Igartubeitiko Baratzea Azaroan

2017/11/01
Honelaxe dio esaera zaharrak: “azaroko eguna, argitu orduko iluna”. Ederki asko adierazten digu esaera honek azaroan murgildu orduko datorkiguna. Eguna mozten hasi da. Eguzkiak beheranzko joera hartzearekin batera, goi-mendietako artzainek ere, artaldea atzean dutela baserrirako itzulerari ekin diote. Honekin batera, historian zehar zeresana eman duen garia ereiten hasteko garaia izaten zen azaroan. Eta nola ez, gaztina erreak jateko eta baserrietako su ederra pizteko garaia, neguaren ataria. Besteak beste honako landaketak egiteko garaia da: marrubia, eskarola, borraja, porrua, ziazerbak, tipulina…

BARATZEA

Esan bezala, urte sasoi hau izan da baserrietan garia ereiteko lanei ekiteko garaia. Beste zenbait elementurekin batera, garia baserriaren historian zeresana eman duen elikagai, edo are gehiago pertsonaia izan da. Ataungo San Martin Txikiren kondairak adierazten digu nola baserritarrek mendi eta basoetako jentil eta basajaunei, historiaurreko “lehen gizakiari” alegia, ikasi edo “lapurtu” zizkieten garia erein eta landatzeko sekretu guztiak. Ordutik, baserrietan bidelagun izan da garia, eta gainera zenbait gatazka eta matxinaden iturri ere izan da; izan ere garia errenta edota elizari hamarrena ordaintzeko erabiltzen zen “moneta” izan da baserrietan, besteak beste. 

Gaur egun, baserrietan ia landatzeari utzi zaio, eta ondorioz oraingo baratzeetan aurki ditzakegun beste zenbait elikagai izango ditugu hizpide. Esaterako, iaztik Igartubeitiko baratzean dugun marrubia. Izan ere, urri amaiera eta azaroa marrubia landatzeko garaia da. Marrubia, azaroan landatu eta bere fruitua udaberri amaieran eta udan emango digu. Ondoren neguan deskantsuan utzi behar zaio.  Marrubiaren latinezko izen zientifikoa fragaria da. Eta hortik dator “fragancia” hitza. Hau da, usain oneko fruitua delako eman zitzaion izen hori. Marrubia, delikatua da. Lur aberatsa eta freskoa du gustuko eta udaran ongi ureztatu eta simaurrez ongi elikatu behar da. Bere usaina dela eta, intsektu asko erakarriko ditu, eta gaitz asko arrapatzeko arriskua du. Horregatik bere inguruan baratxuriak jartzea gomendatzen da, gaitzak ekiditeko. Berez, jaten dugun bolatxo gorrixka horren azalean dauden pinportatxoak dira marrubiaren fruituak. Aurtengo udaran zortea izan dugu Igartubeitin, marrubi ederrak dastatu ditugu eta. Orain berriro ere, udaberri amaiera arte itxaron beharko dugu Igartubeitiko marrubiez gozatu ahal izateko… 

Igartubeitiko marrubiak azaroan

Bestetik, neguari begira elikagai dotore asko bati ekiteko azken egunetan gabiltza oraintxe: ziazerba edo “espinaka” alegia. Baserriko baratzeetan historian zehar agian ez da hain ezaguna izan, baina gaur egun, gustoak aldatuz joan diren heinean, ikusi daiteke baratze inguruetan.  Duela urte asko eta asko, arabiarrek Pertsiatik ekarri zuten. XII.en mendean. Eta Al-andaluseko agronomo ospetsu batek aipatu zuenez, hostoa jaten diegun barazkien artean bera litzateke buruzagia, eta oso osasuntsua da gainera. Lur freskoa gustatzen zaio, eta simaur askorekin ondutakoa. Egun beroetan ureztatzea komeni da, bestela hostoak azakar lehortuko zaizkio. Esaterako, lekadunak egon diren lurrean landatzea onuragarria izango zaigu, bertan geratu den nitrogenoa erruz xurgatuko baitu.

Bestalde, azaroan zehar, baserrietan jarduera berezi bat burutzen zen, “txarri bodak” edo “puskak” deritzona. Hau da, txerria hil eta odolkiak egiteko unea. Jarduera honek gainera, halako eraginkortasun sozial bat zuen landa eremuan, baserrien arteko erlazio eta harreman sozialen sareak birdefinitzeko balio baitzuen. Eta zer zerikusi du honek baratzearekin? Bada odolkiak egiteko porrua eta oreganoa behar izaten zutela/dutela baserritarrek. Porruaz aurretik hitz egin dugunez, oreganoa hartuko dugu mintzagai. Sendabelar edo belar usaindun bezala ezagutzen da, batzuetan baita “Odolki-Belar” bezala ere. Euskal Herriko belazeetan mukuru ateratzen da,  eta udaberri eta uda partean biltzea komeni da, sorta txikiak egin eta lehortzen jartzeko. Izan ere, hezetasuna badu ez du horren usain ederrik izango. Baratzeetan ere landatu izan da, bere eragina baitauka.  Izan ere, erleak eta beste zenbait intsektu erakartzen ditu bere usainak, ondoren baratzeko eta inguruko polinizazioan lagunduko dutenak. 

