Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea otsailean

2018/02/01
Jada esan liteke badatorrela udaberria, hilabete eskas geratzen da egutegiaren arabera, baina bai naturako izaki bizidun eta beste elementuek eta baita giza ospakizun eta sinesmen ezberdinek, lurrari lozorrotik esnatzen hasteko ordua duela adierazi diote. Landareen lehen izerdiak mugitzen hasi dira, “pizkundea” hasi da. Hortik datozkigu baita ere otsaileko zenbait erritu edota sona zabala duten euskal inauteriak eta beste zenbait ospakizun ere (aldaketa, trantsizioaren adierazle…). Udaberria badator bai, baina ez gaitezen aurreratu, izan ere honela dio esaera zaharrak: “Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan aldiz sutondoan” dio esaerak. Otsaila hotzetik edo epeletik doan, horrek markatuko dizkigu baratzeko eta inguruko lanen erritmoak. Izan ere, honek lanak azkartu edo atzeratu egingo dizkigu eta. Oraingoan ere inguruneak aginduko digu, beraz patxadaz hartu...

Lehen izerdialdia Igartubeitin

 

 

 

 

 

 

BARATZEA

Oraindik ere baratzeko produktuen landaketak xume-xume hasiko ditugu. Otsailean gure baratzeetan zainzuria landatu genezake. Gainera, bizipoza emango digu, lekua behar duen arren uzta oparoa eskainiko baitugu. Urte luzeko landarea da, beraz ongi pentsatu non landatu, urtero lurpean gorde eta berriro lurrazaleratzen baita. Eta ez baditugu mozten, landare berria osatzen dute uda garaitik aurrera. Landatzeko lekuari dagokionean, zainzuriak lur harroa behar du (lur itxia eta lokaztia bada gaizki ibiliko da), eguzkia eta babesa. Zainzuriarentzat lurra gogotik prestatu behar da. Simaur zahar ugari bota, geroago karea edo sutako hautsa zabaldu. Eta azkenik erreka inguruetako lur edo hondarra gehitu edota silize harrobiren bateko hondarra. Otsailetik apirilera bitarte landatu daiteke. Errenkada handi bat ireki, 35zm-ko sakonerakoa. Oinarrian 5cm lur beltza zabaldu. 50zm-ko tartean lur tontortxoak egin. Tontorrean bertan zainzuri landarea jarri (sustrai multzoa izango dena) eta dena ongi estali lur harroarekin. Kimu berriak sortu ahala lur gehiago bota beharko zaio, ongi estalirik egoteko. Lehen bi urteetan komenigarria da ez uztarik biltzea, honela sustraiak indartu egingo baitira. Hirugarren urtetik aurrera jaso. Zuriak jaso nahi badira lurrazalean agertu aurretik jaso, bestela berdetu egingo dira eta. Lur pixka bat kendu eta laban batekin 25zm-tatik moztu. Ekainera bitarteko uzta jaso, handik aurrera utzi hazten landaretarako, honek hurrengo urteko kimu berriak ziurtatuko dizkigu eta.
Udaberria iritsi baino lehen, iazko urtean jaso ditugun haziak ereiten hasteko garaian gaude. Nahiz eta oraindik giro epel edo berorik ez dagoen, hazia lurrari ongi itsatsiko zaio eta laster nabarituko du lehertu eta kimuak ematen hasteko lehen giro epela. Lehenik eta behin, haziak ura hartuko du, ondoren azala zatitu eta bertatik landarea ernaltzeko. Hazia zabaltzen dugun edo ereiten dugun tokian, lur gozoa jarri eta ongi zanpatu. Haziaren tamainak berak esango digu zenbateko sakoneran sartu dezakegun. Askotan, haziak baratzeko produktuenak soilik ereiten ditugu baina ez ahaztu baratze ingurua eta basoa ere.
Haziei gagozkiolarik, mundu zabaleko nekazariak, tartean baserritarrak, milaka urte luzeetan zehar hazien aukeraketa, egokitze, eta zaintza lanak egin dituzte, jakinduria hau generazioz generazio transmitituz, kultur ondare gisara. Nekazari haziak ondare unibertsalaren tokian tokiko adierazpenak dira, haziak berak, naturaren magia eta kultur ezagutza bakarrean biltzen dituelarik. Nekazari herriek beren lan eta ezagutzarekin, lurrarekin bizitzen ikasi zuten, honen atzean dagoen aniztasun ekologiko eta kulturala argitaratuz.
Gaur ordea, hazien inguruko manipulazioen ondorioz, nekazariek beraien haziekin jardutea zail dute, laborategietan genetikoki manipulatu diren haziekiko menpekotasuna sorrarazi baitute agroindustria eta agrokimiko multinazional handiek. Eszenario berri honetan, haziak ez dira lurra lantzen duten pertsonenak, jada ez dira eskutik eskura pasatzen. Baizik eta enpresa handien zerbitzura lan egiten duten teknikarien zaintzapean daude. Horregatik, gure haziak baditugu ongi zaindu, erein eta eskutik eskura zabaldu.

