Hartzak, esnatu!

2021/02/11
Ihauteri, ihote, karnabal, aratuste, maskaradak ospatzeko garaia da otsailetik hasi eta martxora bitarteko zati hau. Trantsizio garaia da eta negutik udaberrirako jauzia irudikatzen dute.

 

“Lehenagoko hüskaldün zaharrek erraiten zigüen gizuna hartzetik jiten zela. Bai gizuna hartzetik fabrikatürik düzü”

(Pette Prebenderen testigantza,Txomin Peillenek bilduta. Santa Grazi-Zuberoa)

Otsailak badu izaera berezi bat guretzat: festa garaia. Hilabete honetan hasi eta martxoa bitarte inauteriak ospatu ohi dira. Baina zergatik orain? Bada udaberriko ekinozioa dela medio. Gure arbasoek euren bizitza urtaroen eta eguraldiaren bueltan eraikitzen zuten, eta festa ugari eguraldi edo urtaro aldaketarekin loturan gauzatzen ziren. Udako solstizioa biziaren, berotasunarekin eta eguzkiaren lotzen da. Negukoa aldiz, heriotza, hotza eta ilargiarekin. Bizitza modu ziklikoan ulertzen zenez, beharrezkoa ikusten zen negua igarotzea udaberriko ekinozioaren etorrera gauzatu arte. Ilargia beraz, ahultzen doa apurka eguzkia indarra hartzen doan heinean, eta eguzkiaren berpizte horrekin ere lurra esnatzen doa, bizitzaren berrindartzea emanez. Inauteria beraz, erritual luzea da, ezen neguak etortzen diren indar gaiztoak uxatu behar baitira: hotza, iluntasuna,...

Hala ere, gizartean eraldaketa handiak gertatu diren moduan inauteriak ere izugarri aldatu dira: esaterako, garai batean astean zehar eta denboraldi luzez ospatzetik asteburuan eta denboraldi laburrean ospatzera pasa gara. Hala ere, aldaketa handienak XX. mende amaieran eman ziren, garai honetan galtzear zeuden tradizioen berreskuratze bat ematen baitzen. Aintzina, garai honetan kuttuna zen animalia bati buruz hitz egingo dugu jarraian: hartza.

Inauterietan, hartzaren errepresentazioak ugariak izan dira: Urruñan, Azkainen, Baionan, Markinan, Zalduondon, Arizkunen, Zuberoako maskaradetan, Bergaran, Seguran, Donihabe Lohizuneko Hartzaren Eguna... Eta hartzak bazuen guzti honetan bere funtzioa, ezen biziaren zikloa irudikatzen baitzuen. Honela, hartza neguaren eta udaberriaren arteko aldaketaren agente da, eta bizitzaren beraren sinbolo bilakatzen da; hartzaren iratzartzearekin lurra pizten baita.

Gure arbasoen gogoan hartza zen biziaren ametsa, etengabeko gurpil ibiltaria hobekien islatzen zuena. [...] Bere loaldi eta iratzarraldiekin urtero errepikatzen zaigun biziaren zikloa irudikatuz” (Aurkenerena, 2019)

Iker Üthürralt Saint-Estebanen (2020) , inauterien helburua lotan den hartza esnatzea dela dio. Honela, soinuak eta zaratak hartzen du erdigunea jai honetan. Hain zuzen, inauteri garaiko zenbait pertsonaien funtzioa horixe da; joaldunak joareak mugituz, adarra joz edota dantzarien txintxarriak astinduz, hartzaren iratzarra ematea da helburu.