Igartubeiti Baserri Museoko Sagardo Asteak Erronka Garbia Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzea lortu du

2026/07/20
Sagardo Astea ahalik eta modurik jasangarrienean egingo da, besteak beste mugikortasuna, energia, ura eta hondakinak ahalik eta gehien murriztuz. Erronka Garbia proiektuak bultzatzen dituen helburuekin guztiz egiten du bat Igartubeiti Baserri Museoak, eta kontuan izaten ditu urte guztiko lanketak. Ziurtagiria lan horren emaitza izan da. Urriaren 7tik 17ra bitartean egingo da Sagardo Astearen XXV. edizioa, urteurren berezia ospatzeko ekitaldi osagarriekin

Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasunaren aldeko apustuan lanean jarraitzen du, eta aurtengo Sagardo Astea Erronka Garbia ingurumenaren jasangarritasun planaren baliozkotzearekin egingo da. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza departamenduak eta Ihobek bultzatzen duten programa da Erronka Garbia, eta ekitaldiak, diseinatzen diren unetik amaitzen diren arte modu jasangarrian ospatzea du helburu.

Igartubeiti Baserri Museoaren kasuan, aurtengo Sagardo Astearekin lotuko da Erronka Garbira, non Sagardo Asteak eragingo duen ingurumen inpaktua aintzat hartuko den, sortu ditzakeen eragin negatiboak murrizteko eta positiboak indartzeko. Hala, aurtengo Sagardo Astearen antolaketak, hainbat ingurumen irizpide gehitu zaizkio orain arteko prozedurari. Erronka Garbia programak lehentasunezko sei ardatz identifikatzen ditu ekitaldiak ingurumen aldetik hobetzeko (mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak, eta hondakinak), eta Sagardo Astean horiek ardatz hartuta egingo da lan.

Erronka Garbia proiektuaren helburu nagusia kontzientziatzea da, bai ekitaldia bera antolatzen duten pertsona eta erakundeei eta baita ekitaldi horietan parte hartzen duten pertsonei ere. Helburu horrek erabat egiten du bat Igartubeiti Baserri Museoaren filosofiarekin, helburuekin eta jarduketarekin, eta horregatik erabaki da Sagardo Asteari begira egitea lanketa, museoaren urteko ekitaldirik garrantzitsunean.

Sagardo Astea

Igartubeiti Baserri Museoak 25 urte betetzen ditu aurten eta urriaren 7tik 17ra bitartean Sagardo Astearen XXV. edizioa ospatuko du. Aste berezia izango da aurtengoa, eta ohiko jarduerez gain bereziak ere ospatuko dira urteurrena komunitatearekin ospatzeko. Hala, eta Erronka Garbia ziurtagiriari lotuta, mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak ardatz izango dituen neurriak hartuko dira.

Besteak beste, bisitariak Igartubeiti Baserri Museora garraio publikoan etortzea sustatuko da, eta posible ez den kasuetan, Ezkioko industriagunetik museora doan ekainiko diren autobusak erabiltzea bultzatuko da.

Beste helburuetako bat hondakinen kudeaketa izango da. Ahalik eta hondakinik gutxien sortzea eta sortzen direnak sailkatzea izango da helburu nagusia. Uraren erabileran ere izango du eragina Erronka Garbiak, eta kontsumoa murrizteko eta kontrolatzeko hainbat neurri hartuko dira.

Ingurumen inpaktua prozesu osoan zehar

Igartubeiti Baserri Museoak urteak daramatza baserriaren aberastasuna lantzen, baserria bera ondarearen ardatza dela kontutan izanik. Bere zaintzatik hasita, errespetutik, ingurunearen, bere baliabideen, erabilpenen eta eskaintzen dituen zerbitzuen arteko oreka bilatzeko lan egiten da.

Izan ere, urteko jarduera bat izatetik haratago, Sagardo Astea negutik udazkenera bitartean garatzen den prozesu baten emaitza da, sagarraren ziklo naturalarena. Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak egin behar izaten dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Jarduera horiek guztiak ere ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin helburuarekin egiten dira. Horren adibide da, esaterako, Sagardo Astean zanpatzen den sagarra Ezkio inguruko hornitzaileen bidez lortzen dela, produktuaren trazabilitatea ahalik eta mugatuena eta murritzena izan dadin.

Izan ere, Igartubeiti Baserri Museoan, ingurumen eta jasangarritasun lanketa ez da Sagardo Astera bakarrik mugatzen, baserriaren eta museoaren urteko helburua baita horiek zainduz ingurumena ere babestea.

Hala, Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzea lortuta, Sagardo Astean Erronka Garbia marka erabiltzeko eskubidea ematen dion Erronka Garbia ziurtagiria estreinatuko du Igartubeiti Baserri Museoak.