AHT vs AHT
Hasteko, Argia Harrapatzeko Tramankuluak (AHT) sortu ditugu Ezkioko baserrietatik berreskuratutako tresna zaharrekin. Garai bateko paisaiaren lekuko izan ziren objektu hauek erabili ditugu gaur egungo bazterrak erretratatzeko.Argazki estenopeikaren teknikarekin, beren funtzio originala aldatu eta eginkizun berri bat eman diegu iraganetik datozen tresna hauei: orainaldiko argiak harrapatzea, eta batez ere Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrari argazkiak egitea. AHTak AHTaren parean. Iragana eta orainaldia aurrez-aurre.

Argazki hauek egiteko erabili dugun teknikak, aldiz, geldotasuna du oinarrian. Lehenik argazki kamerak prestatu behar dira eskuz.Kontuan izan tramankulu hauetako bakoitzarekin aldian argazki bat bertzerik ezin dela hartu. Gero laborategian errebelatu eta ateratzen den negatiboa positibatu behar da. Orduak edo egunak irauten ahal dituen prozesu mantsoa da hau. Erabat zaharkitua gelditu den lan egiteko modu bat, Adimen Artifizialaren eta Abiadura Handiaren garaian.

Gustatu edo ez, bukatu edo ez, AHTarekin bizi dira eta bizi beharko dute Ezkioko biztanleek etorkizunean. Gazteenek ez dute bertze paisaiarik ezagutu beraien bizialdian. Baina galdera da: orainaldiari buruzko zer iruditeri utzi nahi dugu gerorako?

“Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena” erakusketak egonaldian zehar sortutako kamera estenopeikoak, fotozineak eta prozesu osoaren argazkiak eta bideoak biltzen ditu. Igartubeitiko Interpretazio zentroan izango da ikusgai irailaren 27ra arte.

Erakusketako fotozineak, prozesu irekiaren parte den beste une bat izan dira, prozesu osoaren nolabaiteko amaiera. PliegOS kolektiboak gidatutako tailer irekian egin dira, talde lanean negatiboak manipulatuz, berriz ordenatuz eta interpretatuz. Argazkiak hedatzeko modu hau, emaitza bat baino gehiago, edizio logika mantso baten ondorioz sortzen den instalazio bat da, eta proiektu honen azken geltokia.

