Igartubeiti, “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketan

2025/07/09
Erakusketak euskal landa-ingurunean eraikitako ondareari ematen dio balioa eta tipologia baten iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa proposatzen du. Euskadiko Arkitektura Institutuan ikusgai irailaren 14ra arte

Baserria mendetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura bezala aurkezten da erakusketan, eta baserriaren historia aztertzen du, imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatuaz harago.

Erakusketa Ibon Telleria Julian arkitektoak eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak, eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakasleak komisariatu dute. Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea da, eta esperientzia du paisaia ezberdinen eraikuntzari eta munduko hainbat lekutan arkitekturen materialtasunari buruzko ikasketen garapenean.

Zuhaitzek historia kontatzen dutenean

Egurrari eta harriari eskainitako erakusketako lehen aretoan, Arkeolan Fundazioak dendrokronologiarekin (zuhaitzetan denbora aztertzen duen zientzia) egindako ikerketen emaitzak eta Igartubeiti bezelako “dolare-baserrien” jatorrizko itxura birtualki berreraikitzea ahalbidetu duten ikerketa arkeologikoak aurkezten dira.

EAI_Baserri erakusketa

 

 

 

 

 

 

 

XV. mendeko zurezko baserrien atari estandarizatuen egitura baten eredu ideala, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko Arkitektura Eskolako Fablab-en garatua ikusgai dago. 

Aretoaren bigarren zatiak XVI. mendeko krisi ekonomikoak lurraldearen bilakaera arkitektonikoan inflexio-puntu bat markatu zuela erakusten du, harria elementu konstruktibo nagusi bihurtuz. Antzinako dolare-baserriek erabateko aldaketa jasan zuten. 

Eraikuntza-iraultza

Bigarren aretoan, XIX. mendea landa-eremurako mugarri bat izan zela azaltzen da. Karlistadak bezalako gatazka armatuek eta ondorengo industrializazioak izugarri aldatu zuten populazioaren oreka, baserriaren eredu tradizionalaren pixkanakako gainbehera eraginez.

Jatorrizko eredua desagertzeak kontzeptu hori bi eboluzio-ildo independentetan bereiztea ekarri du: alde batetik, baserria paisaiaren elementu gisa etengabe berrinterpretatu izana; eta, bestetik, lurraldean zehar banatutako milaka baserrik eraikitako ondare eskerga, XXI. mendeko beharretarako bere erabilera berrasmatzeko erronka planteatzen duena.

Baserriaren oraina eta etorkizuna

Atal honetan Atari eta Reflex Gunearen Neoberri proiektuko materialak, egutegiak eta baserriaren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa jasotzen duten argazkiak daude.

Gainera, Euskadin zehar baserriak birgaitzeko egindako proiektu arkitektonikoak ilustratzen dira. “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak baserriek egungo etxebizitza-krisian izan dezaketen zereginari buruzko eztabaida zabaldu nahi du; izan ere, landa-inguruneko eraikin horiek jatorrian etxebitza bezala erabili ziren.

Ordutegia

Asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.