Sagarrandoen zaintzaz

2021/02/24

Ingurura begira jartzen bagara, aurreko hilabetean hasitako lanekin jarrai dezakegu. Hostoa galtzen duten zuhaitzak eta fruitu arbolak landatzen jarraitu, otsailean izardia nahiko geldirik izaten dute gehienek eta horregatik da momentu egokia. Baina kontuz ibili behar da lur oso bustiekin, aire poltsak egin daitezke landaketan eta horrek landarea kaltetu dezake. Inausketa egiteko unea ere bada, eta Igartubeitin bertako sagarrandoak kimatzeko aprobetxatuko dugu sasoi hau. Kimaketak zertarako dira onak? Zuhaitza gaztetzeko, forma emateko, osasuntsu egon eta frondositate egokia izateko. Aldi berean, adar gaixo, idor eta okerrak kentzeko aprobetxatu eta loraldia eta fruituak ekidin edo bultzatu ditzakegu.

Inausketa egiterakoan kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da sagarrondoak gaixotasunik duen ikustea. Itxura txarra duen adar bat aurkitzen badugu, sagarrondoen zurtoinari eragin ohi dion onddo baten erruz izan daiteke. Onddo hau txankro deitzen da. Bakterio hori kimuaren azalean agertzen da, eta sagarrondoaren izerdi zirkulazioa saihesten du. Beraz, afekzio hori zurtoinean ikusten dugunean, inausi eta deuseztatzea komeni da. Garrantzitsua da inausi ditugun kimu horiek erretzea, onddoa erreproduzitu ez dadin.

Txertaketak ere egin ditzakegu sagarrondoetan. Patxaka gure lurretan garatu zen sagarrondo basatia da. Nahiz eta bere sagarrak ez diren sagardoa egiteko edo jateko erabiltzen, landarea bera oso erabilgarria da. Oso zuhaitz gogorrak dira, zain sendo eta gogorrekoak eta mentuoin gisa erabiltzen da, hau da, txertoa jartzeko landare gisa. Txertatzen den mentua ondoren sagarrak emango dizkigun landarearena izango da. Eta honekin zer lortzen da? Bada, patxakak duen indarrarekin eta txertatu dugun sagar barietatearekin osatu dugun zuhaitz osasuntsu eta indartsu honek, gaitzei aurre hobe egingo die, eta emango dituzten sagarrak ere ederrak izango dira, ezen patxakak dituen sustrai indartsuek hobe xurgatzen baitituzte lurreko mineralak.

 

Sagarrandoen zaintzaz

Sagarrondoen egoera aztertu behar da. Kontuz txankro izeneko onddoarekin, Gipuzkoa aldean eragin handia baitu.