INGURUNEA

Udazkena bete betean dugu. Inguruko basoetako zuhaiztiek seinale dute. Hostoak bide bazterretan, berde ilun eta marroi koloreak, ezkur eta fruitu lehorrak nonahi, eta jada piztu dituzte lehenengo baserri eta etxeetako suak.

Aurreko hilabetean udazkeneko zenbait fruituri buruz hitz egin genuen, intxaurra edota urra esaterako. Baina badira gehiago ere, hauek bezain garrantzitsuak eta historia eta kulturaz beteak. Horietako bat gaztaina da, gaztainondoak ematen duen fruitua alegia. Esaten denez, Euskal Herrian aintzina aintzinatik landatu eta erabili izan den zuhaitza da. Ugaria izan da Euskal Herriko basoetan, nahiz eta XIX.mende amaieran agertu zen izurrite batek gogor eraso zion. Gaztaina, intxaurrarekin eta urrarekin batera aintzinako gizakiaren elikagai oinarrizkoenetako bat izan da. Erromatar legioko soldaduek, bidaia luzeetan gaztainaz betetako zakutxo bat eramaten omen zuten beraiekin. Euskal Herriko baserrietan ere ez da falta izan; gaztaina errea, gaztainaren irina, gaztaina purea, egosita… Zenbait dioenez, baserri inguruetan neguari etorrera gaztainak janez ematen omen zitzaion. Fruituazgain, gaztaiondoak berak ere baditu erabilera ezerdinak. Adibidez, bere hostoa, arnas aparatuko gaixotasun ezberdinentzako sendabelar bezala erabili izan da. Eta zura berriz eraikuntzan asko erabili izan da: altzariak egiteko, sagardo kupelak egiteko, erreminta ezberdinen kirtenak egiteko…

Gaztiñak Igartubeiti aurrean

Bada Igartubeiti inguruan beste fruitu eder bat, askotan jaramon handirik egiten ez dioguna, aspaldidanik ez baita gizakiarentzako elikagaia izan. Baina hala eta guztiz ere misterioz betetako fruitua da, eta berau ematen duen zuhaitza zer esanik ez. Ezkurraz eta haritzaz ari gara. Hostoak erortzearekin batera, harizti inguruetan ezkur andana ikusiko ditugu lurrean. Igartubeitiko inguruak gaztaina eta ezkurrez josita ditgu oraintxe. Batzuek esaten dute, ezkur ugari izatea aberastasunaren seinale dela. Aurten ezkur ugariko urtea izaten ari da, eta esaerak dioenez “ezkur urte elur urte”... Kontuak kontu, fruitu hau gaztaina, urra edota intxaurraren pare izan da. Gizakiak berak, elikagai bezala erabili izan du, esaterako ezkur irina. Hala ere, gehien bat abereentzako bazka izan da, batez ere txerrientzako. Eta zer esanik ez haritzaren garrantziaz. Batetik sinbolismo eta esanahi handiko zuhaitza dugu euskal kulturan, eta bestetik eraikuntzan izugarrizkoa garrantzia izan du haritzaren zurak. Esaterako, Igartubeiti baserria eraikitzeko ia 200 haritz inguru erabili zituzten, eta euskal baleontziak eraikitzeko ere haritzaren zura erabili izan da historian zehar.

 

Ezkurrak hosto artean nahastuta Igartubeiti inguruan

Amaitzeko, zuhaitz eta egurrari gagozkiolarik, ezin aipatu gabe utzi, sasoi honetatik aurrera, baserri inguru eta landa eremuetan tximinia usainak beteko dituela gure bazterrak, neguko paisaia sortuz. Baserri eta etxe bazterretan su-egur pila ugari daude jada prest, garai batean basoetako ikazkin zaharrek txondorrak egiten zituzten gisan.

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan.

  • Lurra lehorra badago, kendutako  zenbait belar txar bertan utzi lurra goxatzeko eta hezetzeko.

  • Hego haize zakarreko egunetan baratzeko barazkiak babestu.

  • Adi ibili lehenengo hotz eta izotzaldiei. Landareak estalkiren batekin tapatzea komeni da.

  • Tomateak azkenetan egongo dira. Oraindik alerik baldin badute txapelmoduko bat egin hezetasun eta hotzetik babesteko.

  • Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lohortzen utzi.

  • Neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa...

  • Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da, beldurrik gabe gainera.

  • Ongarri berdea ereiteko garaia (oloa, zekalea…)

  • Azpitarako garoa biltzeko garaia da.

  • Negurako ganaduarentzako bazka bezala zenbait zuhaitzen aldaxkekin sortak egin, esaterako lizarrarekin.

  • Hurritzari adarrak mozteko azken sasoian gaude. Ilgoran baldin bada hobe.

  • Hosto iraunkorra duten zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko sasoia da

  • Su-egurretarako zuhaitz zehatzak mozteko azken txanpa, esaterako pagoa.

  • Usaindun loreak, sukalderako, sendabelarrak... biltzeko garaia amaitzear da, beraz orain biltzea komeni da.