Autobus-ehunez moda egin daiteke? Moda jasangarria Igartubeitira iritsiko da urriaren 20tik aurrera

2022/10/11
Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasuna ardatz duten jarduerak antolatu ditu Ondarearen europako jardunaldien barne. Museoak “Eko-moda: Autobuseko ehunekin egindako diseinuak” erakusketa aurkezten du. Kafe-Tertulia, familientzako eta helduentzako bi tailer ere izango dira

Autobus-ehunez moda egin daiteke? Horixe da Igartubeiti baserri museoko “Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak”, urriaren 20tik maiatzaren bukaera arte ikusgai izango den erakusketa berriak azaltzen duena.

Urrian zehar, erakusketa, tailer eta solasaldi baten bidez, museoak egunero egin daitezkeen jasangarritasun-ekintzei buruzko gogoeta eragin nahi du.

Igartubeiti baserri museoak bat egingo du Ondarearen Europako Jardunaldiekin, “Ondarea loratuz, gozatu!” leloari jarraituz, jasangarritasuna izango du ardatz, museoarentzako gai nagusietako baten, jasangarritasunaren ikuspegitik gizartea eraldatzeko praktika gisa.

“Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak” erakusketa

Gero eta gehiago dira ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duten ekimenak. Sektoreen arteko lankidetza ere funtsezkoa da ekonomia zirkularrago baterantz eta gure ingurunearekiko begirunetsuago baterantz aurrera egiteko.

“Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak” erakusketa, Irizar garraio-enpresak, Emausek, Sindesperdicio-k eta KOTOI marka-etxeak ehun-hondakinei bizitza berri bat emateko hasitako bidearen erakusgarri da, gaur egungo diseinuko modako jantzi berrietan eraldatuz.

Erakusketaren diseinua jasangarritasunaren erakusgarri ere bada, baserritik bertatik berrerabilitako materialekin girotu baita. Bertan, birziklatutako materialez eta baserriko elementu berrerabiliez osatutako 3 ingurunetan barrena egindako ibilbidean, Fanny Alonso diseinatzaileak sortutako jantziak aurkezten dira, baita KOTOI markak egindako janzkera tradizionalaren osagarriak eta berrinterpretatutako beste jantzi batzuk ere.

Solasaldia eta tailerrak

Erakusketa berriarekin batera, helduentzako eta haurrentzako jarduera-programa bat antolatu da.
Hasteko, datorren urriaren 20an, 11:30etan, erakusketa osatzen duten erakundeak, Irizar garraio enpresa, Emaus, Sindesperdicio eta KOTOI diseinu marka elkartuko dira Igartubeitiko Interpretazio zentroan.
Solasaldian, erakunde horietako arduradunek beren ekimen iraunkorrak aurkeztu eta azalduko dituzte.

Museoarentzat ere garrantzitsua da horrelako mezuak bere hezkuntza-programan sartzea. Horregatik, urriaren 22an “Zure estutxea egin ehun-hondakinekin” tailerra antolatu du, Igartubeiti baserria ezagutuz, garai hartako baserriak jasangarriak zirela deskubritzeko.
Parte-hartzaileek, Igartubeitiren fruiturik baliotsuaren, sagarraren formako estutxea sortuko dute, ehun-hondakinak erabiliz. Nahiz eta lehenengo tailerrerako plazak agortu diren, azaroaren 19rako beste tailer bat antolatu da.

Moda da gehien kutsatzen duten sektoreetako bat. “Eko-poltsa” tailerrean egunerokoan egin daitezkeen jasangarritasun ekintzak aztertuko dira eta, ondoren, Irizar enpresako ehungintzako hondakinekin, dolareko baserrietako elixirra, sagardo botila bat garraiatzeko poltsa bat egingo da.
Helduentzako tailer hau urriaren 23an, igandea, 11:30etan izango da.

Izen emateak

Bi tailerretan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo/eta 943 72 29 78 / 943 72 51 07 telefono zenbakietan.