Martxoa: udaberriari ate joka

2021/03/05
“Martxoaren erdin gaua eta eguna berdin” dio esaera zaharrak, eta ohartuko zinen jada baduela bai arrazoia. Eguna eta gaua berdintzen hasten dira martxo erdi aldera. Argitasun honi esker, lurrak eguzki izpi gehiago jasotzen ditu eta honek lurra epeltzen hastea ahalbidetzen du. Honela, inguruan aldaketak izango ditugu; loreak eta kimuak jaiotzen hasi eta gure paisaia koloreztatuko dute. Modu berean, usainek eta txorien kantuek ere indar gehiago hartuko dute.

Lan orduak luzatu zaizkigu eta badugu zeregina. Lehendabizi, neguko azken uztak bilduko ditugu. Udako baratzea landatu baino lehen, uzten planifikazioa egiteko ere garai aproposa da: non jarriko ditugun landare ezberdinak, nola eginen dugun uzten errotazio egokia egiteko... Kalkulatu beharko dugu zenbat landare jarriko dugun (gure beharren eta baratzean daukagun lekuaren arabera). Planifikazio horrek, haziak ugaldu nahi baditugu, garrantzi handia hartzen du: barietate ezberdinen artean gutxieneko distantziak mantentzeko, landare kopuru minimo bat endogamian ez erortzeko, barietate originalaren erreprodukzioa bultzatzeko...

Behin planifikazio hau modu egokian eginda, has gaitezke udako uztari begirako jardunak egiten. Hasteko, patata erein dezakegu, baita ere kalabaza, kalabazina, piperrak eta tomateak, berenjena, porruak... nahiz eta agian batzuetan berandu izan daitekeen azken hauentzat. Bestalde, landatu ditzakegu tipulina, tipula, kukulua eta erremolatxa.

Erremolatxak ura eta giro freskoa atsegin du. Lurra apur bat epeltzen hasi denez, orain da garaia ereiteko eta bi hilabetetan biltzeko moduan egongo dira. Hala ere, kontuz ez zahartzearekin ezen, bestela, mamia zakartu egiten baitzaie. Beterraba edo erremolatxa ez da oso zorrotza lurzoruaren mantenugaiekin; horri esker, lehenago beste barazki batzuk landatu diren lurretan jar daiteke. Haatik, oso sentikorra da hotzaren eta izozteen aurrean

Erremolatxak jatorria Ipar Afrikan du; izatez landare basatiak ziren, eta hauen kultiboa C.a.ko II. mendean hasi zen. Eta apurka bi landare sortu ziren, alde batetik ziazerba, hosto ederrekoa, eta bestetik erremolatxa, sustrai potolo eta mamitsukoa.

Garai batean, erremolatxaren hostoak soilik jaten ziren eta gaur egun jaten duguna, hau da, sustraia, botika gisa erabiltzen zen, hain zuzen hotz eta buruko minarentzako. Baina noiz hasi zen gizakia sustraia jaten? Dirudienez, erromatarrak hasi ziren, baina Espainiako eta Frantziako dietan ez zen XV. mendera arte sartu. Eta Alemania eta Ingalaterran aldiz, mende bat beranduago sartu zen. XVIII. mendean zientzialari aleman batek aurkikuntza handia egin zuen: erremolatxatik azukrea lor zitekeen. Eta honela, XIX. mendean hasi zen bide honetatik komertzializazioa.

Hiru erremolatxa talde bereizten dira beraz: bazka erremolatxak, azukre erremolatxak eta baratze erremolatxak. Azken hauek dira gure baratzean ereiten ditugunak. Erremolatxa gorria da ezagunena, baina kolore ugaritako barietateak daude: zuriak, horiak,... Erremolatxa ere kolorea emateko tintagai natural gisa erabili daiteke. Betazianina eta betaxantina dira kolorea ematen dioten pigmentuak.

Udaberria aldaketaren sinonimo da, eta maiz gure ohiturak moldatzeko garai bezala ikusten dugu. Baratze batekin hasi nahi badugu, udaberria momentu ona izan daiteke hasteko. Batetik, eguraldia hobetzen denez, gogotsuago hartuko dugulako, eta bestetik, usaindunekin esperimentatzen has gaitezkeelako. Ez dute lan handiegirik baina zaintza behar dute eta iniziatiba hartzen hasteko modu ona izan daiteke usaindunen baratzetxoa eginez. Hauek martxoan hasi eta apiril bitartean erein ditzakegu, eta landaketak egin nahi baditu lasai, maiatzera arte badugu eta astia. Kontuz ibili behar da oraindik ere hotzak kalteak egin baititzake. Erein ditzakegunen artean daude, albahaka, kalendula, eneldoa, menda, erromeroa, tomilloa eta kamomila, besteak beste.

Kalendula esaterako, zikatrizante ona da, baita ere hilekoa duten pertsonentzako gomendagarria ere, erregulatzen eta mina baretzen laguntzen omen du. Ez da toxikoa, baina diotenez ez da komeni haurdun dauden emakumeek hartzea. Beste izar bat ere badugu: kamomila. Agian ezagunena zaiguna da, tripako mina arintzeko bikaina da eta! Baita ere konjuntibitisa eta zauriak garbitzeko ere. Gainera, ez dauka inongo kontraindikaziorik.

Martxoa: udaberriari ate joka

Igartubeitiko elorri-beltza loretan