Gari Arambarri artistak "Hik egurre ta nik teilatue" proiektuaren emaitza aurkeztu du Zerainen

2023/04/03
Materialtasunaren, espazioaren eta paisaiaren kontzeptuei buruzko proiektua da, eta bizitzeko modu kontrahegemonikoak aztertzen ditu. Hustutako baserri baten hondatze progresiboa erakusten duten irudi batzuetan oinarrituta, Straub-Huileten "Trop tôt, trop tard" (1982) filmeko pasarte bati lotzen zaio obra, non "Les paysans se révolteront 1976" (Nekazariak matxinatu egingo dira 1976) dioen pintada bat agertzen den

Gari Arambarrik, Barne Begiradak kultur proiektuaren barruan Igartubeiti Baserri Museoak abian jarritako Ars Natura-n aukeratutako artistak, "Hik egurre ta nik teilatue" proiektuaren emaitza aurkeztu du Zerainen. 

Hik egurre ta nik teilatue materialtasun, espazio eta paisaia kontzeptuei buruzko proiektu bat da, kontrahegemonikoak bizitzeko moduak aztertzen dituena. 70eko hamarkadako proposamen politiko erradikal batzuen ondorioz Gipuzkoan komunitatean emandako zenbait bizitza-esperientziei buruzko ikerketa batetik abiatzen da, eta gaur egunera arte lekualdatzen da gertaera horien bilakaera ikusteko, Zerainen (Gipuzkoa) abandonatutako baserri batzuetan kontzeptualizatuz. Hustutako baserri baten narriadura progresiboa irudikatzen duten irudi batzuetan oinarrituta, Straub-Huileten Trop tôt, trop tard (1982) pelikulako pasarte bati heltzen dio Garik, non Les paysans se révolteront 1976 (Nekazariak matxinatuko dira 1976) dioen pintada bat agertzen den. Testu honen erreprodukzioak autonomia politiko bat sortzeko aukerak utzitako hutsuneari buruzko hainbat gai zabaltzeko balio du, eta egoteko beste aukera batzuetan pentsatzeko, paisaia eta komunitatearen eta lurraldearen arteko afektuak eraldatzeko, hori guztia Zerainen 1976an etxebizitza kooperatiboak eraikitzearekin batera.

Igartubeiti Baserri Museotik oso positibotzat jotzen dugu Gari Arambarriren lan artistikoa, deialdiaren helburuetara egokitu dena: lurraldearen, kulturaren eta aldaketa sozialaren arteko lotura, lurraldean bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketa eta etorkizuna landa eremutik birpentsatzeko iruditeria berrien eraketa. Azpimarratzekoak dira, baita ere, Zeraingo komunitatearekin batera egindako interakzioa eta bitartekaritza-lana. Zerainek modu aktiboan hartu du bere proposamena, Garirekin batera prozesu artistiko osoan murgilduz.


Gari Arambarri Arregui (Azkoitia, 1997). Bilbon bizi eta lan egiten du. Artearen Historian graduatua (2019) eta Arte garaikide teknologiko eta performatiboan masterra (2020), biak UPV/EHUn. Egoitzak egin ditu BilbaoArten, Tabakaleran, LABen Elkargunean eta Dinamoan. 2022an bakarkako lehen erakusketa egin zuen Koldo Mitxelena kulturunean, JAIren Tabakalerako ikasketa-programan parte hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen arte plastikoak ekoizteko.

Egoitza artistikoan zehar, Zeraingo publikoari zuzendutako tailer bat eta egoitzan garatutako sormen prozesuaren aurkezpen bat egin du ”Ber (topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak” izeneko jardunaldietan, martxoaren 28an eta 29an Igartubeitin egin direnak.

Igartubeiti Baserri Museoak abian jartzen duen programa Next Generation funtsen bidez Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko hiriguneetan kultura-eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen bidez finantzatzen da.

Barne Begiradak. Sorkuntza garaikidea landatartasunetik proiektuari buruz
Barne Begiradak Igartubeiti Baserri Museoaren lan ildo bat da, 2013an hasitako ondare eta arte arloaren artean. Gizarte berrikuntzaren eta praktika artistiko garaikideen bidez landa ingurunean bizitzeko moduak ikertzea planteatzen du.

2013tik, Igartubeiti Baserri Museoak lan-ildo hori garatu du, besteak beste, urteko kultur programazioan ildo artistiko bat txertatuz, egoitza artistikoak sortuz edo sorkuntza garaikidea eginez. Lan-eremu horri jarraipena eman nahi dio Igartubeitik bere ibilbidean zehar.

2023an bultzada berri bat lortu zuen, Next Generation funtsen bidez Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko hiriguneetan kultura-eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzei esker.