Asier Gogortzaren "AHT vs AHT" erakusketa, Patrim 4.0 egonaldi artistikoaren emaitza, ikusi ahalko da Igartubeiti Baserri Museoan

2026/04/29
“Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena” erakusketak egonaldian zehar sortutako kamera estenopeikoak, fotozineak eta prozesu osoaren argazkiak eta bideoak biltzen ditu

"AHT vs AHT" Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena erakusketa ikusgai izango da Igartubeitiko Interpretazio zentroan uda amaiera arte. Asier Gogortza artistak eta argazkilariak Patrim 4.0 egonaldi artistikoan garatutako “Argia harrapatzeko tramankuluak” proiektuaren emaitza da.

Ezkioko udalerriko landa-eremutik etorkizuna birpentsatzeko asmoz, belaunaldien arteko lotura bultzatzea eta indartzea, bai eta kontakizun, iruditeria gaur egun berrinterpretatzea helburu duen Patrim 4.0 egonaldia artistikoaren epaimahaiak Asier Gogortzaren egitasmoa aukeratu zuen otsaila hasieran.

“Argazki kamera isladak betikotzeko gaitasuna duen ispilu bat da, horregatik sortzen digu hainbesteko lilura eta errespetua. Gogoeta horretatik abiatuta, ispilu joko baten moduan garatu da argazki proiektu hau”, azaldu du Gogortzak.

Argia Harrapatzeko Tramankuluak (AHT) sortu dira Ezkioko baserrietatik berreskuratutako tresna zaharrekin. Garai bateko paisaiaren lekuko izan ziren objektu horiek erabili dira gaur egungo paisaiak eta txokoak erretratatzeko. Iraganetik datozen tresna hauei beren funtzio originala aldatu zaie argazki estenopeikaren teknika erabiliz, eta beste eginkizun berri bat eman zaie: orainaldiko argiak harrapatzea, eta batez ere Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrari argazkiak egitea. AHTak AHTaren parean. Iragana eta orainaldia aurrez-aurre.

“Gustatu edo ez, bukatu edo ez, gure garaiaren ikur bilakatua da dagoeneko Abiadura Handiko Trena. Gure bizimoduaren eta, ondorioz, gure paisaiaren adierazle nagusietako bat dela esan daiteke. Norabide argirik ezean, abiadura bizia”, Gogortzaren hitzetan.

Argazki hauek egiteko erabili den teknikak, aldiz, geldotasuna du oinarrian. “Lehenik argazki kamerak prestatu behar dira eskuz. Barnetik erabat ilundu eta argia harrapatzeko egokitu. Gero laborategian errebelatu eta ateratzen den negatiboa positibatu behar da. Orduak edo egunak irauten ahal dituen prozesu mantsoa da hau”.

Gustatu edo ez, bukatu edo ez, AHTarekin bizi dira eta bizi beharko dute Ezkioko biztanleek etorkizunean.

Fotozineak, azken geltokia

Martxoan zehar egin du egonaldi artistikoa Gogortzak Igartubeitin eta Ezkio-Itsason. Astez aste garatzen joan den proiektua izan da, eta hainbat herritarren zein herriko eskolaren parte hartzearekin egin da.

Egoitzaren helburuetako bat eta artistaren betebeharretako bat izan da herriko komunitatearekin elkarlanean aritzea. Erakusketako fotozineak, esate baterako, prozesu irekiaren parte den beste une bat izan dira, prozesu osoaren nolabaiteko amaiera. PliegOS kolektiboak gidatutako tailer irekian egin dira, talde lanean negatiboak manipulatuz, berriz ordenatuz eta interpretatuz. Argazkiak hedatzeko modu hau, emaitza bat baino gehiago, edizio logika mantso baten ondorioz sortzen den instalazio bat da, eta proiektu honen azken geltokia.

"AHT vs AHT" Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena erakusketak, tramankuluak (kamera estenopeiko bihurtutako objektuak), fotozineak eta prozesu osoaren argazki zein bideoak biltzen ditu.

Museoen Nazioarteko eguna

Museoen Nazioarteko Egunaren atarian ireki da “AHT vs AHT” erakusketa. Izan ere, Patrim egitasmoak dituen helburuekin erabat lotuta dator aurtengorako ICOM Museoen Nazioarteko Erakundeak proposatu duen leloarekin: “Museoak mundu zatitu bat lotzen”.

Hala, bi proiektuak uztartuz, museoek banaketa kultural eta sozialen arteko zubi gisa jarduteko duten ahalmena nabarmendu nahi du Igartubeiti Baserri Museoak, elkarrizketa zein elkar ulertzea sustatuz. “Igartubeiti Baserri Museoaren oinarrietako bat da komunitatea, herriarekin batera aritzea, eta gure kasuan, landa eremuak dituen erronkak gizarteratzea. Mundu zatitu batean bizi gara gure errealitate txikian eta lekukoan ere, eta museoak zatiketa hori ahalik eta txikiena izan dadin lan egiten du. Asier Gogortzak egoitza artistikoan zehar landutakoa ere erabat bat dator helburu honekin, eta horregatik erabaki dugu biak uztartzea”, adierazi du Kizkitza Ugarteburu Igartubeiti Baserri Museoko koordinatzaileak.