Nathalia Heim-en erresidentzia artistikoak Urola Garaiko eta Goierriko emakumeen errealitatera murgiltzen du

2019/07/19

Azken aste honetan Nathalia Heim artista burubelarri ibili da bere proiektuari jarraipena ematen.

Alde batetik, bailarako hainbat emakume eta eragilerekin elkarrizketa ezberdinak egin ditu, landa eremuan emakume izatearen inguruan beraiek dituzten bizipenak, historiak, bitxikeriak, eta abar jasoaz. Esate baterako, Itsasoko Harzitizabal baserrikoekin elkartu da, gai hauen inguruan mintzatzeko eta aldi berean, berak zioen moduan, baserriaz eta bere jendeaz gozatzeko aukera izan du, goiz ederra igaroaz.

Honekin batera, elkarrizketa eta solasaldi hauetatik ateratzen dituen bere hausnarketa eta pertzeptzioak arlo artistikora eramaten ditu,  natur inguruneko elementuei argazkiak aterata forma eta materialtasuna emanez. Berak aipatu digunez, orain arlo estetikoa lantzen ari da, elkarrizketetatik atera diren hainbat gai abiapuntu bezala hartuz, esaterako: mendiaren eta itsasoaren presentzia hainbat emakumeen memorian, baserriko ekonomia industriako lanarekin uztartzea edota naturaren inguruko jakinduriaren galera.  

Bere proiektua burutzeko Nathaliak darabilen metodologia "landa-lanean" edo "lekuko-lanean" oinarritzen da besteak beste, informazioa biltzeko eta elkarrizketak egiteko. Baina "lan formala" egiteaz gain, landa lanak bailara eta bertako herri eta hiriak ezagutzeko abagunea ere ematen du, eta halaxe ibili da Nathalia Heim artista, Tolosako azoka eta erromeriak ezagutzen, hau ere bailara ezagutzeko beste modu bat baita.