Baserri-paisaia Goierrin

2012/12/21 Paisaia
Goimenek, Goierriko Landa Garapen elkarteak, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste 8 Landa Garapen Elkarterekin batera martxan ipini duen egitasmoa da, baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko helburuarekin.

Baserri-paisaia Goierrin ekimenaren ezaugarri nabarmenena, eskualdeko landa-paisaiaren altxorrak ezagutu, zaindu eta ezagutarazteko bertako herritarren pertzepziotik eta iritzietatik abiatzea, eta ez aditu batzuk egingo luketen azterketatik. Horretarako, bi saio antolatu dituzte, azaroaren 28an eta abenduaren 19an, Zaldibiko Goizanen eta Igartubeiti Baserri Museoak hartu du parte, Goimenek hala eskatuta, beste pertsona eta eragileekin batera.
 
Proiektuak baserri-paisaiak ditu ardatz nagusi, eta bi jarduera zehatzei bereziki zuzenduta egongo da: turismoaren sustapena, eta gizartearen sentiberatzea.

Azaroak 28ko saioan, proiektua aurkeztu ziguten eta bertan parte hartu genuen eragile bakoitzak konpromesua hartu genuen, gure inguruko paisaia aztertzeko, fitxa bat osatuz. Lagungarri gisa, fitxa eredu bat izan dugu. Horrela, abenduak 19an, bakoitzak aztertutakoa aurkezteko aukera izan genuen.

Hurrengo pausua, jasotako informazio eta azterketa guztiekin, gure eskualdeko baserri-paisaiak kontserbatzeko ekimenak lantzea izango da, eta haien balioa agerian jartzeko ekintzak identifikatzea.

Goiemenek, emaitzak bilduko dituen txostena prestatuko du, eta interesa duen guztien eskura jarriko du.
Horrez gain, saioetan proposatzen diren ekintzetan sakonduko du, udaren ondoren egingo den beste saio ireki batean, eta eskualdeko administrazioei eta eragile ekonomiko eta sozialei aurkeztuko dizkie, hurrengo urteetan ekimen horiek gauzatzeko asmoarekin.
Bestetik, lehen sektoreak guztion ongizateari egiten dizkion ekarpenen artean balio handiko paisaiak mantentzea azpimarratuko du, eta gizartea horren inguruan sentiberatzeko ekimenak burutuko ditu.
Aldi berean, gure eskualdeko baserritarrei haien produktuei beste balio erantsi bat gehitzeko aukera aurkeztuko die, bertako herritarrek baserri-paisaietan gehien balioesten dituzten elementuak zeintzuk diren azalduz.

Josu Marotoren marrazkia Landaburu

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Josu Marotoren marrazkia, Landaburu baserria, Zumarraga