Sagardo Astea urriaren 8tik 18ra
Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea ospatuko du urriaren 8tik 18ra. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusi ahal izango den urteko aukera bakarra da. Antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak eta urriaren 11ean eta 18an Legazpiko Fabrikara bisita gidatua eskainiko da gazteleraz arratsaldeko 17:00etan.
Museoak iraunkortasunarekin duen konpromisoarekin jarraituz, prentsatutako sagar guztia Ezkio-Itsasokoa da.
Hitzordu honetan, duela mendeetako jarduera honen lekuko izan zaitezke, dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusiz.
Prentsaketak erritmoarekin eta erakusketak
Urriak 11, 12 eta 18ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da.
Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez Igartubeiti baserria ezagutzeko aukera eskaintzen du. Urriaren 11, 12 eta 18an, antzespenak izango dira, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarretak, aktore tolosarrak, Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa antzestuko du.
Egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen bazarete, bi erakusketa ikusteko aukera izango duzue. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino.
Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura-tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua, iruditeria kolektiboan sakonki eraginez.
"Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua" erakusketa Galbahe beka-ren lehen edizioari esker garatutako sei hilabeteko ikerketaren emaitza da. Baserrian kokatua, erakusketak aztertzen du erleen, heriotzaren eta errituen arteko harremana, eskulturak, proiekzioak eta inpresioak artikulatuz ondare etnografikoa berreraikitzen dutenak. Keinu arkeologikoa baino gehiago, proposamenak mito eta praktika sinbolikoak orainera hurbiltzen ditu. "Nagusia hil da", non naturala eta eraikia elkar lotzen duten.
Sagarra jarduera honetako protagonista izango da. Sagardo Astean, Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere izango da.
Informazioa:
Plaza mugatuak. Aurrez izen ematea online; 943 72 29 78 / 72 51 07; igartubeiti@gipuzkoa.eus.
Igartubeitira nola iritsi
Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1km) hau da, Ormaiztegi eta
Zumarraga artean.
Jardueren programazioa:
Igartubeitiko dolarea martxan
Urriak 8, 9,10, 13, 14, 15, 16 eta 17
11:30etan
Igartubeitiko dolarea martxan Kirikoketa erritmora
Urriak 11, 12 eta 18
12:00etan
Antzespenak baserrian
Urriak 11, 12 eta 18
11:15
Urriaren 11ean eta 18an
17:00
Legazpiko fabrikara bisita, gazteleraz