Erlea: bizitza eta heriotza

2021/04/20
Esaera zaharrak honela dio: “Apirileko erlea niretzat, maiatzekoa besteentzat”. Udaberriaren etorrerarekin batera, erleak ere jardun bizian hasiko dira. Ez al dituzu ikusi oraindik lanean? Horrela bada, jarri arreta zure ingurura eta baten bat ikusiz gero, gelditu! Gerturatu isil-isilik eta ikusi nola egiten duen bere lana.

Erleak izugarrizko garrantzia du gure ingurua bizirik irauteko. Azken batean, polinizazioa burutzen duten intsektu hauek landareen ugalketa gauzatzea dakar, eta honek ekosistema bizirik mantentzea. Beraz, ezin ukatu erlea garrantzitsua ez denik.

Eleek ekoizten dituzten produktuetatik, baserrian nagusiki bi erabili izan dira: eztia eta argizaria. Jarraian, eztiaz eta argizariaz hitz egingo dugu.

Lehendabizi, erleek eztia nola egiten duten labur azaltzen saiatuko gara: eleek lorez lore nektarra biltzen dute, hau irentsi, eta ondoren behin digestioa eginda eztia botatzen dute abaraskako lehiotxoetara. Nektarren osagai nagusiak ura, glukosa, fruktosa, sakarosa eta polen hondarrak dira. Eta nektarra zein landaretatik hartzen denaren araberakoa izango da eztia; honela, kolore eta zapore ezberdinak lortzen dira. Europako eztia, orokorrean, hori kolorekoa izaten da, baina zurixkak, berdexkak edo hori ilunak ere badaude. 

Erlezainek ondo dakite erlauntzaren kokalekua lortu nahi den eztiaren araberakoa izatea ezinbestekoa dela. Hain zuzen, esan bezala, lortu nahi duzun ezti motaren arabera, erlauntzatik gertu landare hori jarri edo erlauntza landare horretatik gertu jarri behar da, eta ondoren lana erleak egin beharko du. Esaterako, erromero eztia nahi badugu, beharrezkoa da erlauntzatik gertu erromero andana izatea. Hala ere, nahastea ematen dela kontutan izan behar dugu eta lore bakarreko eztia dela esateko, landare bakotzaren polen zehatza izatea eskatzen da; erromeroaren kasuan, % 20

Eztiaz gain, esan bezala, argizaria zen erleek ematen zien beste produktu bat baserritarrei. Argizariarekin ukenduak eta kandelak egiten ziren. Kandelak nagusiki elizkizunetan erabili ohi ziren. 

Aipatzekoa da ere, erleen inguruan egon diren zenbait uste eta balio. Esaterako, etxekojauna edo etxekoandrea hiltzean, erlauntzan emandako hiru kolperen bidez erleari heriotzaren berri eman eta argizari asko egiteko eskatzen zitzaion. Argizariaren bidez, hildakoeei bidea argitzen zitzaien. Bestalde, bazen ustea ere, sukaldeko lehioko kistalean erle bat pausatuta egonez gero, zorte txarraren adierazlea zela. Bestalde, erlezainek ere, erleari hitz egiten omen zien otzanak izan zitezen; esaten dutenez, zezen bati baino beldur eta errespetu handiagoa omen zitzaion erleari. Eta dirudienez, ezin omen ziren saldu, gehienez ere trukatu. Nahiz eta Frantziko Inazio Aranbururen eskuizkribu batean 1778an Legorretan Lucia de Arocena izeneko emakume batek erlauntza bat saldu zuela idatzita ageri den, agian arraroa zelako jaso zen pasarte hau.

Gaur egun ordea, zein da erleak bizi duen errealitatea? Eta, duen garrantzia? Egia da, erleengandik geroz eta gauza gehiago ateratzen ditugula: polena, jalea-erreala, larba, propolia,... Hala ere, esan daiteke sektorea krisi egoera batean dela; zailtasun handiak dituzte euren erlauntzan bizirik mantentzeko. Hau arrazoi ezberdinengatik gertatzen da: kanpoko espezieen erasoak, kutsadura, inguruan erabiltzen diren kimiko bortitzak, sektorearen jarraipen eza, etab. Horrek berak, gizartearen sektore handi bati kezka handia sortzen dio. Azken batean, hauen galerarekin bizia eta biodibertsitatea ere galtzen delako. Eta gure paisaian ere, izugarrizko eragina du: ez badago erlerik, landareen ugalketa izugarri murrizten da eta.  

Erlea: bizitza eta heriotza

Igartubeitin ditugun garai bateko erlauntzak