San Martin Eguna

2011/11/11 Ohiturak
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna ospatzen dugu. Antzina egun honetan Euskal Herriko baserrietan gauzatzen zen Txerriboda edo txerri hilketa.

Garai batean baserri guztietan hazten zuten txerria San Martin egunean hiltzeko, gaur egun berriz ohitura hau tamalez galtzen ari da.

Animali honek, txerriak eskaintzen zituen negurako odolkiak, txoixoak, urdaia eta abar. Txerriaren pisua 10-12 arrobetakoa (arroba batek 12 kilo t'erdi) izaten zen, 120-160 kilo guztira, behin garbitu eta gero.

Ilargiari dagokionez, ilbeheran hiltzea komeni da, hobe lehor dadin, haragia gogortuz.

Txerria egurrezko mahai batean kokatzen da, 3 edo 4 gizonek heltzen dute eta emakumeak odolari bueltak ematen dizkio odola gatzatu ez dadin.  

Ondoren, txerria astebete lehenago bildutako garo lehorrarekin erre egiten da urdaiari zapore berezia ematen diolako. Teila zati batekin zarrastatu egiten da, ura botaz, ilea kenduz, berriro ere txerria txurituz.

Txerriaren barruak garbitu ahal izateko zintzilikatu egiten da andailuan. Ohitura izaten zen, lehendabizi gibela atera eta sukaldatu ondoren, hamarretako gisa jatea. Gauean, berriz, herak eta gantzak jaten ziren.

Txerria hil eta hurrengo goizean zatikatzea komeni da. 

Txoixoak txerria hil eta laugarren edo bostgarren egunean egiten dira eta 20 bat egun uzten dira lehortzen, garai batean, godaletetan.

Euskal Kantutegian topatutako San Martin eguna aipatzen duen kanta:

"Azaroen ameka, San Martin eguna;
Auxen da okasiua izandu duguna,
Nonbait guretzat zagon guretzat fortuna,
Gartzelan pasatzeko zenbait egun ona."

Txerriaren bertuteak goraipatzen dituen bi atsotitz ere:

Txerria bakarrik dana ona.
Zerria ildako astia eta ezkondutako urtia onenak dira.

Goza dezazuela San Martin egunaz eta on egin!