Asier Gogortza artista izan da Patrim 4.0 egoitzarako aukeratua
Asier Gogortza izan da Igartubeiti Baserri Museoak martxoan Ezkion egingo duen POCTEFA Patrim 4.0 proiektuaren baitan abiarazitako egoitza artistikorako, Ezkioko udalak eta eskola txikiak, herriko artistak, Communauté de Communes Neste Barousse eta Igartubeiti Baserri Museoak, osatutako epaimahaiak aukeratutako artista.
“Argia Harrapatzeko Tramankuluak” proiektua martxoaren 2tik 29ra garatuko da Ezkion. Ganbaretan ahaztuta dauden tresna zaharrak berrerabiliz argazki makina primitiboak sortzea eta haiekin Ezkioko paisaian azken urteetan gertatu den aldaketa nabarmenena erretratatzea du helburu, iraganeko tresnak gaurkotuz, delako progresoari buruzko iruditeri denboragabe bat osatzea.
Asier Gogortza Asensio (Bera, 1976). Informazio Zientzietan lizentziatua (EHU) eta argazkilaritzan titulatua da. Soinumapa, Memori Art Lab eta Ertz Arte Gunea proiektuen sortzailea. Besteak beste, "Muga", "Mendebalde", "Concrete Landscapes" erakusketen eta "Hariztia" liburuaren egilea.
“Badira dagoeneko urte batzuk Abiadura Handiko Trenaren obraren inguruko lanen bat abiatu nahian nabilela. Gisa honetako obra batek Euskal Herriko paisaian duen eragin estetikoa eta herritarrentzat maila sinboliko eta emozionalean suposatzen duen inpaktua neurtu nahi nuke argazki lan horren bidez. Izan ere, normalki nere proiektuetan erabiltzen ditudan osagai ugari biltzen baititu gai honek: lurraldea, paisaia, gizakiaren eraginez landa-eremua nola eraldatzen den... Arrazoi batengatik edo bertzearengatik, ordea, orain arte ezin izan diot gai honi heldu, eta Igartubeiti Museoaren egonaldi artistikoa ikusi nuenean aukera bikaina begitandu zitzaidan bide hori abiatzeko”, adierazi du Gogortzak.
Egoitza artistikoan zehar, lehen topaketa bat izango da Ezkion udalerriarekin, eta bertan artistak bere proiektua azalduko du. Gainera, argazki estenopeikoaren inguruko bi tailer eskainiko ditu, bata publiko helduari eta bestea eskolako haurrei zuzendutakoak. Kamarak egin eta probatu ondoren, argazkiak egin, editatu eta erakusketa bat prestatuko da.
PATRIM 4.0ri buruzko informazio gehiago
Egoitza artistikoa PATRIM 4.0 proiektuaren barne kokatzen da, kultura ondarea berritzeko eta sormenez kudeatzeko Pirinioetako sarea Pirinioetako eskualdean kultur ondarea zaintzea eta balioestea sustatzen duena. Egitamos honen bidez, ezagutza-trukea indartu eta ondarearen kudeaketa hobetu nahi da mugaz gaindiko lurraldeetan. Sare honetan Aragoi, Katalunia, Hautes-Pyrénées (Frantzia), Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko bazkideek parte hartzen dute.
PATRIM 4.0 % 65 Europar Batasunak kofinantzatu du Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.
PATRIM 4.0ren lankidetza
- Ayerbeko udala
- Ecomuseu de les Valls d'Àneu
- Grauseko udala
- Hoya de Huesca Eskualdea
- Somontano de Barbastroko Eskualdea
- Ribagorzako Eskualdea
- K6 Kultur Kudeaketa SL
- Zugarramurdiko Garapena SL
- Commune de Beaudéan
- Office de Tourisme de Saint-Lary
- Communauté de Communes Neste Barousse
- Universitat de Barcelona
- Universitat Autònoma de Barcelona
- Euskal Herriko Unibertsitatea

