San Blas eta Kandelari egunak

2012/02/03 Ohiturak
Otsailak 3an ospatzen da San Blas eguna eta herri askotan mantentzen da bedeinkazio bereziak egiteko ohiturak. Bezperan, berriz, Kandelari eguna.

Elizara opilak, erroskilak eta kolore desberdinetako hari berezi batzuk eramaten dira, sanblasari izenez ezagutzen direnak. Apaizak bedeinkatu eta gero hariak eta jateko gauzek indarra omen dute eztarriko minak eta gaixotasunak aldentzeko.

Eztarriko minaren aurkako zaindaria da beraz, San Blas. Sanblasariak bederatzi egun pasa eta gero erre egin behar dira gaitzarekin amaitzeko.

Juan Garnendia Larrañagak Neguko festak izeneko argitalpenean adierazten duenez, San Blas egunez Errenteriako, Hernaniko, Urnietako, Asteasuko baserritarrek elizatxora eramaten omen zituzten opari modura zerrimihiak. Oparia zerria hiltzen zuen baserriak egiten zuen.

Garai batean, Aiako Altzola auzoan, San Blas egunean baserri bakoitzak zituen ganadu buru adina artaburu bedeinkatzen zituela eta ondoren, gaisotasunak uxatzeko aziendei artaburu bana ematen ziotela ere azaltzen du Garmendiak.

San Blas bezperan, berriz, Kandelari eguna, kandela eta argizariak bedeinkatzeko eguna.

  • Ekaitz egunetan pizten zen kandela bedeinkatua etxea eta bertan bizi zirenak babesteko.
  • Familiako norbaitek gaisotasun larria zuenean ere pizten zen kandela bedeinkatua sendatzen laguntzeko.
  • Kandela kiribildu bedeinkatua piztu eta adarretan jartzen zen jo edo eraso zitzakeen edozein sorginkeri edo gaisotasunetatik babesteko


Kandelari hotza, neguaren bihotza.
Kandelari bero, negua da gero.

Egun hauetan dugun eguraldia kontutan izanik, esaera zahar hauek erabat asmatu dutela esan dezakegu.

Argizaiolak elizan

Iturria: Euskonews