Bentaundi baserriko maketa Igartubeitin

2023/04/26
2013an Claudio Artesanok egindako Bentaundi baserriko maketa Igartubeitira iritsi da Zumalakarregi museotik.

Bentaundi baserria Donostia kanpokaldean, Oriamendi mendian, kokatutako baserria da, jatorria Erdi Aroan duena. Zehazki egungo Hernani-Donostia bidean aurki dezakegu, lehen Errege Bidea hiriburuarekin lotzen zuen bidean.

Claudio Artesanoren (maketaren sortzailea) arabera, ezin liteke Bentaundiren hsitoria ulertu Errege Bideaz hitz egin gabe. Bere izenak ulertzera ematen duen moduan, Bentaundi Errege Bideko ostatua zen. Mota honetako eraikinak bide nagusien bazterretan kokatzen ziren, bidaiariei, merkantziak garraiatzen zituzten zamaltzainei eta animaliei atsedena eta hornidura emateko. Bentaundi, Donostiara iritsi baino lehenagoko azken geldialdia zenez, ostatu garrantzitsua izan zen. 

Baserria Oriamendiko Guduaren agertoki nagusienetako bat 1837an, Lehenengo Karlistaldian. Karlistek baserriaren aurrealdeko fatxadan ikusten diren gezilehioak erabiltzen zituzten etsaiari erasotzeko edo beraien burua etsaiengandik defendatzeko.

2015ean baserria eta bere ondarea babesteko patrimonializazio proiektu bat aurkeztu bazen ere, hau ez zen sekula aurrera eraman. Are gehiago, eraikina eraisteko asmoa dago, Hondarribiako Moskenea baserriaren kasuan gertatu den bezala, adibidez. Egun baserri historiko asko eraitsiak izaten ari dira helburu urbanistikoekin. 

Claudio Artesano Garicano (1938) Donostiako ondarearen defentsan ekintzaile nekaezina da eta ondarearen garrantziaz sentsibilizatuta dagoenez, baserriaren historia maketa batean gauzatzeko proiektua burutu zuen 2013an eta Zumalakarregi Museoari dohaintzan eman zion iaz. 2023an Igartubeiti Baserri Museora iritsi da.