Porru haziak Igartubeitin

 

 

 

 

 

 

INGURUNEA

Lehen izerdi kolpe garrantzitsua aprobetxatuz, txertaketak egin ditzazkegu.Igartubeiti baserriaren izaera kontutan izanik, sagarrondoaren txertaketa hartuko dugu adibide gisa. Txertaketaren bidez bi landare ezberdin elkarrekin uztartuko ditugu, ondoren zuhaitz edo zuhaixka bat bilakatuko dena. Bi zati ezberdindu behar dira: Mentuoina edo patroia, oinarri bezala erabiliko duguna, eta sustraien bidez lurretik elikagaiak hartuko dituena. Eta txertoa, mentuoinari itsatsiko diogun aldaxka edo kimua, zeinetan elikagai eta izerdia hosto, lore eta sagar bilakatuko den. Mentuoina, hazitik etorri den sagarrondo landarea da, metro bete inguru edo hazi dena. Ez dakigunez zein sagarrondo mota den, egingo duguna honako hau izango da: batetik, sagarrondo hau enborretik moztuko dugu. Eta bestetik, sagastian dugun sagarrondo barietate jakin batetik, eman berri duen aldaxka edo kimu berri bat moztu eta mentuoinean txertatuko dugu. Bi landare zatien izerdiak elkar nahastu behar dira, txertaketa ondo atera dadin. Izerdia azalaren azpian dagoenez, azala altxatu beharko diegu, elkarri izerdia eman eta hartzeko moduan egon daitezen. Honela, mentuoinean zauri txiki bat irekiko dugu enborrean, eta bertan txertatuko dugu adar/kimu berria. Zauria ondo sendatu behar da, eta horretarako erretxina eman behar zaio eta bi zatiak ongi uztartu arte lotu egingo dugu, eta babesean eduki. Mentuoin batean txerto bat edo bi jarri daitezke. Honela, etorriko den zuhaitz berriak kimua kendu diogun zuhaitz horren fruitu berbera emango digu. Helburu hori baita, nahi dugun barietate jakin bateko sagarrondoa lortzea.

Zenbait fruta arbolen inausketak egiten hasteko garaia da, esaterako goiz mugituko diren zuhaitzenak (gereziondoa, udareondoa…) Moztutako adarrak ez ditugu botako. Ahal izanez gero, txiki txiki egin eta luarra edo konposta egiteko erabiliko ditugu, edo baratze inguruan egurrezko heskaia osatzeko ere bai. Inausketari gagozkiolarik, otsaileko hilbeheran beti ere (honek zuhaitzaren izerdiarekin du zerikusia) materialetarako edo zuretarako zuhaitzak moztu (haritza, gaztainondoa, lizarra…).

Txertaketak adierazten digu jada lehenengo izerdialdiak abiatu direla. Hori aprobetxatzea bai da helburua, zuhaitza ondo etorri dadin. Ez da harritzekoa era berean gizartean ere antzinako sinesmenetan oinarrituriko zenbait ospakizun eta errituali ere hasiera ematea sasoi honetan. Gaur folklore lirateke, antzina ordea jendartearen sinesmen egitura bat zen, gizakia eta gizartea ordenatu eta inguruneko gertaerei esanahi bat emateko. Ikuspegi horretatik agian ulertu ditzakegu inauteriak. Zeina aldaketaren mezua dakarten ospakizunak ziren. Negua amaitzen ari da eta lurra lozorrotik esnatzera doa, beraz egoera eta jardute berrien zikloa hastear da, ondorioz aurrekoa itxi eta datorrenari ongi etorria egin behar. Inauterietan, nolabait ere kaosa nagusitzen da, egunerokotasunean sozialki “onargarriak” ez liratekeen egiteak burutzen dira. Baina trantsizio garai bat bezala ulertu behar da. Aldaketa, eta aldaketan transformazioak gertatzen dira. Hortik etorriko lirateke maskarak, oihuak, musikak, ez-ohiko jantzi eta arropak, dantzak, animalia eta pertsonaia ikusgarriak (hartza, otsoa, ziripot…) Aldaketa sinbolizatu eta gizarteratzeko medioak lirateke, gaur egun jai-egun bezala ulertzen direnak. Hau da, natura eraberritzeko sasoian dago eta paraleloki landa-eremuetako gizarteak ere garai berdinetan gizartea eraberritzeko ospakizunak egiten zituen, hartza bezalaxe, lozorrotik esnatzeko. Horregatik, hartza hainbat inauterietan agertzen da, sasoi berriarekin batera iratzarri den bizia bezala. Horri lotuta ere, Kandelaria ospakizuna (argiarekin lotuta) edota Santa Ageda bezpera, zenbaitzuek esaten dutenez abesten den bitartean makilekin lurra jotzea edota inauterietako joaldunen musika lurra esnatzeko deia dela diote.

Igartubeitiko sagarrondoak

 

 

 

 

Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea otsailean

Igartubeitiko baratzea otsailean