Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Asterik jasangarriena eta irisgarriena ospatuko du urriaren 9tik 18ra

2019/10/07
Baserrian sagar prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra izango da. Hitzorduak antzezpenak, kirikoketa erakustaldiak, inguruko jatetxeetan dastaketak eta erakusketak barne hartzen ditu. Aurtengo berritasunen artean, museoak eragozpen fisikoak kendu ditu eta bertako baserritarrekin bat egin du zanpatutako sagarra Igartubeitikoa eta bere ingurukoa izateko.

Igartubeiti Baserri Museoak, museoko urteko jarduerarik garrantzitsuena, Sagardo Astearen XVIII. edizioa aurkeztu du gaur goizean. Sagarraren natur zikloa balioan ipini asmoz, jarduerez osatutako 10 egunetako programa, antzezpenak, kirikoketa erakustaldiak, inguruko jatetxeetan dastaketak eta erakusketak.

Hitzordu honetan, bisitariek duela mendeetako jarduera honen lekuko dira, dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusiz.

Edizio honetan, Igartubeitik Sagardo Astea jasangarritasun eredu izateko apustua egin du. “Igartubeiti bertako komunitatearen, Ezkioko eta Urola Garaia eskualdeko, partaide eraginkorra da, kultur arloko eta ingurune sozialaren dinamizazio eragilea da”.

Testuinguru honetan, landa ingurunea jarduera honen ardatz nagusia dela kontutan izanik, bertako baserritarrengana hurbildu eta Igartubeitin joko den sagar guztia Ezkiokoa izatea lortu dugu, zati bat Igartubeitiko sagarrondoetatik eta beste bat zenbait baserritarrena” azaldu du Kizkitza Ugarteburuk, Igartubeiti baserri museoko arduradunak.

Urriak 12 eta 13ko sagar jotzetzan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. Aurten, lehen aldiz, “sagar joaleak”, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek, euskal herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoak, eskainitako lantegi batzuetan sortutako taldeko partaide dira.

Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez Igartubeiti baserria ezagutzeko aukera eskaintzen du. Asteburuan, 11:30etatik aurrera, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa antzeztuko du.

Sagarra jarduera honetako protagonista izango da. Alde batetik SagarArte ireki berri den aldi baterako erakusketa ikusteko aukera izago da. “Erakusketa hau, kultur ondarea praktika artistiko garaikideekin uztartzen duen museoaren lan ildoan txertatzen da, oraingo honetan sagarraren bitartez” azaldu du Ugarteburuk. Erakusketa abenduak 29a arte izango da ikusgai.

Erakusketa hau dinamizatu asmoz, dastaketak antolatu ditugu urriak 18an eta azaroak 15ean, Ezkioko baserriaren inguruko jatetxeetan, bisitariak arte lanez berriro gozatzeko oraingoan gastronomiaren bitartez.

Museo irisgarria
Era berean, baserri museoak erabaki du bisitariak kotxez ez igotzea pilaketak ekiditeko. Urriak 12 eta 13an DOAKO autobus zerbitzua eskainiko da 10:00etatik 14:30etara, Santa Lutziko industria gunetik. Ezingo da baserrira kotxean igo.

“Ekimen hau jasangarritasun eta irisgarritasun plangintza zabalago baten parte da. Baserri Museoa pertsona guztiei irekitzea nahi dugu, beraien ahalmenak alde batera utzita” adierazi du museoko arduradunak. Hori dela eta, eragozpen fisikoak kendu dira, mugikortasun murritza duten pertsonak ekimen honetaz modu autonomoan goza ahal izateko.

Ekimen hau aurten burututako zenbait ekintzetan gauzatu da: baserri inguruko aldeak beheratu, gurpildun aulkiekin ibili ahal izateko bidexka, baserri barneko zirkulazioa hobetzeko arrapala irisgarriak eta mugikortasun urritasuna duten pertsonak dolarera sartu ahal izateko atzeko bidea hobetzea.

Sagardo astea, prozesu baten emaitza
Igartubeiti Baserri Museoak, urteak daramatza, baserria ondarearen ardatza dela kontutan izanik, bere aberastasuna lantzen, bere zaintzatik, errespetutik, ingurunearen, bere baliabideen, erabilpenen eta eskaintzen dituen zerbitzuen arteko oreka bilatuz.

Urteko jarduera puntual bat izatetik haratago, Sagardo Astea, negutik udazkenera bitartean
garatzen den prozesu baten, sagarraren ziklo naturalaren emaitza da.

Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Prentsaketa eta kupeletan gertatzen den zukuaren fermentazioaren ondoren, martxoan, Barrikote festa ospatzen dugu, sagardoaren dastaketarekin.

Informazioa:
Santa Lutziko industria gunean Parking-a
DOAKO autobus zerbitzua jarraian.
Ezin izango da baserriko parking-era kotxerik igo.

Plaza mugatuak. Aurrez izen emateak

Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan, sarrera murriztua izango da eta erreserbak egiteko aukera izango da.

Igartubeitira nola iritsi

Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1km) hau da, Ormaiztegi eta
Zumarraga artean.

Sagar jotzeak dolarean eta kirikoketa
Astean zehar, urriak 9, 10, 11, 14, 15, 16, 17 eta 18an, sagar jotzeak egunero izango dira goizez, 11:30etatik aurrera. Asteburuan, urriak 12 eta 13an, sagar jotze bakarra burutuko da 12:00etan.
Sagar jotze bakoitzaren aurretik, Kirikoketa ikustaldia burutuko da.

Dastaketak:

  • Ostirala urriak 18, 19etan, TOPA jatetxean
  • Ostirala azaroak 15, 19etan, AGIRRETXEA jatetxean

Izen emateak: sagararte@astarbe.eus

Sagardo Astea 2019ko programa

 

 Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Asterik jasangarriena eta irisgarriena ospatuko du urriaren 9tik 18ra

Sagardo Astea 2019 Igartubeitin