Lihoa

2021/07/06
Igartubeitiko baratzean ikusgai dago lihoa. Urteetan ahanzturan gelditu den arren, berriro ere ezagutzen hasia da. Historikoki landa eremuko emakumeen artean garrantzi izugarria izan duen landarea da eta gaur egun karga sinboliko handia izaten jarraitzen du

Lihoa, Kaukaso aldetik etorri zen Euskal Herrira, zehazki noiz argi ez dagoen arren, neolitoaren iritsierarekin batera izan daitekeela esan liteke. Lihoaren laborantza oso garrantzitsua izan da bai mundu osoan eta baita Euskal Herrian. Oihalgintza eta ehungintzarako erabili izan den landarea da eta baserrietan eta gure paisaia kulturalean oraindik orain geratzen da landare honen eta bere historiaren arrastorik.

Lihoa Igartubeitiko baratzean

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Landare honek ordea lan eta buruhauste ugari zekartzan, eta batez ere emakumearentzako, bera bakarrik baitzen lihogintzan jarduten zuena. Lehenik eta behin luberria egin behar zen, lehen aldiz lantzen den lurra gustatzen baitzitzaion lihoari, edo bestalde ongi ongarritu behar izaten zen lurra.

Ondoren liho hazia ereiteko lanei ekin behar zaie. Hau udara amaiera eta udazkenean, batez ere irail amaieran egin daiteke (San Lino egunean, irailaren 23n) edota martxoan ere egin daiteke. Irailean ereindakoa ekainerako loretan eta jasotzeko moduan izango gara. Martxokoa berriz uztaila erditik aurrera jaso beharko da.

Udaberrian barneratuta, maiatzetik aurrera lihoa sendo agertzen da gure soroetan, eta halaxe da Igartubeitiren kasuan ere, kolore urdin ederreko loretxo bat atera zaio eguzki eta giro goxoak hasi orduko. Lihoaren lorea goizeko eguzkiarekin zabaldu eta ilunabarrean berriro bildu egiten omen da. Honela pare bat astez eta ondoren lorea galtzen du.

Ekaina amaieran eta uztaila erdi aldera, lihoa onduta legoke, gariaren antzera ori kolorearekin, eta horrek esan nahi du biltzen asteko moduan gaudela. Lihoa biltzeko garaian ordea, ez zen igitaiarekin mozten ez, eskuz atera behar zen sustrai eta guzti. Lurra kentzeko astindu eta soroan bertan zabaltzen zen, euriak garbitu eta samurtu zezan. Ondoren liho sortak egiten ziren lokarri batekin lotuz. 10 sortatxok “liho bala” edo “liho azao” bat osatzen zuten, eta 10 azao edo balek berriz liho karga bat osatzen zuten. Lihoa egondako soroak ondoren artoa ereiteko erabiltzen ziren. Igartubeitin lihoaren uzta jasotzen dugunean ganbarako lehortegian zintzilikatzen dugu lehortu dadin.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Baina, lanak hasi bakarrik egin ditugu oraindik. Ondoren lihoa hainbat astez ganbarako teilatupean lehortzen jarri behar zen, eta haziak kendu eta gorde berriro ereiteko. Hazia kentzeko garrama edo karrama deritzon orrazia erabiltzen zen, edota eskuz eta mazotxo batekin ere egiten zen.

Eta eskulanetan gogorrena, lihoa lehortu ondoren etorriko zen, udazken eta negu sasoietan alegia: landaretik haria egin eta irutea. Lehenik eta behin liho sorta guztiak errekara edo “liñoputzuetara” eramaten ziren beratzera. Ur hotzeko putzuak behar omen ziren. Gaur egun badira oraindik ere “liñaputzu” bezala ezagutzen diren lekuak. Baina honek bazuen bere eragina paisaian edo ingurunean, izan ere lihoaren azala ustelduz zihoan heinean tinta koloreko zikina usaintsu bat isurtzen zuen, pozoitsua zena. Horregatik langintza honetarako putzu zehatzak egokitu ziren, pozoia ibai eta erreketara isurtzea eragozteko. Gutxienez 8 egunez eduki behar zen putzuetan beratzen, eta landarea gogorra bazegoen baita 20 egunez ere. Nahikoa beratu ondoren putzuetatik atera eta soroan zabaltzen ziren lehortzeko eta bere azala usteldu eta kentzeko.

Liho lehor sorta

 

 

 

 

Lehortutako lihoa berriro sortatxotan bildu eta “linharri” gainean ezarri ondoren mazoekin lihoa jotzen hasi behar zen landarearen zurtoina xehatzeko. Jotzaile bakarrak denbora gehiago behar zuen eta beraz lagun arteko lana izaten zen “liño-jotzea”. Hiruren artean egiten zenean “hiru soinuko lana” bezala ezagutzen zen. Honen ostean lihoa gehiago xehatu eta birrintzeko tranga edo garba izeneko egurrezko lanabesa erabiltzen zen, guraizearen funtzioa eginez landarea kolpatzeko. Langintza honek lihoaren barneko harigaia ateratzen zuen eta bigunduta uzten zuen, haria egiteko moduan. Lan hau iluntze eta gauetan egiten zen eta dena amaitu ostean “sorgin-afaria” edo “liño-afaria” delakoa egiten zuten. Lanak aurreraturik ere oraindik bazegoen zeregi ugari, esaterako “lihoa orraztu” edo “txarrantxatu” behar zen, txarrantxan (burdinezko hiltzezko orrazi handietan). Hau da harigaia ongi prestatu azal zati denak kenduz. Mota ezberdinak bereizten zituzten kalitatearen eta luzeraren arabera:

  • Amukoa (finena eta luzeena)
  • Muiloa (txarrantxa ertzean geratzen ziren liho ondarrak)
  • Mukarra (txarrantxaren hiltzeetan eta lurrean geratzen ziren zatiak, kalitate gutxiagoko haria egiteko).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eta honenbestez, harigaiak prestatuta azken lanetan sartuko ginateke: iruten edo haria egiten. Horretarako gorua eta ardatza erabiltzen ziren. Gorua egurrezko haga edo makilatxo bat da gainaldean biribilgune bat duelarik liho mataza jartzeko eta mutur bat ardatzean lotzen da (egurrezko ziba moduko bat), eta honi ahalik eta azkarren birak emanez haria egiten da. Ardatzera ongi itsatsi zedin lihoa listuarekin busti behar izaten zuten. Listu asko behar zutenez sagar mikatzak jaten zituzten emakumeek. Langintza hau gaueko lana izaten zen eta emakumeak baserri jakinetan elkartzen ziren harilkatu eta liho matazak egiteko.

Lihoaren historiarekin amaitzeko, aipatu behar da esku-lan izugarri bat izateaz gain, testuinguru sozial eta ekonomiko baten baitan garatu zen errealitate bat izan zela. Erdi Arotik hasi eta XX. mendean barneratu arte, lihogintzak Euskal Herriko nekazal eremuko errealitatean garrantzi handia izateaz gain, emakumea erdigunean zegoelarik, marko global batean ere izugarrizko eragina izan zuen, horren adibide lirateke Portugalekin izandako harreman eta buruhausteak, emakumeen matxinadak liho haziaren kalitate eskasa zela eta edota Gaztelan hain ospe handia zuten “beatilak”.

Informazio gehiago. 

 

Lihoa

Liho lehor sorta