi horrek berarekin dituen mineral eta elikagai guztiak moztu gabeko adarren kimuetara joango dira, bertan lore eta fruitu ederrak sortuz. Inausketa edo kimaketa egitean, zuhaitzari ebaki bat egiten zaio eta hau ongi itxi behar da. Horregatik izerdia baliatuko dugu zauri hori ongi itxi dadin ziurtatzeko. Antzina baserritarrek lan honi “epaiketa” deitzen zioten, eta hortik dator martxoaren izen zaharra: “epaila”, zuhaitzen epaiketa egiteko hilabetea alegia. Moztutako adarrak xehatu eta luarrera edo kompostagailura bota.

Lizarra kimatu ondoren

Baina ez da hor amaitzen fruitu-zuhaitzen zaintza. Horien artean esaterako sagarrondoari, karesnea bota behar zaio. Hau da, kare nahasketa bat. Kare  bizia, uretan urtu eta hil egingo da, eta ondoren buztin hautsa edo behi simaurra nahastu dakioke (edo biak). Nahasketa hau enborrean eta adar nagusietan eman behar zaio, dena ongi margotuta utziz. Honela, zenbait xomorro (inurriak esaterako) atzeratuko ditu lehenengo kimu berriak irteten direnerako. Euririk egingo ez duen egunetan ematea komeni da.

Honela, iazko uztaren sagardoa dastatzen dugun bitartean, aurtengo udazkeneko uztarako lanetan hasiko gara. Ez dago etenik…