Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea urrian

2018/10/05
Urriak Euskal Herrian amaiera eta aldi berean hasiera esan nahi du, hilabete honekin batera udazkena datorrelako. Baserritarren ahotan “udaitzena” zen, hau da, udararen azkena. Baratzari dagokionean udarako azken uztak jasotzen jarraituko dugu eta negura begirako zenbait landaketa egin edota lurra zaintzeko hainbat jarduera egin daitezke. Inguruneari arreta eskaini behar zaio, urtaro aldaketa nabarituko dugulako bai inguruetako zuhaitzetan baita udazkenak dakartzan haize ufadetan ere. Eta noski, fruitu bilketa garaian gaude, batez ere bati emango diogu garrantzia, sagarrari.

BARATZEA

Piperrak biltzen hasi gaitezke, hotzak hasi aurretik egitea komeni da, aleak frexkotan jateko. Bestela, hotzak harrapatu eta hostoak zimeltzen hasten direnean, zuzenean landare osoa sustrai eta guzti lurretik atera eta buruz behera zintzilikatuko dugu. Honela, landareak sumatuko du lurretik ezin dituela elikagaiak eskuratu eta dituen erreserbak fruitua, hau da piperrak haztera bideratuko du. Ondoren piper aleak jaso eta soka baten bitartez lotu tira luzeak eginez, lehortzen jartzeko. Honela nahi izanez gero piper hautsa egiteko aukera izango da.

Igartubeitiko piperrak

 

 

 

 

 

 

 

              Igartubeitiko piperrak

Oraindik tomate alerik baduzue hauxe da hotzak harrapatu aurretik aprobetxatzeko unea. Hotzak tomateari eraso eta zapuztu egiten baitu. Aleak berdexka badaude ere, erabat gorritu gabe lasai kendu. Izan ere gorritzeko eguzkia eta beroa behar du, eta hemendik aurrera gutxiagotan izango dugu. Beraz, jaso aleak eta hegoaldera, eguzkiak ematen dion lekuren batean jarri zertxobait gehiago gorritu daitezen. Baina denbora askotxo izaten baditugu bigundu eta galtzeko arriskua dugu.

Bestalde abuztu amaieran eta irailean landatutako aza, uraza eta beste landareen zaintza egin, hasierako hotzek kaltetu ez ditzan, hauek izango baitira neguko gure barazkiak.


INGURUNEA

Udazkenaren etorrera ederki asko nabarmenduko dugu, gure basoetan agertuko diren berde ilun eta marroi koloreei esker, esaerak dioen bezala “udazkena urtarorik ederrena”.

Baina udazken koloreaz gain, urrian haizea ere nabarituko dugu. Nola eragin izan ote dio haizeak baserriko bizimoduari? Bada zentzu askotan, hasi etxearen diseinutik eta uzta nola eta non gorde zehazteraino. Misteriotsua ere bada: somatu somatzen da baina ez da ikusten, eta egun haizetsuetan soinu beldurgarriak ateratzen ere badaki. Eta honek ia magiazko izaera zuen antzinako euskaldunentzat, haizea leize zuloetatik irteten zela pentsatzen baitzuten, beharbada mariren koba barrunbeetatik.

Igartubeitiko sagarrak

 

 

 

 

 

 

 

                Igartubeitiko sagarrak

Negurako ganbarak betetzen hasteko garaia da, baita sagardoa egiteko sasoia ere. Igartubeitin prest gaude dolare zaharra martxan jartzeko eta horixe egingo dugu urriaren 10tik 19ra, sagardo astea ospatuko baitugu. Alajaina, urte oso bat sagarrondoak zaintzen eta mimatzen egon ondoren iraila eta urri hasieran sagastiko sagar uztak biltzeko garaia da, kixkiaren laguntza baliatuz. Ondoren sagarrez betetako saski guztiak baserriko dolarera eramaten ziren eta kirikoketari ekiten zitzaion, hau da sagarra eskuz jotzeari. Sagarrak jotze hau aldi berean sorkuntza musikal bat dela ere esan dezakegu, izan ere kirikoketa lan bat izateaz gain (sagarra eskuz jotzea) txalapartako abesti eta erritmo bat da. Abesti hau bera jotzen zen sagardoa egiteko prozesu guztia amaitu ondoren, dei bat moduan, auzokoek jakin zezaten sagardoa egina zela. Honela, sagarra eskuz jo ondoren patxa lortzen dugu. Hau dena bildu eta pilatxo bat egin ondoren dolareeko habe nagusiarekin zapaltzen hasiko gara, zukua edo mostoa ateratzeko. Likido hau kupeletan gorde eta zenbait hilabetez bertan uzten zen irakin zezan, honela sagardo bilakatuko baitzen.
XV eta XVI. mendeetako baserriak, sagardoa egiteko makina erraldoiak ziren, baserri dolareak hain zuzen ere, eta urria zen sagardoari eskeintzen zitzaion hilabetea.

 

Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea urrian

Igartubeitiko baratzea urrian