Barrikote: sagar kulturaren festa. Asteburu honetan Igartubeitin!

2023/03/31
Larunbat honetan, apirilak 1, Barrikotea ospatuko dugu Igartubeitin. Festa arratsaldeko 16:30etan hasiko da, eta 19:00ak arte luzatuko da programazioaren barruan antolatu ditugun jarduera anitzekin.

Apirilak 1ean, larunbata, arratsaldeko lau eta erdietatik aurrera, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak Barrikote festaren XIX. edizioa ospatuko du. Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohitura zaharrenetarikoa da festa hau, ziklo oso baten emaitza. Jardunaldi hau ospatzeko askotariko eskaintza gastrokulturala antolatu dugu, mota guztietako publikoentzat eskainia. Sarrera 3 eurokoa izango da (dohakoa sei urtetik beherako umeentzat).

Programazioari 16:30etan emango diogu hasiera. "Sagar goxoak!" jardueraren bitartez familiek dolarearen funtzionamendua ezagutuko dute lehendabizi, eta gero euren sagar zukua eta sagar bizkotxoa egiteko aukera izango dute.

Ondoren, 17:30etan, Barrikotea irekiko da. Txotxa kirikoketa eta trikitixa emanaldiekin egongo da girotuta. Musika saioekin batera, Zeraingo Oiharte baserriko sagardoa eta bertako produktuekin eginiko afari-meriendaz gozatzeko aukera izango dugu. 

Barrikotearen historia
Igartubeitiko barrikotea prozesu luze baten, ziklo baten emaitza da. Antzina, lan guztiak amaitzen zirenean, upel bat muztioz betetzen zuten. Bi aste beranduago bizilagunen arteko festa bat antolatzen zuten Barrikotea dastatzeko. Baserri Museoan, sagardoa dastatu aurretik lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin.

Izen emateak
Jarduera honetarako aurrez eman behar da izena, igartubeiti@gipuzkoa.eus-en edo 943 72 29 78 telefonoan.