Gipuzkoako sagardorik onenak

2016/06/03
Bihar, ekainak 4ean, aukeratuko dituzte sei sagardoetatik Gipuzkoako onena.

Adunako Aburuza, Hernaniko Akarregi, Astigarragako Alorrenea, Hernaniko Altzueta, Andoaingo Gaztañaga eta Aiako Izeta. Sei sagardotegi horiek daude bereziki datorren larunbatean, ekainak 4, Donostian hartuko den erabaki baten zain, eguerdiko 12:00tan Gastronomiazko Euskal Anaiartean argituko baita zein den, sei finalista horien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren XV. Sagardo Lehiaketaren irabazlea.

Aurten 18 herritako 39 sagardotegik hartu dute parte lehiaketan, inoiz baino gehiagok. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: ekoizpen prozesuan sagardogileak egin duen lanaren balioa nabarmentzea eta botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik aztertuta.

Lehiaketako parte-hartzaileen sagardotegietako kupeletatik edo barriketatik hartu dira laginak eta horiek Fraisoroko laborategian aztertu dira. Aurtengo sagardoetan 15 parametro neurtu dira, baina analitika fasean lau bakarrik hartu dira kontuan: azidotasun lurrunkorra, azukrerik gabeko guztirako estraktu lehorra, metanola eta glukosa-fruktosa. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen du zein upeletatik hartu behar den sagardoa eta bakoitzetik hamahiruna botila hartu ziren. Apirilean jaso ziren botila horietatik bina Aldundiko Fraisoro laborategira bidali ziren aztertzera. Etiketa berdinak jartzen zaizkie botila horiei dastatze fasean identifikatuak izan ez daitezen. Sailkapenerako dastatzeak maiatzean egin ziren Fraisoron, eta larunbateko finalerako sei sagardotegi hautatu ditu epaimahaiak: Adunako Aburuza, Hernaniko Akarregi, Astigarragako Alorrenean, Hernaniko Altzueta, Andoaingo Gaztañaga eta Aiako Izeta

Larunbat honetan egingo den lehiaketaren finalean Gipuzkoako 2016ko sagardo onena zein den erabakiko da. Fraisoroko Dastagunean ikasi eta diplomadun diren dastatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratuko du irabazlea.

Aurtengo lehiaketako sagardogile irabazleak 3.000 euro eta txapela eskuratuko ditu. Bigarren sailkatuak 1.500 euro, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro. Lehen hiru irabazleek eskala ezberdinetara egina dagoen Donostiako Bidarte baserriko Garralea edo karreto barrika ezagunaren erreplika bat eskuratuko dute. 

Gipuzkoako sagardorik onenak

Gipuzkoako sagardorik onenak