Artisautza garaikidea eta baserriko ondarea uztartzen dituen “Denbora esku artean” erakusketa
Igartubeiti Baserri Museoak “Denbora esku artean” erakusketa inauguratu du, museoaren 25. urteurrenari lotuta. Euskal baserriaren ondarea kontserbatzen, ikertzen eta zabaltzen aritu da museoa urte hauetan guztietan, eta, aldi berean, inguruko artisauekin lankidetza estuan ere aritu da, jakintza tradizionalaren eta sorkuntza garaikidearen arteko topaguneak sortzeko eta egungo erronkei heltzeko asmoz.
Testuinguru horretan antolatu da erakusketa, baserrian lantzen diren lau diziplina batzeko asmoz: zeramika, lihoa, artilea eta saskigintza. Hala, Urola Garaiko eta Goierriko bost emakume artisauk egindako obrak biltzen ditu erakusketak: Pott keramikako Jone Urain eta Maite Salutregik zeramikazko obra egin du, Leire Santillanek lihoarena, Sandra Clivillek artilearena eta Itziar de la Granjak saskigintzaren artisautza landu du.
Kizkitza Ugarteburu, Igartubeiti Baserri Museoaren koordinatzailea: “Paisaiari, natur baliabideei eta bizimoduei lotutako memoria kolektiboaren parte da artisauen ezagutza. Hori da erakusketa honen bitartez transmititu nahi duguna, gaur egungo gizarteak artisautzari dagokion balioa eman diezaion. Bost emakume artisauek, Gordailutik Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrotik ekarritako eta baserriko eguneroko bizitzari lotutako antzinako objektuekin elkarrizketan dihardute, haien formak, erabilerak eta esanahiak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatuz. Pieza garaikide bakoitza oinordetzan hartutako objektu batekiko harreman zuzenetik sortzen da, iraganaren eta orainaren arteko zubi bat eraikiz.
Eta era berean, Igartubeiti Baserri Museoaren 25.urteurren ospakizunak modu borobilean amaitzeko aukera eskaintzen digu “Denbora esku artean” erakusketa honek”.
Nortasuna, memoria eta lurraldea
Erakusketak eta bertarako sortu den obra bakoitzak artisautzak izan duen eboluzioa aztertzen du. Antzinatik orainera arte biziraun dute artisautza guzti hoiek; hala ere, arriskuan dauden tradizioak dira, artisauek aukeratu dituzten piezek duten erabilera bezala. Lehen, baserriko objektuek eta artisautzak helburu funtzionala zuten, orain, ordea, asmo estetikoa gailentzen da.
Obren bitartez nortasunari, lurraldeari eta memoria materialari buruzko irakurketa berriak sortu dituzte bost artisauek, eta erakusketak egunerokotasunean arreta jartzera gonbidatzen du, inguratzen gaituenari berriro begiratzera.
2027an jarraipena
Erakusketa Igartubeiti Baserri Museoko interpretazio zentroan ikusi ahal izango da 2027ko apirilera arte. Baina, Igartubeiti Baserri Museoaren eta artisauen arteko elkarlanak 2027an jarraipena izango du, artisauek haien diziplinari lotutako tailerrak eskeiniko baitituzte museoan hurrengo hilabeteetan.

