Hitz galduak landatzen, Euskaraldian!

2022/11/16
Azaroak 18tik abenduak 2ra Euskaraldia ospatzen da, hitzez ekiteko garaia. Kaleak, sareak, guneak…euskarazko hitzez beteko ditugu, inoiz baino errazagoa izan dadin euskaraz mintzatzea

Igartubeiti Baserri Museoak Euskaraldian parte hartuko du, urtero bezala, baina aurten ekimen berri batekin. Igartubeitik nekazal inguruneko eta orain dela 500 urte baino lehenagoko bizimodua isladatzen du, bere helburua iraganeko ohiturak gaurkotasunera ekartzea da, beraz Euskaraldian baserrian eta landa ingurunean erabiltzen ziren hitz galduak berpiztuko ditugu.

“Hitz galduak landatzen” ekimenerako gure sare sozialetan partekatuko ditugu hitz desberdinak, gaur egun ez direnak hainbeste erabiltzen, baina garai batean egunerokotasunean erabiltzen ziren hitzak izango dira.

Egun hauetan, erabilera anitzeko gelan, bisitariek naturarekin edo baserriarekin zerikusia duten euskarazko hitz gogokoenak partekatzeko gune bat sortuko dugu.

Gainera abenduaren 3an, euskararen eguna dela eta, bisita berezi bat antolatu dugu, bisitan zehar hitz galdu hauek denon ahoetan ereingo ditugu.

Animatuko zara gurekin hitz galdu hauek landatzen?