Igartubeiti Baserri Museoaren 25urrena
Igartubeiti Baserri Museoak abuztuaren 11ean bete ditu 25 urte. Mende laurdena tradizioa eta garaikidetasuna lotzen, hainbat talde, elkarte eta bisitariekin sarean lanean.
Irailaren 26an, larunbatean, "Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean" festa bikaina egin genuen gertuko komunitatearekin.
Denok elkarrekin, sagar itxurako egitura eraikiko genuen, zumitza eta sormena uztartuz. Apirilean, Ezkio-Itsasoko eskolako ikasle eta irakasleek, habia teknikaren bidez, egindako zumitzezko piezak batu eta elkartuko genituen, Itziar de La Granja artisauaren laguntzarekin.
Sagarra ez da fruitu husa: urte hauetan ehundu dugun sarearen sinboloa da, lotura, lankidetza eta istorio bakoitzak bat eginez zerbait handiagoa osatzen duen espazioa. Zumitz adar bakoitzarekin gogoratzen dugu gure museoa pertsona guztien parte-hartzeari esker bizi dela, eta elkarrekin edertasuna, memoria eta komunitatea eraiki ditzakegula.
Ezkioko Iñaki Alberdik eta Jorge Aranburuk garo meta egin zuten.

Sagardo Astearen barruan egokitzen den asteburuan, festa pixka bat luzatu genuen, eta aurten, urriaren 10ean ta 11n, larunbatean eta igandean, museoaren kanpo eremuan bazkaltzeko aukera izan da, trikitilariek giroa alaituz.

Urola Garaiko eta Goierriko bost emakume artisauk egindako obrak jasotzen dituen "Denbora esku artean" erakusketak ere lotura du 25.urteurrenarekin. Euskal baserriaren ondarea kontserbatzen, ikertzen eta zabaltzen aritu da museoa urte hauetan guztietan, eta, aldi berean, inguruko artisauekin lankidetza estuan ere aritu da, jakintza tradizionalaren eta sorkuntza garaikidearen arteko topaguneak sortzeko eta egungo erronkei heltzeko asmoz.
Testuinguru horretan antolatu da erakusketa, baserrian lantzen diren lau diziplina batzeko asmoz: zeramika, lihoa, artilea eta saskigintza. Hala, Urola Garaiko eta Goierriko bost emakume artisauk egindako obrak biltzen ditu erakusketak: Pott keramikako Jone Urain eta Maite Salutregik zeramikazko obra egin du, Leire Santillanek lihoarena, Sandra Clivillek artilearena eta Itziar de la Granjak saskigintzaren artisautza landu du.
2027ko apirilera arte ikusi ahalko da bertako interpretazio zentroan.
Eskerrik asko 25 urte hauetan museoaren ibilbidean gurekin bat egin duzuen guztiei, eta bidea elkarrekin egiten jarraitzera animatzen zaituztegu.

