Igartubeiti Baserri Museoko Sagardo Astearen 25. aldia ospatuko da urriaren 7tik 17ra

2026/09/30
Egitarauak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzestuak eta Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua barne hartzen ditu, eta urriaren 10ean eta 11n festa berezia egingo da museoan. Sagardo Astea Erronka Garbia Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzearekin ospatuko da

Igartubeiti Baserri Museoaren 25. urteurrena ospatzen da aurten, eta beraz, Sagardo Astearen 25. aldia. Urriaren 7tik 17ra egingo dira Sagardo Asteko ekintzak. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusi ahal izateko urteko aukera bakarra izaten da Sagardo Astea, sagar zukua egiteko urteko zita bakarra, hilabete batzuen buruan hartzitu eta sagardo bihurtuko dena.

Sagardoa Routekin lankidetzan (Euskal Sagardoaren Ibilbidea), Sagardoaren Astearekin batera, programazio oparoa jarriko da bisitarien eskura urriaren 7tik 17ra, eta sagarraren prentsatzeaz gain, trikitixa saioak eta antzerkia egongo dira, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak ikusi ahalko dira, eta Legazpiko Langileen Ibilbidea bisitatu ahal izango da. Urteurren berezi hau komunitatearekin ere ospatu nahi da, eta hala, urriaren 10ean eta 11n, larunbata eta igandea, festa berezia ere egingo da Igartubeiti Baserri Museoaren eta Interpretazio Zentroaren inguruetan.

Izan ere, asteburu horretan, ospakizunak arratsaldean ere jarraituko du. Ohiko erakustaldiak amaituta, Igartubeiti Baserri Museoan, bi egunetan, bazkaltzeko aukera eskainiko da hala nahi duten bisitarientzat, eta bazkalostea trikitilariek girotuko dute. Bisitan izena eman dutenei zuzendutako eskaintza izango da, eta dagoeneko izena eman duten pertsonekin datozen egunetan jarriko da museoa harremanetan, informazio zehatza helarazi eta zerbitzua erreserbatu nahi duten galdetzeko.

Prentsaketak erritmoarekin, antzespenak, trikitilariak eta erakusketak

Urriak 10, 11, 12 eta 17ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. “Sagar joaleak”, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek, euskal herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoak, eskainitako lantegi batzuetan sortutako taldeko partaide dira kirikoketa taldeko kideak.

Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez baserria bera ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Hala, urriaren 10ean, 11n, 12an eta 17an, 10:45etatik aurrera, antzespenak izango dira, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrak “Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa” antzeztuko baitute.

Urriaren 10ean, larunbatean, eguerdiko bazkal ordua girotzeko, Arandia anaiak trikitilarien saioa izango da eta urriaren 11n, igandean, Elustondo anai-arreba trikitilariak arituko dira. Gainera, urriaren 10ean eta 17an Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua eskainiko da gazteleraz arratsaldeko 17:00etan.

Egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek, zenbait erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino.

Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, erakusketak agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura-tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua, iruditeria kolektiboan sakonki eraginez.
Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere ikus ahal izango da.

Ingurumen jasangarritasuna oinarrian hartuta
Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasunaren aldeko apustuan lanean jarraitzen du, eta aurtengo Sagardo Astea Erronka Garbia ingurumenaren jasangarritasun planaren baliozkotzearekin egingo da. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza departamenduak eta Ihobek bultzatzen duten programa da Erronka Garbia, eta ekitaldiak, diseinatzen diren unetik amaitzen diren arte, modu jasangarrian ospatzea du helburu.

Erronka Garbia proiektuaren helburu nagusia kontzientziatzea da, bai ekitaldia bera antolatzen duten pertsona eta erakundeei eta baita ekitaldi horietan parte hartzen duten pertsonei ere. Helburu horrek erabat egiten du bat Igartubeiti Baserri Museoaren filosofiarekin, helburuekin eta jarduketarekin, eta horregatik erabaki da Sagardo Asteari begira egitea lanketa, museoaren urteko ekitaldirik garrantzitsuena baita.

