“Lurraldea, tradizioa eta transmisioa” topaketa
Lehen sektoreko profesionalen, artisauen, kultura-bitartekarien eta herritar interesatuen esperientziak eta bizitzak jarri ditugu erdigunean, eta bakoitzaren bizipenak gertutik jakiteko aukera izan dugu. Aldarri ugari izan dituzte parte hartzaileek, etorkizuneklo bideak elkarrekin ereiten jarraitzeko gonbita eginez.
Etorkizuna ereitea
Zuzen hitz egin du Josebe Blanco artzainak eta idazleak: “Munduan egoteko modua errotik aldatu behar da”. Hausnarketarako bidea ere zabaldu du: “Egiten dugun ekintza bakoitzean, ari gara bizitzaren alde edo kontra egiten”. Biziolako Intza Barandiaranek ere errealitatea gordin kontatu du. Biziolatik harago, Biziolak duen saretik harago, adierazi du “kulturak landa eremuko eredu posibleak ikustarazteko” balio duela, “Bukolikotasunik gabe”.
Zer jaten dugun, zer kontsumitzen dugun, eta nola egiten dugun hausnartzera gonbidatu dute biek, eta etorkizunerako deia ere egin du Barandiaranek landa eremuari buruzko testu bat irakurrita: “Ez nazazue postal batera murriztu, babesten nauten politika publikoak eraiki. Entzun nazazue”.
Lanbide tradizionalak
Bigarren hitzaldia Itizar de la Granja eta Jordi Abellaren eskutik etorri da. Zumitzi sakigintzako arduradunak bere etorburura egin du: “Pertsona helduak izan ziren nire proiektuaren hazia; falta zitzaidan katebegia izan ziren”. Saskigintzan eta zumea oinarri duten proiektuekin aritzen da De la Granja, eta gogoratu du saskigintza prehistoriatik egon dela gure artean, baina transmisiotik harago, norberak bere interesa eta gogoa ere jarri behar duela azpimarratu du, beretik tiraka: “Inork erakutsi ezin ditzakeen teknika asko daude gaur egun zuntzak lantzeko, baina norberak ikasi behar ditu, bere interesetik eta kuriositatetik”.
Ecomuseu de les Valls d’Aneu-ko Jordi Abellak ere etorkizunean jarri du begia: “Ondarea eboluzionatzen duen zerbait bezala aldarrikatzen dugu, iragana eta etorkizuna uztartuz”. Museoak gordailu gisa baino gehiago direla aldarrikatu du. Bere ustez, ezin dira museoak zerbait zaharkitua bezala ikusten jarraitu. “Iragana ikertu behar da eta museoetako errelatuetan txertatu, eta baita artisauen errelatoetan ere”. Eta horretarako PATRIM 4.0 bezalako sareen balioa azpimarratu du: “Dena errazagoa da sarean lan egiten bada, eta K6 Kultur Kudeaketarekin batera parte hartzen dugun PATRIM 4.0 bezalako proiektuak distantzia horiek murrizten laguntzen du”.
Bi hizlariak bat etorri dira eta artisautzaren balioa azpimarratu behar dela aldarrikatu dute. De la Granjaren esanetan, “eskulangintza edo artisautza baloratzen ez badugu erakusten eta gauzak nola eginda dauden ulertarazten ez badugu, ez dugu erreleborik izango”. Museoak horretarako giltza direla zehaztu du Abellak: “Museoetatik lagundu behar da artisautzaren kontaketan, ondarearen balioa erakutsiz, sinplifikazioan erori gabe”.
Artilea eta artzaintza ondare bizi gisa
Artilea etorkizuna dela argi du Sandra Clivillé Maduixagorria proiektuko artisauak: “Gero eta erabilera handiagoa du, baina jendeak hori jakin egin behar du, eta konsziente izan behar gara lan asko eskatzen duela artilea lantzeak”. Pribilejiatua sentitzen da Clivillé eta bere baloreei eusten die, Mutur Beltz proiektuko Laurita Siles-ek bezala: “Guk honi heldu diogu, lurraldeari lotzea erabaki dugu, baina ordu asko daude egiten dugunaren atzetik”. Argi puntuak direla dio Clivillék: “Hasi eta amaitu produkzio guztiaren ardura dugun pertsonak argi puntuak gara. Eta argi puntu gehiago egon behar da”.
Lurraldea, sustrai partekatu gisa
Jardunaldiari amaiera emateko mahai-ingurua egin dute Maria José Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Andrea López Azcona Kultura Ministeriotzako Cultura y Ciudadania saileko arduradunak, Bizola kooperatibako Intza Barandiaranek, Mutur Beltz proiektuko Laurita Siles-ek eta Ecomuseu de les Valls d’Aneu-ko Jordi Abellak. Onintza Segurola kazetariak gidatu du mahai-ingurua eta jardualdi osoa.

