San Anton eguna

2024/01/17
Urtarrilak 17an San Anton eguna ospatzen da, hots, animalien patroiaren eguna. San Antonio, San Antonio Abadea edota Urtarrileko San Antonio izenez ere ezaguna, animalien osasun, ongizate eta fertilitatearen babesle nagusia da

Garai batean, etxe-abereak, eta, zehazki, behi-aziendak, aberastasunaren sinbolotzat hartzen ziren eta baserriaren kategoria adierazten zuten. Euskaraz aberatsa eta aberastasuna hitzei erreparatzen badiegu, abere terminotik datozela ikusiko dugu, modu honetan azienden balore ekonomikoa erakutsiz.

Esan daiteke etxe-abereak, hau da, baserritarrek zuzeneko eta etengabeko harremana zuten animaliak, etxeko suaren parte zirela: izen propioak jasotzen zituzten, adeitasunez hitz egiten zitzaien, keinu eta laztan atseginez, eta normala zen haien osasunaz arduratzea. Haienganako zaintza eta ardura horrek ia familiako beste kide bihurtzen zituzten.

Hala ere, eta orokortzeak ekidite aldera, erabilitako hizkera eta animaliak tratatzeko modua aldatu egiten ziren animalia-motaren arabera, animalia zaharra edota gaztea zen kontutan izanda, harekin lan egiten zuen pertsonaren arabera eta animaliak egin behar zuen lanaren intentsitatearen arabera. Hasiera batean, hitzen bidezko aginduak ematen zitzaizkien, baina desobedientzia erakutsiz gero, makila erabiltzen zen beti.

Egun honetan, ordea, etxeko animaliak modu berezian zaintzen ziren: jai ematen zitzaien (azienda bakar batek ere ez zuen lanik egiten) eta aske uzten zituzten lasai bazka zezaten. Urtean zehar euren babesa eta osasun ona bermatuko zuten errituak ere egiten ziren, besteak beste, suak eta bedeinkazioak.

Ohikoa zen su txikiak egitea edo aldez aurretik bedeinkatutako adarrak erretzea (olibondozkoak edo erramuzkoak normalean) eta ganadua txingarren gainetik pasaraztea. Suaren gurtzarekin eta animalien babesarekin lotutako praktika aurrekristauekin erlazionaturik, sua elementu garbitzaile gisa erabiltzen zen horrelakoetan.

Beste praktika batek ganadua elizaren edo ermitaren aurrean biltzean eta hura hainbat aldiz inguratzean zetzan. Meza amaitu ondoren, apaiza atera eta ur bedeinkatuaz bedeinkatzen zuen han bildutako ganadua, baita handik hurbil zeuden ukuiluak ere.

Era berean, San Antonen irudiaren aurrean abereei jaten emango zitzaien alea bedeinkatzen zen, eta herri batzuetan ogi bedeinkatua ere ematen zitzaien. San Antonen gurutze eta estanpak ere bedeinkatzen ziren, ondoren ukuiluetako ateetan jartzen zirenak, eta baita barruan ere, zutoinetan edo asken ondoan. San Antoni egiten zitzaizkion promesak eta eskaintzak ere ez ziren falta, hala nola mezak eta limosnak.

Erritu eta sinesmen horiek guztiek animaliak gizarteratzeko joera erakusten dute, gizakion bizitzaren partaide eginez eta nolabait animaliak “humanizatuz”. Gizakiei zegozkien praktikak etxeko animaliei ere aplikatzen zitzaizkien egun berezi horretan, zeregin aktiboa ematen zitzaien normalean gizakiei mugaturik zeuden espazioetan (esparru sakratuetan, esaterako), eta, oro har, esan genezake komunitatean inplikatzen zirela.


Bibliografia:

  • Etniker Euskalerria. (2000). Ganadería y pastoreo en Vasconia. Bilbo: Labayru Fundazioa.
  • Santana, A. (1993). Baserria. Bertan. 4. zk.
  • Velasco Maíllo, H. M. (2009). Naturaleza y cultura en los rituales de San Antonio. Revista de Dialectología y Tradiciones Populares. 64. bolumena. 1. zk. 237-276 orr.
  • Zabala, P. (2019). Natura labur mintzo. Egunez egun, sasoien gurpilean. Irun: Alberdania.