Hala, eta Erronka Garbia ziurtagiriari lotuta, mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak ardatz izango dituen neurriak hartuko dira aurtengo Sagardo Astean.

Besteak beste, bisitariak Igartubeiti Baserri Museora garraio publikoan etortzea sustatuko da, eta posible ez den kasuetan, Ezkioko industriagunetik museora igotzeko doan eskainiko diren autobusak erabiltzea bultzatuko da.

Beste helburuetako bat hondakinen kudeaketa izango da. Ahalik eta hondakinik gutxien sortzea eta sortzen direnak sailkatzea izango da helburu nagusia. Uraren erabileran ere izango du eragina Erronka Garbiak, eta kontsumoa murrizteko eta kontrolatzeko hainbat neurri hartuko dira.

Ingurumen inpaktua prozesu osoan zehar
Igartubeiti Baserri Museoak urteak daramatza baserriaren aberastasuna lantzen, baserria bera ondarearen ardatza dela kontutan izanik. Bere zaintzatik hasita, errespetutik, ingurunearen, bere baliabideen, erabilpenen eta eskaintzen dituen zerbitzuen arteko oreka bilatzeko lan egiten da.

Izan ere, urteko jarduera bat izatetik harago, Sagardo Astea negutik udazkenera bitartean garatzen den prozesu baten emaitza da, sagarraren ziklo naturalarena. Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak egin behar izaten dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Jarduera horiek guztiak ere ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin helburuarekin egiten dira. Horren adibide da, esaterako, Sagardo Astean zanpatzen den sagarra Ezkio inguruko hornitzaileen bidez lortzen dela, produktuaren trazabilitatea ahalik eta mugatuena eta murritzena izan dadin.

Izan ere, Igartubeiti Baserri Museoan, ingurumen eta jasangarritasun lanketa ez da Sagardo Astera bakarrik mugatzen. Hala, Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzea lortuta, Sagardo Astearen 25. urteurrenean Erronka Garbia marka erabiltzeko eskubidea ematen dion Erronka Garbia ziurtagiria estreinatuko du Igartubeiti Baserri Museoak.

Igartubeiti Baserri Museoa eta Sagardoa Route
Euskal Sagardoaren Ibilbideak, astero irteerak antolatzen ditu Igartubeitira, asteazkenero eta ostiralero garraioarekin eta astearte, ostegun eta larunbatetan garraio gabe. Gure tradiziorik zaharrenez bustitzeko eta sagardo eta gastronomiarik onenaz gozatzeko proposamena da bisita. Esperientzia Igartubeitin hasten da, non duela sei mende sagardoa nola egiten zen ikusteko aukera dagoen. Bisitak bertako sagardotegi batean jarraitzen du, eta bisitariek gaur egungo sagardoaren prozesua ezagutzeko aukera dute. Gainera, sagardotegiko menu tradizionalaz gozatu ahal izaten dute sagardo onenarekin. Sagar zuku tailerrak ere eskaintzen dira, familian egiteko plan bikaina!


Informazioa:
Plaza mugatuak. Aurrez izena eman behar da 943 72 29 78 / 72 51 07 telefonoetan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.
Igartubeitira nola iritsi:

Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1 km) hau da, Ormaiztegi eta Zumarraga artean.
https://labur.eus/6RPLA

Jardueren programa:

  • Igartubeitiko dolarea martxan

Urriak 7, 8, 9,13, 14, 15 eta 16
11:30ean

  • Igartubeitiko dolarea martxan Kirikoketa erritmora

Urriak 10, 11, 12 eta 17
12:00etan

  • Antzespenak baserrian

Urriak 10 eta 17:
● 10:45 gaztelaniaz
● 11:15 euskaraz
● 11:40 gaztelaniaz
Urriak 11 eta 12:
● 10:45 euskaraz
● 11:15 gaztelaniaz
● 11:40 euskaraz

  • Bazkaria erosteko aukera

Urriak 10 eta 11

  • Trikitilariak:

Urriak 10 eta 11
15:00-16:00

  • Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua

Urriak 10 eta 17, 17:00etan