Jose Zufiaurre joan zaigu

2026/11/16
Etnografo ikertzailea izan zen, Etniker Gipuzkoa taldeko idazkaria, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko nahiz Eusko Ikaskuntzako kidea

Jose askotan etorri zen Igartubeiti baserrira bere ikerketa lanak ekartzera baita bere ezagunekin bisitan.

Bere aitari, baserritarrei eta artzainei galderak eginez bildutako informazioarekin hasi zen etnografia ikerketan. Jose Migel Barandiaranengana jo zuen aholku eske, eta hark, argibideak emateaz gainera, hauxe esan zion: «Gizonak herriarengandik jasotzen duena ezin du beretzat gorde. Hori landu eta herriari itzuli behar dio». Horrek bultzatuta ekin zion Josetxok bere etnografo ibilbide emankorrari. Geroztik argitaratuak ditu bederatzi liburu eta 60 bat artikulu.

On Jose Migel Barandiaranekin harreman sendoa izan zuen, eta hark sortutako Etniker taldean hasi zen berehala lanean; Gipuzkoako lan taldearen arduraduna izatera iritsi zen. Hainbat ikerketa eta lan egin zituen, eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoan ere parte-hartze zuzena izan zuen. Besteak beste, Beasaini buruzko monografia etnografikoa (1998) liburua idatzi zuen: hogei urteko lana, on Jose Migelek hogeita bost urte lehenago hain zuhur eta maisuki proposaturiko galdeketari jarraituz Gipuzkoan egindako aurreneko monografia.

Bere lan emankorrari buruzko informazio gehiago. 

Eskerrik asko, Jose, zu bezalako ikertzaileen lanik gabe, galtzeko arriskuan leudekeen eguneroko bizitzako hainbat alderdiri buruzko ezagutzak gordetzeko egin duzun guztiagatik.

Izan dezazula lurra arin.