Ingurumenaren Mundu Eguna

2021/06/04
Ingurumenaren Mundu Eguna da ekainaren 5ean, eta egun honen xedea munduko biztanleak gure ekosistemak zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzea eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea da. Aurtengo lema “Berrirudikatu, berreskuratu, eraberritu” da.

Ingurumena ez da soilik espazio ekologiko edo fisikora mugatzen, hortik haratago doan zerbait dela esan daiteke. Azken batean, kulturak, gizarteak, ekonomiak eta estetikak ere osatzen dute ingurumena, eta eragin zuzena dute inguruan, beraz gure portaera ere ezin dezakegu alde batera utzi.

Gaur Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, gurean Euskal Herrian azken urteetan eman diren irtenbide edo proiektu jasangarri eta eredugarri batzuk aipatu nahi ditugu:

  • Kukubaso elkartearen jaiotza:

Aurten jaio den elkarte honek bere helburua garbi du: bertako basoa berreskuratzea. Azken hamarkada hauetan, kezka handia sortzen ari da basoaren kudeaketaren biran, batez ere pandemiak geratu eta gure ingurura begira jarri gaituenetik. Kezka nagusia lurraren eta bertako bioaniztasunean gertatzen ari den galeran kokazten da. Hori dela eta, Bergaran jaiotako herri elkarte honek egoera honi irtenbide bat eman nahi dio, etorkizunean eremu bizi eta aberats bat izateko asmoz.

  •  Muturbeltz (Karrantza, Bizkaia) eta Iletegia (Sara, Lapurdi) enpresak.

Lanaland planaren bidez, gaur egun artzaintzan sortzen den arazo handietako bati heltzen zaio: bertako ardien artileari irtenbide jasangarri bat ematea. Horretan dihardute Muturbeltz eta Iletegia enpresak. Zaila eta garestia bada ere prozesua, ate ugari ireki dituzte bertako ardien artilea hondakin huts ez bilakatzeko bidean.

  • Aktibatu! jardunaldiak


Azken urteetan guretzako erreferentzia puntu bilakatu dira Bizibiziki Aholkularitza taldeak antolatzen dituen Aktibatu! jardunaldiak. Turismoa eta jasangarritasuna batera joan beharreko bi kontzeptu direla azpimarratu izan da behin eta berriz. Oinarrian topa ditzakegu, elkarbizitza eroso eta harreman osasuntsu eta errespetuzko bat eraitzearen ideiak, bai pertsona zein naturari begira.

Nahiz eta jakin badakigun proiektu andana daudela, hauexek izan dira gure zerrendan bildu ditugun adibide eredugarriak. Esker onak adierazi nahi dizkiegu lan horretan dihardutenei, eta gogoan izan dezagun denon esku dagoela etorkizun oparo eta bidezko bat eraikitzea.